2012/01/20

Negu hotzean toki bila

Larrepetit, 2012-01-21



          Suzanek 70 urte ditu. Hotz egiten du, eta, karakolen moduan, etxea gurpildun karrotxo gainean hartuta ibiltzea nekeza egiten zaio.

          Phil sasoikoago dago. Bizkar gaineko motxila eta eskuetan daramatzan bi zaku handi eta pisutsu dira bere ondasun bakarrak.

          Bizitzak pasarazi diena astuna da gero. Eta hori, nahita ere ezin dute sekulan kale bazterrean ahaztuta utzi. Horregatik, bientzat, hori da mugitzea gehien kostatzen zaien karga.

          Goizero, jaiki orduko, badaki non eguneko janaria eskuratu Suzanek. Hura hartuta, teknologiarik berrienak eramanda, Interneten nabigatzen dabiltzan dozenaka lagun dauden aretoan, tokia hartzen du. Plastikozko poltsetan sartutako bizitzari begirik kendu gabe, bakarrik egoten da. Noizean behin, bere memoriaren iPad-ean, zoriontsu eta goxo bizi zen garaiak ikusten ditu. Baina, gustatzen ez zaizkion oroitzapenak etortzean, ukimen bidezko pantaila baten moduan, eskuak kopetara eramaten ditu, haiek mugitu nahian bezala.

          Phil, kalean eskean jartzen da. Ondo daki, uniformedun NYPD-koak edozein momentutan azaldu litezkeela, eta etxea gainean hartuta lekuz mugitu beharko duela.

          Gaua goiz iristen da sasoi honetan New Yorkera. Eta egunaren nekeari aurre egiteko, Suzanek aterpetxean hartuko du lekua. Epelean, hotzetik babesturik. Phil-ek eskean jarraituko du, eta inork ikusten ez duenean, metro zuloan sartu, eta geltokira iritsiko den lehendabiziko tren bagoira igoko da. Eserlekua hartu, eta epelean, azken geltokira arteko bidaia egingo du. Eta berriro buelta, egunsentia iritsi arte.

          Trenak estazioetan egiten dituen geldialdiek eta burdinbidearen txirrio soinuek esnatuko dute Phil. Aldameneko ezezagunaren eztulek, edo amesgaiztoetan barneratuta dagoenaren nahigabea entzuteak, Suzane.

          Biena, tren desberdinetako bidaia bera da: etxerik gabekoena, New Yorkeko neguan.