2012/02/10

Ez da xentimo kontua

Larrepetit 2012-02-11



          Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan esan du «hamarkadako erronka handiena» gizentasunaren aurka egitea dela. Azken hamar urteetako osasun planaren balorazioa egitean, zehaztu du %25 hazi dela 16 urtetik gorako gizenen kopurua. Eta planaren asmoa kontrakoa zen: %20 jaistea. Kale egin du, beraz.

          Ez dut sekreturik aireratuko gizentasuna AEBetan ere arazo handia dela esanda (haurren %13 gizenak dira). Bistakoa da. Eta horri aurka egiten, temati, New Yorkeko alkatea dabil: gizentasunari aurre egiteko hiriko komunikabideetan jarritako iragarkiak oso zuzenak dira, irudi gogorrekin osatutakoak dira, erdi biderik gabe. Ikusi eta nazka, higuina sentitzerainokoak.

          Gure elikadura ohituretan etxeko heziketak lehendabizi eta ikastetxekoak gero duten garrantzia ezinbestekoa dela ez daukat zalantzarik. Baina, aldi berean, orain arte eskaini diogun baino denbora gehixeago beharko lukeela uste dut (hori bai litzatekeela Heziketa Zibikoa eta norberaren «konstituzioarekin» lotutakoa).

           Kanpaina bortitzak, zuzenak, gogorrak egin eta ematea ere eraginkorra izan litekeela sinesten dut. Baina, horrezaz gain, nago elikaduraren sektorea arautuko duten hainbat erabaki hartu beharko liratekeela: azukre, gatz, sodio eta antzekoak mugatuz, batez ere umeentzako jakietan. San Frantziskon, haurrentzako kaloria askoko otorduekin tentaziorako izaten diren jostailuak oparitzea debekatu zuten. New Yorken, jaki bakoitzak duen kaloria kopurua argi eta garbi izan behar du ondoan jarrita.

          Neurri horien guztien konbinazioak, etxetik erakutsitakoak eta administrazioak egin lezakeenak lor dezakete, agian, bizitza osasuntsuago bat izatea. Hori egin ezean, osasunerako, erregai litroa bost xentimo gizendu behar baietz! Eta osasuna, bizi-kalitatea, ez da xentimotan neurtzen.