2011/03/29

Afganistango irudi gogorrak

Rolling Stone aldizkariak argitaratu dituen irudiak dauzkazue hemen. Afganistango gudan AEBko zenbait soldaduk izandako jokamoldearen erakusgarri. Oso irudi gogorrak dira. 

http://www.rollingstone.com/politics/photos/the-kill-team-photos-20110327

2011/03/28

Josu Iriondo, gotzaina New Yorken




«Bronx hiltzera kondenatua zegoen»

New Yorkeko lau gotzainetako bat da. Hiriaren eta bereziki Bronx auzoaren aldaketaren testigu eta eragile izan da. Bokazioz hasitako lanak ez du etenik «erretiroa» mundu berriak eraikitzea dela uste duen legazpiar honentzat.

Garikoitz Udabe New York

Ibarretxek galdetu omen zion behin: «Eta zu nongoa sentitzen zara?». Eta Josu Iriondok erantzun: «Euskal Herrikoa». «Pixka bat hemengoa ere izango zara?», gaineratu omen zion lehendakariak. Pixka bat baino gehiago seguruenera, ez daramatza-eta alferrik 40 urtetik gora New Yorkeko Bronx auzoan. Inguru hori benetan segurtasunik gabekoa zenean iritsi zen, baina beharra duenari modu guztietara laguntzen jarraitzen du Legazpiko gotzainak. Bere agenda inprobisazioan oinarritutakoa izan arren, San Antonio Paduakoaren parrokiako etxean esandako orduan hartu gaitu.

   Legazpin jaio zinen,36ko gerran.

E 1938an jaiotakoa naizenez, beti esaten dut gerraren umea naizela. Gerran jaio nintzen eta gerren aurkakoa naiz. Izan ere, gure garapen mentalari buruz gauza asko esaten ditu horrek: nola herriak aukeratutako pertsonek gerraren bidez bakarrik konpon ditzaketen arazoak eta ez bestela. Pentsa zenbat jende hil den gerretan: Bi Mundu Gerrak, Vietnam, Irak, Afrika… Noraino iritsi gara?

G Nola gogoratzen dituzu gerra ondorena eta zure haurtzaroa?

E Oroitzapen onak ditut. Patricio Etxeberriaz gauza asko esaten ziren, baina nik uste dut beste zenbait herritan baino maila handiagoa zegoela urte haietan gurean: garai hartako pentsatzeko moduarekin, noski, baina lan kontuak oso modu familiarrean eraman ziren... Eskola ere egin zuen; ez zuen inor kanpoan utzi.

G Zailtasun handiak izan zenituzten etxean?

E Jendeak gosea pasa zuela badakigu. Guk ere bai, baina egunero jaten genuen. Horregatik, akaso, oroitzapen onak ditut. Osasuntsu hazi ginen.

G Familia?

E Zazpi anai-arreba ginen. Baina bi geratzen gara.

G Agustindarretan sartu zinen 11 urterekin.Zergatik?

E Apaiz zoragarriak izan genituen garai hartan. Don Joanez gogoratzen naiz. 33 urterekin hil zen, apendizitisarekin. Heriotza hark hunkitu egin ninduen, baina modu onean, era baketsuan. Hortik atera zen bokazioa. Batez ere misiolari joan nahi nuen. Eta uste dut egoera hark piztu zuela barruan neukan espiritu hura.

G Apaiz izan ez bazina zer izatea gustatuko zitzaizun pentsatu izan duzu inoiz?

E Bertsolari izan nahiko nukeela erantzun izan dut (kar-kar-kar). Komunikatzaile izatea gustatu izan zait. Horixe egiten dut orain ere modu batera edo bestera!

G Oñatiko seminariotik Harora,eta handik Erromara lau urterako?

E Oso urte onak egokitu zitzaizkidan. Erromara 1958ko irailean iritsi nintzen. Castendal golkora joan nintzen urriaren 5ean, eta Pio XII.aren azkeneko bedeinkapena jaso nuen. Handik lau egunera hil zen. Ordezkaezina zela uste genuen. Atzetik Joan XXIII.a etorri zen eta aste batean ezabatu egin zuen aurrekoaren itzala. Haren agintaritza ia guztian egon nintzen. Teologia gehiago zabaldu zela esango nuke. Eliza desberdin bat ikusi nuen.



G Urte batzuk pasa dira ordutik. Gauzak asko aldatu direla esango zenuke? Eliza eta gizartearen erritmoak oso desberdinak direla dirudi.

E Nik ez nuke Eliza esango. Elizaren administrazioa esan dezakezu. Baina Eliza historiaren erritmo berean doa. Elizak historia markatzen du. Erresistentzian oinarritzen delako. Erreflexiboa izan behar du. Elizak sostengatu egin behar du.

G Elizaren funtzioaz ari zara?

E Elizak eman egiten dizu. Zuk erabil dezakezu edo ez, baina eman egiten dizu. Askea zara gero nahi duzuna egiteko. Elizari entzun iezaiozu. Gero nahi duzuna egin, baina lehendabizi entzun egiozu.

G Aita Madinaren bidez etorri zineten AEBetara.

E Preziatua zen bera. Bera bezalako beste apaiz batzuk ba ote zeuden galdetu zioten. Eta berak baietz erantzun zien, baina ez zirela bera bezain onak (kar-karkar). Eta horrela etorri ginen hamalau euskaldun. Oñatin nengoen, eta proposatu zidatenean, ez nuen zalantzarik egin!

G Middletown izeneko herrira etorri zinen lehendabizi.

E Bi urte pasa nituen han. Kontraste handiko lekua zen. Erosotasun eta aberastasunaren mundua eta justu kontrakoena, pobreena bizitzea tokatu zitzaidan. Indarkeria egoera ugari bizi izan nituen, eta asko, pertsona onek sortutakoak. Prostituzio handia zegoen. Erietxe bat zabaldu behar izan genuen gaixotasun benereoak sendatzeko.

G Apaizgotik pixka bat urruntzeko erabakia garai horretan hartu zenuen?

E Bai. Une batean Elizari eserlekuetatik begiratu nahi izan nion. Kide askok utzi zuten apaizgoa, eta horrek eragina izan zuen. Gero, esan bezala, oso inguru aberatsa zen gu bizi ginen tokia, baina ni etorkinekin aritzen nintzen lanean, laborariekin. Oso egoera gogorrean bizi zen jende hura. Eta nik ez nuen ulertzen zergatik hainbeste min eta sufrimendu. Kolpe handia izan zen niretzat. Arrazoi horregatik, beste toki batetik ikusi nahi izan nuen Eliza.

G Eta zer ikusi zenuen?

E Ikusi nuena gustatu egin zitzaidan. Ikasgai on bat eman zidan bizitzak.

G 1968an Bronxera etorri zinen. Gaurkoarekin konparatuz,oso desberdina zen?

E Nire garaiko Bronx segurtasun gabeziarena zen. Garbi esanda, pobrearen aurkako konspirazioa izan zen. Neronen garaian bezala, hemen ere etxeei su ematen zieten eta erre egiten zituzten. Ez, ordea, jendeak su ematen zielako. Kontua zen jabeek ez zeukatela zergak ordaindu beharrik hiru urte pasa arte. Aurrezten zuten diru hori ez zuten ezertan inbertitzen, eta hiru urteak pasatzean, seguruetatik dirua kobratzearren su ematen zieten beren jabetzei. Konspirazio modukoa zegoen. Bronx hiltzera kondenatua zegoen.

G Gezurra dirudi, Manhattandik hain gertu egonda…

E Bronxen hegoaldea da hau, eta garrantzitsua izan beharko zukeen, baina ez zen hala izan.

G Egoera hartan zer egin zenuten?

E Alde batetik, etxeak zergatik erretzen ziren ikertzeko eskatzen hasi ginen. Bestetik, auzoa erabat suntsitua zegoenez, hemengo elizak elkartu eta etxeak eraikitzen hasi ginen. Jendeak ordain zitzakeen etxebizitzak izan ziren. Erronka izugarria izan zen.

G Etxegileak gerora etorri ziren?

E Bai, geroago. Lurra oso merkea zen eta negozioa egin zezaketela ikusi zuten. Pentsa, erreta zegoen etxebizitza bat 40 dolarretan sal zezaketen. Gero zuk berrerai-ki zenezakeen. Baina jendea ez zen erostera animatzen, oso giro txarra zegoelako auzoan.

G Bistakoa da gauzak ez direla lehen bezala,baina hainbatek beldurra dio auzoari.

E Legazpiko sei bikote etorri ziren Bronxen hegoalde honetara. Eta, egia esan, beldur pixka bat ematen zien. Nik autoa eskatuta neukan egun horietarako, eta hala esan nien: munduko zein tokitan jartzen dizuete zuei gotzaina txofer modura? Bronxen bakarrik. Beraz, ez gara hain gaizki egongo.

G Zer-nolako arazoak ditu batez ere hemengo jendeak?

E Lanerako segurtasunik ez dute askok, eta, ondorioz, diru iturri finkorik ez daukate. Etxe berean familia bat baino gehiago bizitzea dakar horrek. Ondorioz, pozik ez egotea, eta askotan biolentzia egoerak sortzen dira. Gero, osasun esparrua dago. Asko paperik gabekoak dira, eta beldur handia diote erietxera joateari. Horri gehitu iezaiozu kalean poliziak geratuko zaituen beldurra, eta zure jaioterrira joan ezina. Depresiora bultzatzen zaitu egoerak. Hala ere, esan beharra daukat jende asko dagoela horri buelta ematen diona.

G Zer egiten duzue?

E Presentzia. Komunikazioa. Sufrimendua txikiagoa da besteekin banatzen duzunean. Eta pozak bikoiztu egiten dira. Hori da ideia.

G Astebururo egiten dituzuen gogo jardunen bidez lortzen duzue hori?

E 200 lagun izaten ditugu astebururo gogo jardun horietan. Oso emaitza onak ekarri dizkigu. Jende askori on handia egiten dio. Infernua besterik ikusten ez zutenek buelta eman diote beren egoerari.

G Baina horrek ez ditu zenbait arazo konpontzen. Arlo ekonomikoan edo beste esparruetan ere laguntzen diezue?

E Arropa, janaria, botikak... halakoetarako ere bagaude. Astero 800-1.000 pertsonari laguntza ematen diegu. Urtean 40.000tik gora dira.

G Hispanoak gehienak?

E Bai, komunitate handia dago. Baina baita afrikarrei eta afroamerikarrei ere.

G Kultura desberdintasuna handia da.

E New Yorkeko elizbarrutian igandero mezak 34 hizkuntzatan ematen dira. Aberastasun izugarria da hori.

G Eliza karismatikoa da zuena,eta norberak barruan dauzkagun gauza zoragarriak erakutsi behar ditugula diozue.Nola egiten da hori?

E Deskubritu egin behar duzu zeure burua. Sorkuntza ahalmena berreskuratu behar da. Gakoa komunikazioaren mundua da eta errespetua.



G Gu gauden tokitik bost minutuz oinez ibili, trena hartu eta Wall Streeten zaude 30 minutu barru.Zer-nolako kontrastea.

E Bai, baina haiek akaso gu baino miserableagoak izango dira. Ez dakit. Diruak ez du satisfazio hori ematen. Lo zaude eta hor ari zara pentsatzen nola dagoen Londresko burtsa, edo Japoniako merkatua, Europa… Ni berandu joaten naiz ohera, baina lasai eta ondo egiten dut lo.

G Zure egun bat nolakoa izaten da?

E Ez dakit. Badaukat agenda, baina horiek gaueko hamarretatik aurrerako kontuak dira. Bestela, batekin eta bestearekin egongo naiz, gauzak lotzen, konpontzen, baina erabat inprobisatua da nire bizitza, hitzordurik gabea. Emergentzian bizi gara beti.

G Zenbat apaiz zaudete San Antonio Paduakoaren parrokian?

E Momentu honetan bi gaude. Hirugarrenaren esperoan gaude.

G Hitz egin dezagun bokazio faltaz eta konponbideez. Estatu Batuarren hamarretik sei emakumeak
apaiztearen alde daude.

E Ez dut pentsatu nahi etsita gaudelako etorri beharko duela emakumeak. Etorri behar badu, etorriko da. Ez daukat inolako arazorik. Haiek egiten dute Elizaren lana. Egia hori da.

G Apaizei ezkontzen uztea da beste aukera.

E Ezkondutakoak? Oso ondo. Baina ez pentsa arazoak izango ez ditugunik, gehiago seguruenera. Baina, nire ustez, lehendabizi kontzientziak esnatu behar ditugu, eta bide horretan beste pauso hauek eman behar baditugu, ba, ondo dago.

G Zer diozu pedofilia kasuei buruz?

E Arazoa autoritatearen gabezia da. Etxe honetara lapur mordo bat sar liteke, baina nik inor ez dela sartuko ziurtatu behar dut. Gauza bera honetan ere: Elizak pasatzen utzi zuen asko. Hori arduragabekeria izan zen. Logikoki, jakin beharra zeukaten hori gertatzen ari zela.

G Erlijio askatasunaren herrialdean, zero gunetik gertu eraiki nahi duten meskitaren inguruan ere bada nahikoa zalaparta..

E Herrialde batzuetan, musulmanekin gertatzen da; bestetan, Eliza katolikoarekin… Badirudi ez dakit zer egingo dugula, baina beldurrak eragindako gauzak dira. Zentzurik gabekoak gehienetan.

G Beste erlijio eta liderrekin harremanetan egoten zarete?

E Ez ikaragarri, baina saiatzen gara.

G Zu eta euskal gotzainen artean badago harremanik?

E Ez, ez dago.

G Euskal Elizari erreparatzen diozu?

E Erreparatzen diot, baina ez dut parte hartzen. Eliza heldu bat da eta elkarrizketa izateko ahalmena duela uste dut. Nik konfiantza daukat euskal Elizan.

G Euskal Herrira,noiz? Oporretan?

E Uztaila Oñatin pasatzen dut, arrebarenean. Gero, ilobak dauzkat Kantabrian, eta han lasaiago sentitzen naiz, ez bainau hainbeste jendek ezagutzen.

G Erretiroan pentsatzen ari zara?

E 75 urterekin zertara erretiratzen zara? Ondo dago parrokia baten ardura ez izatea, gazteek beste espiritu bat dute, baina mundua ez da hor bukatzen. Norberak dituen indarrekin mundu berriak eraikitzen joan zaitezke.

G Atzerriko beste zenbait herrialdetan, esaterako, horretan ari zara. Zer egin nahian zabiltzate?

E Latinoamerikako zenbait lekutara iritsi nahi dut. Ari gara gauza batzuk egiten, eta gauzak egin litezkeela erakutsi nahi dugu. Dominikar Errepublikan, Ekuadorren, Bolivian; lan asko dago egiteko.

G Hemendik mugitzeko asmo handirik ez orduan?

E Hemen jarraituko dut, baina Hego Ameriketara begiratuz.

G Facebooken aurkituko zaitut?

E Ez naiz Facebooken oso laguna. Asko entretenitzen du, ordu asko pasa ditzakezu bertan, menpekotasuna sortzen du. Baina lan talde handi batekin aurkituko nauzu moduren batean edo bestean. Oso garrantzitsuak dira komunikazio modu berriak erabiltzea