2011/12/27

Herman Uscategui

BERRIAN argitaratua, 2011-12-24



«Arrakasta ez da eskubide bat,egunez 
egun irabazten den zerbait baizik»

 
Amurrion jaio zen arren, txikitatik Euskal Herrian baino denbora gehiago egin du atzerrian Herman Uskategik;munduko 83 herrialde ezagutu ditu, baina jaioterria bihotzean darama. Gaur egun Starbuckseko Nazioarteko Aliantza Estrategikoen zuzendaria da.





Gari Udabe New York

Kafe baso handia eskuetan hartu eta hura edanez lanean edo paseoan estatubatuarrak ikustea ez da filmetako kontua. Starbucks da kafe denda ezagunak inurriak bezala zabaldu dituzten  enpresetako bat: 11 mila milioi dolarren salmentak egin dituzte azkeneko urtean, munduko 57 herrialdetan dauzkaten 1.700 saltokietan. Eta honen guztiaren atzean, Herman Uskategi (1964, Amurrio) munduan barrena dabilen euskalduna dabil, besteak beste. New Yorken egin duen geldialdi batean, eta kafe baten aitzakian, ezagutu egin dugu.

G Kafea gustuko al duzun galdetuz hasi nahi nuke elkarrizketa hau.
E Bai, noski. Asko gustatzen zait.

G Zer motatako kafea hartu ohi duzu?
E Beltza eta azukrerik gabekoa da nire gustukoena. Oso noizean behin esne pixka bat botatzen diot, baina kafe purua nahiago dut.

G Demagun Starbucks batera sartu naizen lehen aldia dela.Zer gomendatuko
zenidake?
    Kafea gustuko duzun galdetuko nizuke lehendabizi. Eta gero nolako kafea gustatzen zaizun.

G Niri ere beltza.
E New Yorken egonda, Clover izenekoa gomendatuko dizut. Kafea egiteko makina bat da, eta expressoa asmatu zenetik izan den aurrerapenik onena. Gomendagarria. Cloverren barruan, ardoetan gertatzen den bezala, erreserbako kafeak dauzkagu: besteak beste El Salvador, Ruanda eta Tanzaniako etxalde txiki batetik ekarritako kafea da, eta oso ona.

G Kafe on batek arazo asko konpon ditzakeela uste duzu?
E Bai. Kafea oso edari erromantikoa da. Harremanak sortzen dituen edari bat da, magikoa. Petrolioaren ondoren, gehien komertzializatzen den produktua da.

G Arazoak sortu ere egiten ditu?
E Bai, zalantzarik gabe. Baina, gehienbat, elkarrizketa bat eta harremana sortzeko bidea da. Kafearen erromantzea da, beste edariekin gertatzen ez dena.

G Hemen biontzako kafe beltza.
E Ea gustuko duzun.

G Iritsi berri zara New York hirira. Nola aurkitu duzu?
E Garai hau mugimendu handikoa da hemen; turista asko dago. Ez dut uste Eguberrietan New York bezain erakargarria den beste hiririk badagoenik. Tokioren antz handia hartzen diot. Baina ez dago hura bezain ordenatuta eta garbi.

G Nola doaz Starbucks konpainian gauzak? Krisirik nabaritzen duzue?
E Guk 2007-2008 urteetan izan genuen krisia. Howard Schultz lidergoan dagoenak egindako lana izugarria izan da. Eraberritu egin zuen konpainia, eta gure zerga urtea —irailean bukatu da— enpresak inoiz izan duen onena izan da.

G Krisirik ez orduan zuenean?
E Berak beti gogoratzen digu: arrakasta ez da eskubide bat, egunez egun irabazten den zerbait baizik.

G Nazioarteko arloaz arduratzen zara zu. AEBetako mugetatik harago gauzak asko zailtzen dira? Nola dago nazioartea krisi garai hauetan?
E Starbucksen filosofiaren barruan, hirugarren espazioa deitzen dioguna daukagu. Lehendabizikoa zure etxea da. Bigarrena, zure lantokia, eskola, unibertsitatea. Eta aipatu dizudan hirugarrena, lagun batekin zoazen lekua, liburu bat irakurtzera zoazen tokia edo kafe bat hartzera zoazen lekua da. Hori nazioartean berdina da. Batez ere hirugarren espazio hori behar pertsonal baten modukoa da. Eta zu Saudi Arabiako, Japoniako edo Koreako Starbucks batera bazoaz, bezero desberdinak ikusiko dituzu, baina kontzeptua ez da aldatzen.

     Enpresaren potentziala nazioarteko merkatuetan dago. Marokotik etorri berria naiz. Han izan naiz gure lehendabiziko bi dendak zabaltzen. 57. Herrialdea da gure zerrendan.




G Birsortu,aldatu egin behar al du enpresa batek krisi garaietan?
E Gure kasuan, enpresak dauzkan oinarrizko balioetara bueltatu gara. Balio horiek mantendu egin ziren krisi garaian, eta horrek eutsi zion konpainiari. Arrakastak hanka sartze asko tapatzen ditu. Gauzak ondo joatera ohitzen zara. Egiten duzun guztia ongi ateratzen da. Eta hazi egiten zara. Eta hori ez dago ondo.

G Nola ikusten duzu Europaren barruko krisia,AEBetakoa, nazioartekoa… Zein da zure ikuspegia?
E Europako krisialdi politico eta ekonomikoa Bigarren Mundu Gerratik izan den handiena da. Ikusi egin beharko dugu. Baina ez bada konpontzen, mundu guztian izango du eragina. Munduko ekonomiak elkarri lotuta daude, eta batean gertatzen denak berehalako eragina du bestean.

G Zein lan duzu zuk Starbucks konpainian?
E Negozioaren Nazioarteko Garapenean egiten dut lan, eta Aliantza Estrategikoen arduraduna naiz. Beste enpresekin dauzkagun harremanez arduratzen naiz. Sinergiak trukatzen ditugu. Adibidez, General Electric konpainiarekin: nahiz eta oso enpresa desberdinak garen, gure dendetan haien teknologia erabiltzen ari gara energia eta ura aurrezteko, baita beste zenbait esparrutan ere.

G Asko bidaiatu behar izaten duzu?
E Bai, baina nire bizitza horrelakoa da. Hona etorri aurretik, astebeteko epean, Londresen izan naiz, Kuwaiten, Riaden, Dubain, Marokon, Frankfurten eta orain New Yorken.

G Eta zein herrialde dira orain inbertitzeko interesgarriak?
E Txina oso interesgarria da, eta mundu guztiak hara joan nahi du. Guretzat, ordea, Brasil da oso garrantzitsua. Eta Hego Ameriketako herrialde eta ekonomiak oso ondo egiten ari direla gaineratuko nuke. Benetan pentsatzen dut inbertitzea merezi duten ekonomiak direla. Arazo asko dauzkate, dirudunen eta txiroen arteko desberdintasunak handiak dira, baina Latinoamerikako herrialdeetan kontzientzia berry bat dagoela esango nuke, eta hori sentitu egiten da.

G Euskal Herrira iristeko asmorik baduzue? Noiz?
E Aldi baterako bai. Baina ez dakigu noiz oraindik.

G Eta, kasu horretan,Starbucksen eskaintza Bilbora egokitu egin beharko litzateke?
E Nazioarteko merkatu berrietara sartzerakoan asko eztabaidatzen dugun zerbait da hori. Guk herrialde bakoitzeko kafe kultura errespetatzen dugu. Hori garrantzitsua da. Ez dugu inon esaten onenak garenik. Esperientzia bat eskaintzen dugu eta bezeroari erabakitzen uzten diogu. Errespetatuz eskaini, eta bezeroak erabaki dezala.

G Duela bi hilabete izan zara azkeneko aldiz han. Baina zu Amurrion jaiotakoa zara.Zer duzu gogoan?
E Mendiak eta paisaiaren berdea. Baserrian bizi ginen eta ardiak genituen. Uzta izeneko zakur batekin artzain lanetan ibili nintzen 7 urte nituenean.

G Zenbat anai-arreba zarete?
E Bost. Ni naiz zaharrena. Eta denak ere munduan barren daude. Pena ematen dit horrek, ze oso familia bildua izandakoa gara, eta orain, berriz, bananduta gaude.

G Umetan alde egin behar izan zenuten?
E Nire aita politikan sartuta egon zen. Carlton hotelean-eta egiten zituzten bilera haietaz aitak oso gutxi kontatzen zigun, gu ez gintuelako horretan sartu nahi. Oraindik misterio bat da. Kontua da frankismoaren garaian alde egin behar izan genuela. 

    Ni oso umea nintzen, eta Brasil, Argentina eta Kolonbian bizi izan ginen. Azken herrialde honek eragin nabarmena utzi zidan, ordurako nerabea nintzelako.

G Euskalduna sentitzen zara?
E Bai, noski. Eta oso harro esaten dut hori. Begira, 83 herrialde ezagutzeko aukera izan dut, baina hainbeste kultura desberdin ezagututa, ni euskal tradizioarekin, euskal kulturarekin hartu-emanetan sentitzen naiz. Ahal dudan guztietan joaten naiz. Bilboko Aste Nagusira, esate baterako, hutsik egin gabe. Txirrindularitzarekin, nire beste afizio handiarekin osatzen dugu urtero hango egonaldia.




G Batxilergoa bukatu eta Japoniara joatea erabaki zenuen.
E Hori bakar-bakarrik hartutako erabakia izan zen. Aitak, noski, ez zuen ongi ikusi. Hasieran, Japoniako enbaxadan kasu askorik ez zidaten egin, baina temati jarri nintzen eta lortu nuen.

G Zer zuen,ba,Japoniak zuretzat?
E Misterioa. Jende guztiak ingelesa ikasten zen tokietara joan nahi zuen, baina nik beste zerbait nahi nuen: ekialdeko herrialdeetako misterioa baino gehiago zegoela banekien, eta halaxe abiatu nintzen zer zegoen deskubritzera.

G Zer egin zenuen?
E Apirilaren 5ean, Tokiora iritsi nintzen, eta handik Osakara joan. Neonezko argiak zeuden toki guztietan; ez nekien non nengoen. Taxi batean sartu ninduten, eta, gidariak ingelesez ez ekienez, behatzarekin keinu eginez ulertu genuen elkar. 

    Osakako unibertsitateko logela batean jarri ninduten. Eta esperientzia hurrengo egunean hasi zen. Pentsa, dena oso arraroa zen. Hurrengo goizean gosaltzera jaiki nintzen, eta emakume atsegin batek esan zidan mamia zirudien zerbait oso goxoa zegoela. Gosea neukan, eta gustura hasi nintzen ustezko mami hura jaten. Tofua zela konturatu nintzenean, hura atsekabea! Kar-kar-kar.

G Nolakoa izan zen bide hura?
E Beka bat jaso nuen. Saitama eta Tokioko unibertsitatean ikasi nuen. Horrela, ikasten jarraitu nuen Aoki izeneko enpresa japoniar batekin lanean hasi nintzen arte. Doktoregoa egiten ari nintzela, nire irakasleak, galdetu ere egin gabe, lan hori onartu zuen niretzat. Askotan egiten dute hori. Eraikuntza Ingeniaritzako enpresa bat zen. 

    Praktiketara, mendian egiten ari ziren obra batzuetara bidali ninduten. Sei gizonezkorekin gela batean biziz egon nintzen. Txoke kultural handi eta gogorra izan zen. Tokioko  unibertsitatean, jende guztiak zein azkarra zaren esaten dizu. Eta, bat-batean, mendian zaude bizitza gogor bat eginez. Garai horretan, asko ikasi nuen Japoniako egitura sozialari buruz. Tradizioei buruz, hierarkiari buruz, eta enpresei buruz!

G Hamabi urte pasatu zenituen han. Nola deskribatuko zenuke hango gizartea?
E Gizarte misteriotsua da, emozioak agertzen ez dituena, errespetu handikoa, tradizioak gordetzen dituena. Ez dute hain erraz adierazten berotasuna. Berdin sentitzen badituzte ere, gizarteak ez ditu adierazten emozioak. Balioak nola antolatuta dauden ikustea oso garrantzitsua da: ingurumenak eta baliabide eta espazio faltak baldintzatuta daude.

G Han, mendian, zein izan zen zure zeregina?
E Ingeniaria izan arren, igeltsero baten lana egiten hasi nintzen, eta hura oso arraroa egiten zitzaidan. Baina enpresa barruan hazi nahi banuen hori egin beharra neukala esaten zidaten. Egia da gauza asko ikasi nituela, eta askorako balio izan dit: zeure burua pertsona gisa ikusteko balio dizu, eta ez bakarra eta izugarri azkarra zaren pertsona bat bazina bezala.

G Urtebetera Tokiora joan zinen.
E Bai, ordenagailu bidezko diseinuan lanean hasi nintzen, nazioarteko zenbait proiektutan parte hartuz. Garai horretan, enpresa handitzen ari zen, eta Seattlen hotel kate bat erosi zuten. Hara joan nahi ote nuen galdetu zidaten. Nik, ordea, negozio horietan ez neukan esperientziarik, eta, horregatik, Temple unibertsitatera joan nintzen, ekonomia ikasketak egitera. Horrela joan nintzen Seattlera.

G Starbucksen lan egiteko aukera, ordea,nolatan sortu zen?
E Pentsatu nuen enpresa ematen ari zen ereduak ez zuela arrakastarik izango —hanka sartu dut—. Washingtongo Unibertsitatera ikastaro batzuk hartzera joan nintzen eta lagun bat ezagutu nuen, eta haren bidez Starbucksera jo nuen duela 11 urte.

G Bizitza aldatu zizun horrek.
E Bai, lehendabizi Japoniako nire irakaslearekin. Hark esaten zidan hainbeste urtetan ingeniaritza ikasten egon ostean, eta egindako bidea egin ondoren, zergatik ari nintzen orain kafea saltzen. Ez ninduela ulertzen esaten zidan. Egia esan, zenbait lanbiderekiko errespetu falta dela ere iruditzen zait hori. Baina nik ez dut horrela ikusten.

G Nola bizi izan dituzu Japoniako gertakari latzak?
E Irailean izan nintzen lurrikara izan zen inguruan. Oso gogorra izan zen, baina japoniar kulturaren beste irakaspen bat jasotzeko modua izan dut: pazientzia, egiten duten lan gogorraz jabetzea, ez direla inoiz kexatzen konturatzea. Uste dut gogortuta, sendotuta aterako direla.  

   1995ean, Koben izandako lurrikaran boluntario gisara joan nintzen. Eta gehien gogoratzen dudana isiltasuna da. Gauean, argirik gabe, jendea isilik, ilarak egiten, inork ez zuen protestarik egiten. Noizean behin ume baten negarra entzuten zen, baina besterik ez. Beste edozein kulturatan ez zen halakorik gertatuko.

G Politikazalea zara?
E Estatu Batuetakoari asko erreparatzen diot bai. Asko irakurtzen dut.

G Nola ikusten ari zara errepublikanoen arteko dema hau?
E Progresistagoa naiz. Alderdi Errepublikanoa oso gaizki dago. Herrialde honek oposizioko alderdi adeitsuago eta sendoago bat behar du, eta ez hain erradikala.

G 2012ko hauteskundeetan,aldaketa asko egongo dira?
E Aukeraketa nahikoa zaila izango dela uste dut. Ekonomia da gai nagusia. Langabeziak behera egiten jarraitzen badu, nik uste dut [Barack] Obamari ondo joango zaiola. Baina ikusi egin beharko da errepublikanoek ere nor aukeratzen duten berari aurre egiteko. Nire ustez, Jon  Huntsman da balioko lukeen bakarra, baina oso behean dago inkestetan.

G Obama presidentea bera ere ezagutu duzu?
E Bai, presidente izan aurretik. Eta Bill Gates. Jende asko. Baina gauza bat esango dizut: edozein pertsona da garrantzizkoa eta interesgarria niretzat.

G Beste kafe bat nahi duzu?
E Bai. Zergatik ez?

G Zenbat kafe har ditzakezu egunero?
E Lau bat. Edo gehiago. Ez daukat lo egiteko arazorik. Ohera joan aurretik bat har dezaket eta ederki lo egin.

MOTZEAN 

TOKIO: Kosmopolita, antolatua, kultura eta ekonomia potentzia
NEW YORK: Plurala, sofistikatua, ekonomia boterea
BILBO: Kultura, lana, transformazioa
LONDRES: Aniztasuna, ekonomia boterea, mundua.
BUENOS AIRES: Kultura, historia, melankolia