Alabamakoa da paperik gabeko  etorkinen aurka indarrean dagoen legerik gogorrena. Arizona, Utah,  Georgia, Hego Karolina eta Indianako legeekin batera, auzitegian dago.
Gari Udabe New York
gariudabe@hotmail.com
   
          Etxea eroso, babestuta, lasai eta bero egoteko lekua  izan ohi da gehienetan. Errealitatean, Alabaman, etxeko goxotasun gutxi.  Etxea amets gaizto bilakatu da milaka paperik gabeko etorkinentzat. 
          Henao  eta Carmen Alabama estatuko Montgomeryn bizi dira, 11 urteko seme  Carlos eta 6ko Guadaluperekin batera. Mexikotik paperik gabe pasa ziren,  duela bederatzi urte, eta, orduz geroztik, hura dute bizileku eta etxe.  Jatetxe batean lan egiten du Henaok, eta familia bateko umezain moduan  Carmenek. Carlos eta Guadalupe beraien ikasketak egiten ari dira herriko  ikastetxean. Ordu asko lan egiten badituzte ere, bizimodu lasaia  eramatea gustatzen zaie, eta familia girokoa. Gaurdaino, ez dute  inorekin arazorik izan.
          Duela astebetetik, ordea, kalera nortasun  agiririk gabe ateratzea delitua da Alabaman. Atxilo eraman ditzakete  Henao, Carmen eta familia osoa. Segurtasun indarrek, poliziek, norbait  paperik gabekoa dela edo AEB Ameriketako Estatu Batuetan legez kanpoko  egoeran egon litekeela uste edo susmatzen badute, dokumentazioa eskatuz,  eta hala behar balitz atxilotuz, edonoren immigrazio egoera aztertu  ahal izango dute nahi dutenean. 
          Halaxe irakur liteke ur  hornidura ematen duen konpainiak etxeetara bidali dituen oharretan:  «Immigrazio lege berria dela eta, Alabamako Nortasun Agiria edo  gidatzeko baimena ekarri beharko diguzue. Hala egin ezean, ura moztuko  dizuegu».
          Izan ere, konpainia pribatuek, enpresari txikiek,  argindarra eta ura emateaz arduratzen direnek, eta zabor biltzaileek  duela astebetez gero debekatuta daukate Henao eta Carmenen moduko  paperik gabekoekin inolako kontraturik sinatzea.  
          Carlos eta  Guadalupe umeak ere bete-betean harrapatu ditu erabaki honek.  Lehendabiziko aldiz, immigrazio lege batek adingabeak jo puntuan hartu  ditu. Horren arabera, ikastetxeek beraien ikasleen egoera aztertu  beharko dute.  
          Legearen arabera, dagoeneko onartu diren ikasleek  ez dute paperik entregatu beharko. Eta azkeneko hamar urteetan  ikastetxe berera joan den ikasleak, berriz, bere datuak eman beharko  ditu, baldin eta beste zentro batera joan nahi badu. Hala eta guztiz  ere, Alabamako zenbait ikastetxek, dagoeneko, jaso dute ikasle guztien  inguruko informazioa. Bizitza aldaketa horren guztiaren errua aspaldian  ondo ikasita zeukaten HB56 legeak ekarri die Henao eta Carmenen moduko  milaka etorkin paperik gabekori. 

Epaitegien erabakien zain
          Alabamako  gobernadoreak ekainaren 9an sinatu ostean, Barack Obama presidenteak  eta haren administrazioak hala aginduta, Justizia Departamentua izan zen  legea auzitara eraman zuenetako bat. Duela egun batzuk etorri da  Blackburn epailearen ebazpena: legea balekoa da. Hala eta guztiz ere,  ezabatu egin ditu paperik gabeko edonor autoan eramateko debekuaren  atala eta paperik gabekoei lana eskatzea debekatzen ziena. 
          Obamaren  hitzetan, «estatu mailan aurrera ateratzen diren immigrazio legeak  saihestu egin behar dira, horiek onartzea arazo handi bati petatxu bat  jartzea bezala delako». Horregatik, nazio mailako immigrazio erreforma  baten beharra ikusten du presidenteak. Errepublikanoak, ordea, ez daude  ados, eta Kongresuan antzeko proposamenei trabak jartzen jarraitzen  dute. 
          Alabamako kasuan, eta nahiz eta legea indarrean sartuta  egon, Blackburn epailearen erabakiaren aurkako helegitea jarri du  Obamaren gobernuak. Baina ez da justiziara jo duen lehen aldia izan,  beste zenbait estatutan ere  indarrean jarri nahi baitituzte antzeko  legeak.  
          Arizonako SB1070 legea izan da sonatuena, eta seguruena  protestarik gehiena eragin duena. Bereziki, Poliziak edonori, edonon  paperak eskatzeko eskubidea izateak piztu zuen sua, arrazagatik jende  asko susmagarritzat jotzeko arriskua ikusten dutelako etorkinen aldeko  hainbat elkartek. 
          2010eko apirilaren 23an Jan Brewer  gobernadoreak proposamena sinatu ondoren, urte bereko uztailaren 29an  zen indarrean sartzekoa lege gisa. 24 ordu lehenago, ordea, Susan Bolton  epaileak bertan behera utzi zituen legeak biltzen zituen atalik  eztabaidagarrienak. 
          2011ko apirilaren 11n, berriz, Obama  presidenteak hala eskatuta, Apelazio Epaitegiak atal horiek bertan  behera uzteko erabakia berretsi zuen. Une honetan Epaitegi Gorenean dago  kontua. Kasua aztertzea erabakiz gero, 2012ko erdi alderako erabakita  egon liteke. Hauteskunde kanpaina bete-betean dagoenerako, beraz.  
          Arizonan  eta Alabaman bezala, Utah, Indiana, Hego Karolina eta Georgian  indarrean jarri nahi dituzten antzeko legeen aurka ere egin du  gobernuak. Batzuetan osotasunean, eta beste batzuetan zenbait  artikuluren aurka. Kasu horietan ere epaitegien esku dago legez kanpoko  egoeran dauden milaka etorkinengan eragin zuzena duen erabakia hartzea. 

Eraginak eta erreakzioak
          Alabaman indarrean sartu  den legearen ondorioak zeintzuk diren astebeteko epean ikusi da: umeak  ikastetxera eta helduak lantokietara joateko beldur dira, eta asko eta  asko, maletak egin, eta urteetan beraien bizileku izan diren herri eta  hirietatik alde egiten ari dira. Latinoamerikarrak —nahiz eta AEBetako  herritartasuna izan— ofizialki susmagarriak dira Alabaman, nortasun  agiria soinean eramaten ez duen edonor atxilotu daitekeen estatu bakarra  da AEBetan.
          Mac Higginbotham Alabamako Nekazari Federazioko  salgaietarako zuzendaria da Montgomeryn. Haren ustetan, «Ameriketako  estatubatuar askok ez dituzte beraientzat nahi eguzkipean egin beharreko  lan gogor hauek. Nekazari guztiongan eragina izango du». «Uzta lantzen  jarraitu beharra daukagu. Baina nork egingo ditu lan horiek?», galdera  egiten du sektoreko Jay Reed ordezkariak. 
          Izan ere, horrek  guztiak ekonomian duen eragina ere kontuan hartzekoa da. Itsas ertzean  dagoen Foley herri turistikoan milaka hispanok lan egin izan dute  bertako jatetxeetan, itsaski enpresetan eta baserri eta landetxeetan.  Joan den asteaz geroztik, beraien haurrak ikastetxeetatik atera dituzte,  dauzkaten jabetza guztiak kamioietan sartu dituzte, eta agur esan diete  agian sekula berriro ikusiko ez dituzten bizilagun eta lankideei.
          Linda  Harris Ingeles irakaslea da Foley Elementary ikastetxean: alde egite  horren lekukoa izan da. «Epailearen erabakiaren berri izan eta nire  ikasleak atetik ateratzen ikusi ditudanean bihotza hautsi zait. Pentsatu  dut agian sekula gehiago ez ditudala ikusiko». 
          American  Federation of Teachers irakasleen elkarteko lehendakaria da Randi  Weingarten. Azaldu du gurasoak kezkatuta daudela beraien haurrei  ikastetxeetan zerbait gertatuko ote zaien, eta pentsatzen du «irakasleek  haurren zaintzaileak izan behar dutela eta ez poliziak». 
          Southern  Poverty Law Centerreko zuzendaria da Mary Bauer, eta, haren ustez,  «eskoletako eta gobernuko hainbat langile immigrazio agente moduko  bilakatuko dira, eta hori haur eta familientzat ez da batere mezu ona».
          Egoera  hori ikusita, Vianey Garcia Alabamako paperik gabeko etorkinak alde  egin beharra sentitzen du. Baina, aldi berean, «traste guztiak hartu eta  poliziak geratuko nauen beldurra dut», gaineratu du. 
          St.  Joseph's Catholic Churcheko Paul Williams apaizak dio «jendea elizara  joateko ere arduratuta» dagoela. Komunitatearen %20 galdu dute azkeneko  asteetan Hispanic flock at St. Margaret of Scotland Church elizan, eta  «gehiagok alde egingo dute hurrengo asteetan ere. Giza tragedia da hau»,  dio kezkaturik Paul  Zoghby bertako apaizak. «Hemezortzi urteotan bizi  izan dudan gertakaririk tristeena da honako hau». 
          Jose Perez 15  urteko gaztea da. 2 urte zituenetik Alabamako estatuan bizi da: «Ez  daukat ideiarik ere nire Mexiko jaioterriaz. Nire gurasoek bizitza hobe  bat izateko ekarri ninduten hona. Hemen geratu, eta sinesten dudanaren  alde borrokatzea besterik ezin dut egin». 
          Legearen aurka  epaitegietan aurrera egiten jarraitzeko prest egoteaz gain, «Alabamako  biztanleak mobilizatzeko, lege honen aurka eta etorkinen aldeko justizia  bultzatzeko prest» daudela dio Isabel Rubiok, Hispanic Interest  Coalition of Alabamako zuzendariak.  
          Alabamako biztanleriaren %3  besterik ez da komunitate hispanoa. Txikia, beste estatu batzuetako  %12arekin konparatuz gero. Baina kontuan hartu behar da azken hamar  urteetan komunitate hau gehien hazi diren estatuen artean bigarrena dela  (%145 inguru). Horixe izan da legea aurrera atera nahi izanaren arrazoi  nagusietako bat. 

Gai beroa politikarientzat
          Boterean  dagoen Obama presidentearentzat eta haren  gobernuarentzat  gai beroa  izan da etorkinena legegintzaldi honetan, eta gaiak ez du indarrik  galduko, ez abiatzear dagoen kanpainan, ezta hurrengo gobernuaren  erabakietan ere.
          Azken urteetan atxilotutako etorkin kopuru  handiena ematen ari dira azkenaldian AEBak: atxiloketak %25 igo dira,  eta Obama presidente denetik 400.000 baino deportazio gehiago izan dira  —hirutik bi muga legez kanpo pasatzeko saioan harrapatutakoak dira—.  
          2012ko  hauteskundeak ate joka datoz, eta duela hiru urtekoetan bezala, inor  gutxik jartzen du zalantzan orain ere hispanoek garrantzi izugarria  izango dutela hurrengo presidentea nor izango den erabakitzerakoan. 
          America's  Voicek egindako ikerketa baten arabera, Etxe Zurian aginte makila  eskuratu nahi duenak hispanoen botoen %40 jaso beharko ditu gutxienez.  Eta horretaz errepublikanoak eta demokratak ondo jabetuta badaude ere,  norabide nahikoa  desberdina eraman nahi dute.  
          New Mexico eta  Texas estatuekin batera, orain Kalifornian, Dream Act deituriko legea  indarrean dago: haren arabera, paperik gabeko unibertsitarioek bekak eta  diru laguntzak eskatzeko aukera dute hiru estatu horietan. Alderdi  Demokratako Jerry Brown Kaliforniako gobernadorea izan da eskubide hori  aitortzen azkenekoa.  
          Obama Dream Act deiturikoaren alde badago  ere, bere alderdi barrutik jarri dizkiote oztopoak:  joan den abenduan,  alderdi demokratako bost kideren kontrako botoengatik Kongresuan  ez  zuen aurrera egin oso antzeko lege batek. 
          Errepublikanoen  artean, berriz, ez du onarpenik lege horrek, besteak beste, uste  dutelako etorkinak legez kanpo herrialdera sartzera bultzatzen dituela.  Zorrotz daude haren kontra, baita lege horren edo antzekoen defentsan  agertzen den edonoren kontra ere. 
          Adibidetarako, Rick Perry  Texasko gobernadore errepublikanoa eta presidentetzarako hautagaia:  paperik gabekoen seme-alaba ikasleei laguntzak ukatzea «bihotzik ez  izatea» zela esan zuen Floridan, duela aste gutxi, bere alderdikideen  aurrean. Esan bazuen, esan zuen. Hautagai moduan aukeratzeko inkestetan  izaten ari zen beherakada gerarazteko, barkamena eskatu behar izan zuen.  
          Erdi bideko erabakiak hartuta geratu direnak Illinois, Kansas,  Maryland, Nebraska, New York, Utah, Washington eta Wisconsin estatuak  izan dira: paperik gabeko pertsonek ikasketak egiteko aukerak izan  ditzaten, lege bereziak onartu dituzte, baina ez Dream Act deiturikoa.  Colorado,  Connecticut, Florida, Iowa, Massachusetts, Mississippi,  Missouri, Oregon eta Rhode Islanden bide bera hartu nahiko lukete 2011.  urtea amaitu baino lehen. 
          Politikarien arteko hika-mikak aurrera  jarraitzen duen bitartean, nork bere alderdi barruan gai honekiko mugak  definitzen edo aldatzen jarraitzen duen bitartean, Alabama, Arizona,  Utah, Indiana,  Hego Karolina eta Georgia estatuetan, gorriak pasatzen   etorkinek jarraitzen dute.  
          Ametsak betetzen ziren herrialdera  etorri ziren milaka lagun. Familiak osatuz, lan eginez eta herri  bizitzan parte hartuz, egun batean etxean bezala sentitzea lortu zuten.  Baina orain, ametsak zapuztuta, sorterrirako bidean jarriko dira berriro  asko eta asko.