2013/03/02

Rosa Parks

BERRIA, Larrepetit 2013-03-02



          Egunero bezala, 1955eko abenduaren lehendabiziko egun hartan, Rosa Parks izeneko emakume afroamerikar gazte hark autobusera igo eta eserlekua hartu zuen Montgomeryn, Alabaman. Autobus gidariak, ordea, altxa zedila eskatu zion, eta bere lekua utz ziezaiola arraza zuriko beste bidaiari bati. Parks andereak ezetz, uko egin zion agindu hori betetzeari, eta ez zuen eserlekua utzi.

          Jokabide horregatik, berehala atxilo eraman zuten. Baina hura aldaketa askoren hasiera izan zen. Orduan artzain bautista bat besterik ez zen Martin Luther King izeneko gizon hark gidatuta, Montgomeryko autobus publikoetaraino iritsi ziren protestak. Presio horren eraginez, bazterketak bertan behera utzi behar izan zituzten autobus publikoetan.

          Urtebete geroago, AEBetako Epaitegi Gorenak garraiobideetan arrazagatik izaten ziren bazterketak konstituzioaren aurkakoak zirela esan zuen. Zalantzarik gabe, garaipen handia izan zen hura. Baina izugarri zegoen egiteko oraindik, eta Rosa Parks bezalako gizon-emakume askok parte hartu zuten ekintzaile gisa eskubideak lortzeko bide horretan. Eta gaur egun ere, jarraitzen dute.

          Asteazkenaz geroztik, Parks anderea Kapitolioan dago. Haren estatuari begiratzean, denek gogoratu beharko lukete, duela ez hamarkada asko, gauzak oso bestelakoak zirela herrialde honetan eta azalaren kolorearen arabera banatzen zirela eskubideak.

          Barack Obama presidenteak zera esan du inaugurazio ekitaldian: «Rosa Parksen keinu sinple batek AEBak eta mundua aldatu zituen». 60 urte geroago, aldaketak eskatzen dituzten keinu sinpleak ere, munduan zehar, eta herrialde honetan ere bai, asko izaten ari dira. Baina badirudi duela hamarkada batzuk mundua eta AEBak aldatzeko zuten indarra galdu dutela. Edo gaur egun keinu sinpleak ez direla garrantzizkotzat jotzen. Bide berri eraginkorrak aurkitu beste erremediorik ez dago.