2012/09/17

Mathew eta tronboia

Larrepetit, 2012-09-15



          Luzeak eta zabalak dira, eta jende izugarri sartzen da bertan. Ez ditut sekula kontatu, baina inurrien pare joateko ordu horietan harritzeko modukoa da zenbat jende kabitu litekeen barruan. Hiru ate ditu tren bagoi bakoitzak, eta ordu askotan, ate ondoan zutik geldirik geratu denari bultzada bat emanez sartu behar izaten da. Behin ateak itxita, geltokitik geltokira, abiadura bizian joaten dira, azken momentuan zakar antzera trena bat-batean geratu eta bidaiarien balantzak eraginez.

          Mathew-k 40 urte inguru ditu eta tronboi irristailuduna darama berekin. Ederki ezagutzen ditu New Yorkeko metro linea desberdinak, eta badaki zein ordu eta zein tren bidaia diren egokiak bere lana txukun egiteko: A hizki handiz daraman trenean doa gaur, bagoitik bagoira, dakien pieza bakarra eskaintzen. The Godfather, edo gure herrian esaten den moduan, Attajauna filmeko soinu bandako parterik ezagunena jo du, hala nola. Corleone familia gogora ekartzeko moduan, baina behar ez zituen hainbat nota erantsiz bere partitura egokituari.

          59. kaleko geltokira iritsi baino 20 segundo lehenago bukatu du pieza (kalkuluak aterata dauzka), eta txapela pasatzen hasi da. Trena ez dago beteta. Jendea lasai doa eserita. Txanpon gutxi batzuk batek, dolarra besteak… Bikote baten ondotik pasaeran, eskua luzatzeko eskatu diote, eta zerbait eman: Mathewk pauso bat aurrera egin eta eskuetan zer duen ikustean, atzera jo du eta bikoteari erakutsi emandakoa. «Zuretzat», erantzun diote. «Seguru zaudete?», Mathewren zalantza. Baiezkoa izan da erantzuna. «Lurrean aurkitu dugu kartera hau, eta norena den ez dakigunez, barruko diru guztia zuretzat».

          Kaleko artistekin New Yorkeko hiritarra eskuzabala dela egunero ikusi liteke. Nahiz eta pieza bakarra hala-hola jotzen jakin, eskertzekoak dira lur azpiko bidaia luzeetarako denbora-pasa hauek.