2013/07/13

Propinak

Larrepetit, 2013-07-13




          Alde batetik bestera mugitzeko ez da batere hiri zaila New York. Bila zabiltzan lekura iristeko argibideak berehala emango dizkizu edozein hiritarrek. Eta kale izkinaren batean, erdi galduta, zeure mapa handiari begira jartzen bazara, segituan inguratuko zaizu norbait laguntza behar duzun galdetzera.

          Baina bada, jendea nahasarazten duen zerbait hiri honetan: propina emateak, eta, batez ere, eman beharrekoa kalkulatzeak, makina bat buruhauste sorrarazten die turistei. Batez ere, propina ematearen kulturarik ez dagoen lekuetatik datozenei.

          Zerbitzu bat jasotzen duzun orotan ematen da propina, baina, batez ere, jatetxe eta tabernetan.

          Propina ematea ez da erremediorik gabe bete beharreko zerbait. Ematen ez baduzu, ez zaizu Polizia etorriko eta ez zaitu atxilo eramango. Baina beti ematen da (baldin eta emandako zerbitzua ikusgarri txarra izan ez bada, noski). Propina, ordea, ez da lana ondo egin duenari ekonomikoki egiten zaion aitorpena edo ematen zaion saria. Propinak, jatetxeetako langile gehienentzat, soldataren parterik handiena izaten dira. Nagusiak orduko oso dolar gutxi ordaintzen dizkio beretzat lanean dabilen horri, eta soldata duin bat eskuratzeko ateratzen duen beste guztia propinetatik jasotzen du. Beraz, garrantzitsua da zer ematen ari garen jabetzea.

          Zenbait tokitan, kontuaren azpialdean zenbat eman dezakezun proposatzen badituzte ere, ez dizute normalean kontuan sartuko. Zeuk erabaki behar duzu zenbat utzi (ehuneko 10 eta 20ren artean ematen da).

          Salbuespenak salbuespen, ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatuko dira beti, horrek propina handiagoa ekarriko dienaren esperantzan. 

          Propinen jolas hau kultura estatubatuarraren ezaugarri da. Gustuko dute. Baina propina jasotzen duen askorentzat, jolasa baino gauza serioagoa da. Propinetatik ateratzen du bizibidea! Eta hori jende askok ez daki.

46664

Larrepetit, 2013-07-06





          Afrikan ibili da Estatu Batuetako presidentea. Eta komunikabideek erakutsi diguten irudietako bat hauxe izan da: Barack Obama bera, Nelson Mandelak guztira giltzapeturik eman zituen 27 urteetatik 18 pasa zituen Robben Islandeko kartzelako ziegako leiho txikitik kanpora begira.

          Bisitarien liburuan presidenteak zer idatzi duen ere kontatu digute: «Gure familiaren izenean, umiltasunez beterik, justiziarik ezari errenditu gabe aurre egin dioten gizon ausarten lekuan gaude».

          Mandelak eraman zuen 46664 preso zenbakia gogoan, emazte Michele eta bi alabekin egin du bisitaldia Obamak ziegara, eta han barruan umiltasunez beteta sentitu dela esan du. Ez naiz ni Mandelak hainbeste urte pasatako lau horma artean sekulan egon, baina seguru nago atetik barrura sartutakoan, eta hainbeste ordu luze han barruan pasatakoaren azalean neure burua irudikatzean, umiltasuna ez dakit, baina itolarri ederra behintzat sentituko nukeela.

          Obama umiltasunak jo du apartheid-ari aurre egin zion gizonaren tortura lekuan. Eta galdera datorkit burura: zer pentsatuko ote du umiltasun horretaz hainbeste urtetan epaiketarik gabe Guantanamon dagoen presoak?

         Sentitutako umiltasun horrek berehalako eragina behar luke: zenbait erabaki egun batetik bestera hartzen dituzten bezala, Guantanamo ixteko agindua berehala sinatzea.

          Agian, Afrikatik bueltan, Guantanamon geldialdia egin, bertako 46664 presoaren ziegara sartu, eta hango leihotik begiratu behar zuen presidenteak. Umiltasuna sentituko ote zukeen kasu horretan ere, edo beste zerbait? Urte batzuk pasa dira itxi egingo zuela agindu zuenetik.

         Justiziarik ezari errenditu gabe ausart aurre egin ziotenen aldarean jarri du miresmenez Mandela Obamak. Erabat ados.

          Baina justiziarik ezari, errenditu gabe, Guantanamon, ausart, egoera penagarrian irauten ari direnek ere leku bertsua ez ote dute merezi, presidente?