2012/05/19

Delfinak, atunak eta marrazoak

BERRIA, Larrepetit, 2012-05-19



          Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko borroka ez da lur lehorreko pasabidekoa bakarrik. Itsasoko ur sakonetan ere izan da tirabirarik azkeneko 20 urteetan. Eta bi herrialdeak busti dituen neurria ur epeletako atunaren harrapaketatik dator.

          Duela 20 urte, mobilizazio ekologista handi eta garrantzitsu bat egon zen AEBetan: atunaren harrapaketan sarean kateaturik geratzen ziren delfinak babesteko eskatu zuen mugimendu berdeak. Ondorioa honako hau izan zen: itsasontzietan ikuskatzaileek joan behar dute, eta arrantzarako hainbat sare debekatuta daude. Hori horrela betetzen duenak, delfinak salbu utzita arrantzatutako atuna dela bermatzen duen dolphin safe zigilua lortzen du. Atun latetan argi eta garbi irakur liteke.

          Hainbat herrialderen artean, Mexiko izan da urte hauetan guztietan berak harrapatutakoa AEBetara esportatu ezin izan duena. Besteak beste, bere atuna arrantzatzeko moduak delfinak kontuan hartzen ez dituelako. 426 milioi dolarren balioa zuten 131 mila tona atun ekoitzi zituen Mexikok 2010ean, eta horietatik 5.500 tona kanpora saldu. Diru kopuru handiegia ezer egin gabe geratzeko.

          2008an Mexikoko Gobernuak Kontsumorako Munduko Erakundean salaketa jarri zuen, eta orain etorri da sententzia: AEBek, ekologia babesteko aitzakiarekin, bidegabeak diren mugak jarri dizkie Mexikoko eta beste hainbat herrialdetako enpresei. Ondorioz, ezingo dituzte dolphin safe etiketa eramatera behartu.

          Beti bezala, kontsumitzaileon esku egongo da zer erosten dugun ondo irakurtzea. Baina presakako bizimodu honetan, nago, gehiengo handi batek ez duela horretarako denborarik hartuko.

          Ur epeletan delfina babestea lortu zuten ekologistek. Baina jakina da dolarren itsaso zabala marrazoz beteta dagoela. Eta marrazoa, bizirik irauteko, erasotzeko beti prest. Horregatik da marrazo.