2012/09/10

Marta, baztertutako heroia

Larrepetit, 2012-09-08



          Hamaikagarrena beteko da hiru egun barru. Ekitaldi publikoak, instituzionalak egingo dira aurten ere, eta Manhattan gauak harrapatzean, ia 900.000 bonbillaren argiek irudikatuko dituzte lurretik zerurantz World Trade Center-eko bi dorreak.

          Martak jai zuen egun hartan, eta, munduak bezala, telebistaz ikusi zituen burdinazko txori hegalarien erasoak. Queens-eko bere etxean, beldurra sentitu zuen, negar egin zuen, errezo ere bai erasoa etorri zen zeru berberera begiratuz, baina bera eta familia ondo zeuden.

          Egun batzuetara, telefonoaren hotsa, eta lantokitik oharra: bihartik aurrera, zero gunera joango zara garbiketa lanetara. Eta hala, kexurik gabe, eguna joan, eguna etorri, tragediaren freskotasunak utzitako hautsak, aztarnak betirako ezabatzeko zeregina izan zuen.

          Handik hiru urtetara jabetu zen bera ere atentatuek jo zutela: berun, poliuretano, artseniko edo asbestos artean lan egitearen eraginez, gaixorik dago; tumore batekin bizi da, eta poliki-poliki hiltzen ari da. Egun haietan lan egin zuten beste hainbat kide bezala. Baita suhiltzaile eta poliziak ere. Baina hara desberdintasuna: azken horiek legezko hiritarrak dira. Marta, mexikar paperik gabea. Eta benetako heroia izateko, ezinbesteko baldintza da hori.

          Diru laguntzen poltsatik zerbait jasotzen duen arren, ezin du lanik egin, eta ez zaio bizitzeko eta sendatzeko adina iristen. Aseguru etxeek detektibe pribatuak kontratatu dituzte gaixorik ez daudela «nolabait» frogatzeko, eta haien beldur bizi da Marta.

          Irailaren 11n, zero gunean, berriro atentatuetan hildako guztien izenak irakurriko dira boz-goran. Zerrenda hori, ordea, urteetan gizentzen joan da, eta etorkizunean ere halatsu. Baina Martak, oraingo honetan ere, ez ditu entzungo galdutako lagun eta lankide askoren izenak. Hautsak bezala, errauts guztiak ere berdinak ez direlako.