2012/03/31

Obamaren Brokolia

BERRIA, Larrepetit, 2012-03-31



          Goxoa da. Eta, gainera, osasuntsua. Jateko barazki gomendagarrienetako bat omen da brokolia. Hori esan digute, behintzat, azkeneko urteetan. Eta ni sinistuta nago.

          Nonbait, Antonin Scalia, Auzitegi Goreneko epailea, ere bai. Horregatik, Obamaren osasun erreformaren alderik garrantzitsuena eta eztabaidagarriena herritarrak brokolia jatera behartzearekin konparatu berri du. Herritarrak zerbait erostera behartzea ez baita zilegi, epailearen ustez.

          Obamak aseguru medikua derrigorrezkoa izatea nahi du. Eta halakorik kontratatzen ez duenak isun ekonomikoa jasoko luke. Horrela, aseguru etxeek ezingo liokete zerbitzurik ukatu egoera larrian dagoen inori. Eta, aldi berean, gazteen solidaritateak edadetuen polizen prezioak jaistea ekarriko luke. Baina, horren aurrean jartzen da norberak, herritarrak, asegurua kontratatzeko duen askatasuna. Hortxe dago irakiten eztabaida brokolikoa.

          Baina badago gizarteko hainbat sektoreri aurrekoak baino min handiagoa eragiten dion beste zerbait: asegururik ordaindu ezin duenari gobernuak laguntzak ematea. Hori ez zaie gustatzen, eta pentsatze hutsak ezinegona sorrarazten die. Oraingo gobernuarentzat, berriz, bide horretatik, inor ez litzateke asegururik gabe geratuko, eta osasun zerbitzu unibertsala, denentzako, bermatua geratuko litzateke —bertsio estatubatuarrean, noski—.

          Epaile kontserbadoreenen ustez, gobernuari orain osasun aseguru bat ezartzea uzten bazaio, gerora beste edozer ezartzen utzi beharko zaio. Ekain-uztail aldera, presidentetzarako hauteskundeak gainean direnean, iritsiko da epaitegietatik sententzia. Balekoa edo ezinezkoa ote den sistema hori ezartzea erabakiko dute.

          Scalia epaileak bai asmatu brokoliaren adibidearekin. Osasun erreforma hori batzuengan haizeak sortzen ari baita! Izan ere, urdail guztiak ez dira berdinak.