2011/05/23

Ramin Jahanbegloo filosofoa


(Filosofo eta ekintzaile Iraniarra elkarrizketatzeko aukera izan berri dut. Benetan interesgarria Kanadan bizi den gizonarakin hitz egitea. BERRIAn argitaratu zen elkarrizketa 2011-05-21ean)
 



Ramin Jahanbegloo
Filosofoa eta giza ekintzailea

Israel herrialde arabiarretan gertatzen ari diren aldaketa guztiekin kezkatuta dagoela uste du filosofoak; hala ere, demokratizazioak bide egokian joanez gero bake negoziazioetan lagunduko duela dio.

«Ekialde Hurbil berri bat sortzeko aukera zabaltzen ari zaigu gaur egun»

Garikoitz Udabe New York

          Iranen iraultza prestatzen ari zela atxilotu eta lau hilabetez bakartuta eduki zuten Ramin Jahanbegloo (Teheran, 1956). 2006a zen, eta mundu osoko intelektual eta eragileen babesa jaso zuen filosofoak. Indarkeriarik gabeko bideak erabiltzearen aldeko apustu sendoa egin izan du beti, eta azken aldian gertatzen ari diren aldaketen ezaugarri garrantzitsuena hori dela dio. Torontoko Unibertsitateko Etikarako Zentroko bulegotik erantzun ditu galderak.

Zeintzuk dira iraultza hauen ezaugarri nagusiak?

Aginte autoritarioen kontrako eta eredu demokraten aldeko joera garbiak ikusi dira. Paradigma berrien aurrean gaude, demokrazia eta legeen estatuen aurrean. Baina ikusi dugun ezaugarri garrantzitsuena da ekintza hauek guztiak jendetsuak izan direla, indarkeriarik gabekoak, eta sare sozialak modu eraginkorrean erabiltzen jakin dutenak. Tresna berriak izan dira gizartearentzat.

Iranen 1979an izan zen iraultza islamikoarekin aldera al ditzakegu?

Ez. Iraultza hauek guztiek ez dute lider karismatikorik izan, han ez bezala; Iranen Khomeini aiatolak zuzendu zuen iraultza. Oraingoan, gainera, erlijioaren gaindiko iraultzak izan dira. Eta, azkenik, hauek belaunaldi gazteen iraultzak izan dira.

Demokrazia aldarrikatzetik haratago, mundu osoko krisiak eraginik izan al du?

Bai, noski. Langabeziarekin batera, arazo ekonomikoak dituelako atera da jendea kalera. Populazioaren %60 30 urtez azpikoa dela kontuan hartuta, teknologia berrien bidezko informazio trukea izugarria da, baina globalizazioak, aldi berean, herrialde hauetako gizarte zibilei  langabezia eta arazo ekonomikoak ekarri dizkie.

Indarkeriarik gabeko iraultzak izan direla diozu.Zer erakusten digu horrek, posible dela indarkeriarik gabe aldaketak eragitea?

Benetan sinesten dut bide ez bortxazkoak tresna garrantzitsu eta baliagarri bihurtu direla gizarte zibilarentzat. Orain arte ez zen horrela: indarkeria beharrezko elementutzat hartu izan da zenbait herrialdetan gauzak aldatzeko. Ezaugarri hau erabat aldatu da. Gazteek, intelektualek, gizarte eragileek osatu duten mugimenduak izan dira, eta aurretik inguru honetan izan diren ereduekin hautsi eta indarkeriarik gabe aldaketak eragitearen aldeko apustu egin da. Ideologiak baino indar handiagoa izan du gizarte zibilarentzat bortxarik gabeko borrokak. Eta uste dut hori dela demokrazia ezartzeko bidea.

Libia ez da orduan adibide egokia?

Ez, desberdina da. Arazorik nagusiena da ez dagoela gizarte zibil sendo bat. Eta armadak ezin izan du bete Egipton zeukan zeregina. Muammar Gaddafiren gobernuak ez dio bere gizarteari antolatzen utzi, eta ezta herrialdeko hainbat sektoretan parte hartzen utzi ere. Eta orain, gerra zibilean daude. Tunisian eta Egipton ez da hori gertatu. Sirian bertan ere gizartea ez da guda zibilean sartu aldaketak lortzerakoan.

Israel bakartuta gera daiteke estate arabiarren artean...

Israel kezkatuta dago inguru honetan gertatzen ari diren aldaketa hauekin guztiekin. Izan ere, negoziazio mahai berri bat osatu zaie, eta, gainera, kide berriekin. Egipton edo Sirian zer-nolako aldaketak izango direnari begira ari da, eta erregimen islamikoekin zer gertatuko den zain. Denbora luzez isilik egon badira ere, Shimon Peresek esana du nahiago dutela herrialde hauek demokratizatzea. Horren atzean Israelen segurtasuna dago, eta faktore hori kontuan izanda esaten dute hori. Sirian eta Egipton gertatuko dena gertutik jarraituko dute, eragin zuzena du-eta beraiengan, baina herrialdeen demokratizazioak bide egokian joanez gero, israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioetan lagunduko dutela benetan sinesten dut.

Hitz egin dezagun zure jaioterriaz. Irango presidentea nola ari da aldaketa horiek guztiak ulertzen?

Manifestazio hauek lortu dutena ikusterakoan, asko kezkatu da. Ekintza hauek gizarteko hainbat sektore, mugimendu berdea, berrindartu egin ditu, eta horrek kezkatu egiten ditu. Irango Gobernuak, gainera, arazoak izan ditzake; Siria demokratizatzen bada aliatu garrantzitsua gal dezake eta eragina galduko luke. Eta ez zaio erraza izango erregimen autoritarioari eustea.

Iranen demokrazia lortzeko aukerak ikusten dituzu orduan?

Gizarte zibila horretan ari da lanean, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Hainbatek giza eskubideak defendatzen jarraitzen dute, eta benetan sinesten dut gizarte mugimenduek etorkizuna dutela. Europako adibideak ere hor daude: Txekoslovakian eta Polonian gertatutakoa duela hamarkada batzuk. Iran berriaren hausnarketa da mugimendu berdea. Eta gobernuaren presio guztiaren aurka bere ezaugarriei eutsi behar die: indarkeriarik gabekoa izatea eta maila sozial guztietako jendea biltzea.

Irango hurrengo hauteskundeetan oposizioaren hautagaia izango zarela zabaldu izan da...

Ez naiz inoren hautagaia izango. Nire lanarekin jarraitu nahi dut, eta gizarte zibilean izaten diren mugimendu demokratikoak babesten eta laguntzen jarraituko dut. Ez nire jaioterrian bakarrik, baita beste herrialdetan ere. Uste dut gauzak ondo joanez gero Ekialde Hurbil berri bat sor dezakegula eta aukera hori ari zaigula zabaltzen gaur egun.

India eredutzat hartu izan duzu.Zergatik?

Ghandik independentzia lortzeko egin zuten bide baketsuarengatik. Eta sekularizazio eredurik egokiena izan litekeela uste dudalako, politika eta erlijioa banatzea ez litzatekeelako batere lagungarria izango Ekialde Hurbilean. Erlijioa eta espiritualtasuna bereizten baditut ere, sinesten dut espiritualtasunak izan dezakeela tokia politikan. Ekialde Hurbilak pertsona erlijioso askoko ingurua izaten jarraitzen du. Horregatik uste dut hango sekularizazio eredua dela egokia: erlijio guztiak ordezkatuta daude, elkarrekin bizi dira, eta ordezkari guztiek gizarte demokratiko bera eraikitzeko aukera berberak dituzte.

Real Democracy NYC



          Munduan barrena hainbat hiritan egin den bezala, pasaden larunbatean elkartu ziren hainbat eta hainbat Espainiar New Yorken "benetako demokrazia" eskatzera. Sol Plazan (Madrilen) abiatutako protestekin bat egin nahi izan zuten horrela New Yorken bizi diren hainbatek. 

          Ziento batetik gora lagun izango ziren Washington Square plaza ezagunean dagoen arku azpian elkartutakoak. Gehienak gazteak. Txarteletan idatzita denetariko lemak. Eta oihuak ere beste horrenbeste. Parean turista ugari, zer gertatzen ari zen jakin nahian, eta bide batez argazkiak atera eta atera. Horrela egon ziren ordubete pasatxora arte. Polizia azaldu eta protesta bertan  behera uzteko eskatu zien arte. Ordubeterako baimena omen zuten. Antolatzaileetako batek isuna ere jaso zuen. Eta hemengo poliziarekin ere batzutan broma gutxi behar izaten denez, bertan behera geratu zen protestaldia. 

          Aste honetan elkartzekoak dira antolakuntzan dabiltzanak, eta litekeena da ekintza gehiago egitea. Hona hemen larunbateko zenbait argazki.