2012/02/04

Amonaren zimurrak

BERRIA, Larrepetit, 2012-02-04



          Urte luzeetan bizi izanaren ajeak agerian ditu Dorothyk. Bi hankekin bakarrik nekez ibiltzen da, eta haiei beste bi makulurekin lagundu behar izaten die batera eta bestera mugitzeko. Aurpegian daukan zimur bakoitza bizi izandako saminen eta pozen seinale da, barrukoaz gain kanpoan geratu zaion aztarna. Eta hain zuzen, hori eskarmentutzat hartuta, asteazkenero, jendaurrean jartzen da, bosgarren etorbidean, Rockefeller plaza aurrean.

          Lehendabiziko Mundu Gerran ireki zituen begiak estreinako aldiz Dorothyk. Zortzi anai-arrebako familian gazteena, bera. Bigarren Mundu Gerran, George aita galdu zuen, eta apenas ezagutu duen zer den aitarekin bizitzea.

          Txikitatik ikastea eta irakurtzea gogoko izan arren, irakasgairik gogorrenak bizitzak eman dizkio: Korearen aurkako gudan Paul senarra hil zitzaion. Orduan bere egin zuen urte batzuk lehenago amak sentitutakoa.

          Vietnamgo guda etorri zen atzetik. Bi seme joan ziren lehen lerroan borrokatzera. Biak bizirik itzuli ziren, baina bihotza eta burua betirako hautsirik. Austin iloba, zerraldoan bueltatu zioten Dorothyren ahizpa Kathlen-i.

          Belaunaldi berriak jaio dira geroztik. 12 biloba ditu amonak. Baina bai eta gerra berriak ere: Irak eta Afganistanen familiako gazteenak galtzeaz kezkatuta, gerra denentzat sufrimendua besterik ez dela ondo jabetuta, gerra berriak hasteko Bush-en argudioak zentzurik gabekoak irudituta, kalera atera eta oihu egitea erabaki zuen.

          Gerraren aurkako amonak dira. Tropak etxeratzeko Obamaren erabakiarekin pozik daudenak, baina han dauden soldadu guztiak bueltatu arte bakerik emango ez dutenak. Asteazkenero, hutsik egin gabe, hotz ala bero, bizi izandakoa kontatzeko prest dira. Eskarmentuaren zimurrak dituenari entzutea bezalakorik ez! Eta zimurrak AEBetan, Iraken , Afganistanen eta Sirian, beti zimur. Denak zimur.