2012/04/29

Kea

BERRIA, Larrepetit 2012-04-28


          Zenbait datu irakurtzean, hainbat testigantza entzutean sortutakoa da gorputz osoan barrena sentitzen dudan hotzikara hau.

          Ameriketako Estatu Batuetako indiar erreserbetan bizi diren emakumeen errealitate gordinaz ari naiz hizketan. Datuak, bere hoztasunean emanda, hauek dira: AEBetan bizi diren sei emakumetik bat bortxatu egiten dute. Indiar erreserbetan, egoera okerragoa da: hiru indiar emakumetik batek bortxaketaren bat jasango du, gutxienez behin, bizitzan.

          Erreserbetan bizi diren emakumeen testigantzak dira egia horren begirada tristea: gizonezko talde batek 20 urteko neska gaztea bortxatu ostean erdi hilik, eriturik, komunean itxita utzi zuenaren bizipena, ezaguna zuen emakumearen etxean ostatu hartu eta senarrak eta haren bost lagunek bortxatu zuten 14 urteko neskatxaren herioa edo oinez etxera zihoan eta bahitu eta bortxatu ostean bide bazterrean botata utzi zuten nerabearen nahigabeak dira eguneroko bizimoduaren ispilu. Eta egoeraren krudeltasuna areagotzera datoz beste hauek: erreserba hauetan dauden osasun zentroek ez daukate bortxaketetarako prestatutako profesionalik, ezta DNA jasotzeko beharrezko tresneria ere. Connecticut bezalako estatu baten tamainako erreserba batean —14.000 km karratu— bost polizia bakarrik daude. Eta bertako agintariek ezer gutxi egin dezakete, legez, fiskal federalek bakarrik hartu baititzake krimen hauen aurkako neurriak.

          Sitting Bull (Zezen Eseri) indiar buruzagia zuriak beren lurraldetik bidaltzeko dantzan hasi zen egun batean. Mehatxu handitzat hartuta, polizia bidali zuen gobernuak bera atxilotzera, eta iskanbiletan buruzagia eta semea hil zituzten. 120 urte geroago, neurriak eskatuz, suaren inguruan dantzan ari dira hainbat belaunalditako ehunka emakume. Baina urrutira begiratuta, momentuz, inor ez dator justiziarik ezaren keak erakusten duen lekura.