BERRIAn argitaratua 2011-09-11
 
 
 Gaur bezalako egun batean
 
Asteartea oskarbi esnatu zen New Yorken, 2001eko irailaren 11n; Dorre Bikien aurkako atentatuak mundua aldatu zuen egun hartan
3.000 lagun inguru hil ziren atentatuetan; iltzatuta geratu zaio askori egun hura
 
Garikoitz Udabe New York
    

          American Airlines konpainiako 11 zenbakidun Boeing 767  hegaldia, goizeko zortzietan, 92 bidaiarirekin, Bostongo Logan  aireportutik Los Angelesera atera zen. Hamalau minutu geroago, aireportu  beretik, 175 United Airlines Boeing 767ak gauza bera egin zuen 65 lagun  barruan hartuta.  
          08:19an, American Airlines 11 hegaldiko Betty  Ong azafata bere konpainiako erreserbak egiteko bulegoarekin  harremanetan jarri, eta hegazkina bahitzen ari ziren ustea zuela  adierazi zien.  
          Joe, Lis, Peter eta Osmar New Yorkeko  bizilagunentzat ez zen egun berezia. Astearte arrunt bat zen, eta,  betiko legez, norbera bere zereginetara bidean jarri zen. 
          08:21ean,  American Airlines 77 hegazkinak (Boeing 757) Los Angeleserako bidaia  abiatu zuen, Washingtongo Dulles aireportutik. 64 bidaiari zeramatzan.  
          Bi  urte dira Joe World Trade Center berria eraikitzeko lanetan ari dela.  Egun hartan, ordea, 61. Kaleko eraikuntza batean ari zen. Lis, berriz,  Midtownera, Manhattanen erdi aldera, joan zen, han zuen-eta lantokia.
          08:37an,  American Airlines 11 hegaldia bahitua izan zitekeen susmoaren berri  eman zioten NORAD Ipar Amerikako Aire Eremuko Defentsa Agintaritzari.  Osmar, metrorantz zihoan orduan. «Zero eremutik gertu dagoen Chambers  geltokira iritsi behar nuen». 
          08:41ean, Newarkeko aireportutik  (New Jersey), United Airlines 93k (Boeing 757) San Frantziskorako bidaia  abiatu zuen, 44 pertsona barruan hartuta.
          Peter Brooklynen jaio  eta hazitako gizona da. Gaur egun zero eremutik oso gertu dagoen eraikin  batean egiten du lan garbitzaile gisa. Egun hartan, ordu horretan, E  lineako metroa hartu eta Queeensen duen etxerantz abiatu zen. Ez zuen  pentsatu bere trena ordutan azkena izango zenik.
          08:46an,  American Airlines 11 hegazkinak World Trade Centerreko iparraldeko  dorrea jo zuen.  «Irratia entzuten ari ginen albistearen berri eman  zutenean», gogoratu du Joek. «Horrela jakin genuen eraikin bat  lehendabizi, eta beste bat gero, bi hegazkinek jo zituztela».
          Hamazazpi  minutu geroago, United 175 hegaldiak hegoaldeko dorrea jo zuen.  Bigarren kolpe hura mundu osoan zuzenean ikusi ahal izan zen,  aurrekoaren eraginez kamerak hara begira jarrita zeudelako.
          Lis  eta bere lankideek ere telebistaren bidez jakin zuten gertakarien berri.  «Hasieran inork ez genuen pentsatu eraso bat zenik. Hegazkinarekin  zerbait gertatu zela uste genuen. Jendea ez zegoen batere arduratuta». 
          Osmarrek  ere bazuen lehendabiziko eraikinean gertatutakoaren berri. «Istripua  izan zela pentsatu nuen. Chambers eta Canal kaleen artean nengoen,  metroan, bigarren hegazkinak hegoaldeko dorrea jo zuenean». 
          George  Bush presidentea, egun hartan, Sarasotako (Florida) lehen hezkuntzako  haurrekin zegoen. 09:07an, Etxe Zuriko prentsa arduraduna  presidentearengana hurbildu, eta belarrira bigarren dorrean  gertatutakoaren berri eman zion —lehendabizikoaren berri bazuen—, eta  AEBak erasopean zeudela gaineratu zion.   
          Minutu bat geroago,  New Yorkeko aire eremutik ateratzen edo pasatzen ziren hegaldi guztiak  debekatu zituzten. Manhattango tunel eta zubi guztiak ixteko erabakia  etorri zen segidan, eta, azkenik, hegazkin zibil guztien aireratzeak  debekatu zituzten.

09:31: «Ekintza terrorista»
          Bushek  ikastetxean jarraitu zuen haurrei entzuten, edo itxura hori egiten.  09:31n, hedabideei mintzatuz, gertatzen ari zena «ekintza terrorista»  bat zela aipatu zuen. 
          Esan eta izan. 09:37an, American Airlines  77 hegaldiak Pentagonoa jo zuen. Ondorioa berehalakoa izan zen: AEBetako  presidentearen aginduz, airean zeuden hegazkin guztiek gertueneko  aireportuan lurreratzeko agindua jaso zuten.
          Gertakari haiek  ikusita, 09:48ak zirenean, Kongresua eta Etxe Zuria hustu zituzten.  Handik gutxira, 09:57an, Bushek Floridatik alde egin zuen, toki  seguruago batera.
           Osmar eta beste hainbatek 40 minutu zeramaten  metroan. «Handik atera gintuzten. Estaziotik atera, eta lehendabiziko  dorrea, hegoaldekoa, erori egin zen». Goizeko hamarrak izateko minutu  bat falta zen. Segundo gutxitan dorrea Manhattango paisaiatik desagertu  zen. Ondo gogoan ditu Osmarrek jendearen oihu eta lasterketak. 
          10:03an,  United 93 hegaldia Shanksvillen (Pennsylvania) erori egin zen, ustez  bidaiariek hegazkinaren kontrola hartu nahi izan zutenean. Handik 25  minutura, bigarren dorrea etorri zen behera, ordu batzuk lehenago tente,  harro kokatuta zeuden lekuan hutsune nabarmena utziaz. 

Hautsez jositako jendea
          Peter  Queens auzora iritsi zen azkeneko trenean. «Jende guztia telebistari  begira zegoen, eta horrela jakin nuen zer gertatzen ari zen». Ez zuen  ezagunik dorreetan, baina gertatzen ari zenarekin «erabat triste»  sentitu zen.
          Lisek, berriz, lagunak zituen Dorre Bikietan.  «Zorionez, alde egitea lortu zuten guztiek. Noski, nire lagunek  ezagutzen zituzten bertan hil ziren asko eta asko». 
          11:04an, Nazio Batuen Erakundearen egoitza husten hasi ziren New Yorken.
          Denbora  asko telebistari begira pasatu ostean, konpainiatik ateratzeko agindua  jaso zuten Lis eta bere lankideek. «Etxera jo genuen, oinez, ez  zegoen-eta beste modurik. Gogoan dut nola topo egin nuen hautsez josita,  zikinduta zetorren jende mordo batekin. Izugarria izan zen».
          Joe  ere oinez abiatu zen etxerantz. «Ez nintzen beldur, ziurrenik gertatzen  ari zenaren inguruko informazio askorik ez nuelako. Baina minduta  sentitu nintzen, erasopean ginelako». 
          Peterrek ere aitortu du  gertatzen ari zena ikusita oso triste sentitu zela. «New York erabat  aldatu zuen, gu ginena, pentsatzen genuena, hiria bera, dena aldatu  zuten eraso haiek».
          Osmarri negar malkoak ateratzen zaizkio. «Min  handia sentitzen dut egun hura gogoratzean». Coney Islanden, Brooklyngo  muturrean, bizi zen, eta sei ordu behar izan zituen etxera iristeko.  «Jende mordo bat gindoazen elkarrekin oinez. Erotuta bezala zebiltzan  asko; ez zekiten nora jo. Gainera, ez genekien eraso gehiago izango  ziren, eta izuturik geunden».  
          13:04an, alerta gorena indarrean  jarri zuen Bushek, eta, komunikabideen bidez, nazioari hitz egin zion  Barksdaleko aire basetik (Louisiana).
          Ez zen, ordea, egun hartako  azkeneko eraikina oraindik erori. 17:25ean, World Trade Center 7 erori  zen, ustez barruan sortutako suteek eraginda. 
          19:00 inguruan  iritsi zen George Bush presidentea Etxe Zurira.  Ordu eta erdi geroago,  bulegotik nazioari hitz egin zion. 3.000 lagun inguru hil ziren  atentatuetan. 
          Astearte hura eta ondorengo egunak amaigabeak izan  ziren askorentzat. Bereziki beraien berririk izan ez eta familiartekoen  bila zebiltzanentzat. Hondakin artean geratu ziren maite zituztenak  aurkitzeko esperantzak. 
          Geroagokoak dira odol putzu gehiago  ekarri dituzten Afganistango eta Irakeko gerrak, Madril eta Londres  hirietako burdinbideetako hilotzak, horien harira segurtasunaren izenean  hartu diren neurriak… Izan ere, egun hartako ekintzek, mundua aldatu  zutela behin eta berriz errepikatu dute adituek. Izan liteke hori  arrazoia, baina ez dago zalantzarik geroztik hartutako erabaki asko  orduan gertatutakoan arrazoitu dituztela.
          Asko hitz egin da hamar  urte hauetan AEBetan gertatutakoaz. Zenbaitzuen ustean konspirazioak  bakarrik argitu ditzake ordukoak. Beste batzuentzat konspirazioez hitz  egiteak ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Lisek, esaterako, egun ez  du horretan sinesten, baina lehen bai. «Konspirazioren bat egon izan  balitz, urte hauetan zerbait argitara aterako zela uste dut. Beraz, ez  dut horretan askorik sinesten gaur egun. Baina nork daki…». 

Bin Ladenen hilketa
          Peterren  ustez, teoria horietan pentsatu beharrean nahikoa da «egunerokoa  bizitzea». Joek ere ez du halako ezertan sinesten. Hori bai, Peterrek  dio bazekiela Osama Bin Laden eraso haien ustezko burua harrapatuko  zutela. «Eta gustura nago, harro, hamar urteren ondoren aurkitu  dugulako. Familientzat, norbait galdu zutenentzat oso garrantzitsua izan  da».
           Bin Laden Pakistanen hil zuten AEBetako tropek iragan  maiatzean, eta haren gorpua itsasora bota zuten. Joeren ustez, «Osamak  ordaindu du, baina horrek ez dauka bukaerarik. Bat akabatu orduko beste  bat jaiotzen da. Al Kaeda ez bada, beste bat izango da. Zergatik? Inor  ez dagoelako ados AEBek beste herrialdeetan egiten dutenarekin.  Batzuetan asmatzen du, besteetan ez».  
          Ez zela gizon ona  pentsatzen du Lisek. «Baina terrorismoaren beldur eta mehatxu guztiak  pertsona bakarraren bizkar jartzea uste dut zentzugabea dela».
           2006az  geroztik zero eremuan berreraikita dagoen World Trade Center 7  eraikineko bulegoetan lan egiten du Lisek. Leihotik, berreraikitze  prozesua jarrai dezake, eta Joe ikusi egunero han lanean. Obrek  eragindako zikinkeria ataritik garbitzen jarraitu beharko du Peterrek bi  kale atzerago. Eta Osmarri negar malkoren batek ihesi egingo dio handik  pasatzen den bakoitzean. Izan ere, milaka new yorktarrei bezala, duela  hamar urte, gaur bezalako egun batez gertatu, ikusi, bizi eta  sentitutakoa oroimenean eta bihotzean iltzaturik geratu zaio.

Obama eraso gune guztietara joango da
Zero eremuan Irailaren 11 Memoriala zabalduko dute, eta hildakoen senitartekoak izango dira ikusten aurrenak
          Aste osoan egin dira AEBetako hiri handi eta txikietan 2001eko irailaren 11 hartan hildakoen omenezko ekitaldiak; batzuk, ofizialak, eta besteak, ez. Argazki erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak, denetarik antolatu da ekialdetik mendebaldera.
          Ekitaldi nagusiak, ordea, gaur egingo dira New Yorken eta Washingtonen, eta bertan izango da Barack Obama presidentea. Atentatu haietan bizia galdu zuten ia 3.000 lagunen omenaldi ekitaldietan izango da George Bush bere aurreko presidentea ere. Haien ondoan eseriko dira Michael Bloomberg New York hiriko
alkatea, New Yorkeko eta New Jerseyko gobernadore Andrew Cuomo eta Chris Christie, erasoak izan ziren garaian New Yorkeko alkate zen Rudy Giuliani eta George Pataki gobernadorea.
          Irailaren 11n hildakoen familiartekoek boz goran irakurriko dituzte atentatu haietan hildako guztien izen-abizenak, eta baita lehendabiziko aldiz Pennsylvanian eta Pentagonoan hildakoenak ere. Obama presidenteak eta ekitaldian parte hartuko duten beste hainbatek zenbait pasarte eta olerki irakurriko dituzte. «Honek ezin du zerbait politikoa izan; ez da inolako hitzaldirik egongo», argitu du aste honetan Bloomberg
alkateak.
          Egun hartan hildakoen senitarteko eta familiakoak izango dira gaur haien omenez zero eremuan zabalduko den Irailaren 11 Memoriala ikusten lehendabizikoak, eta bihartik aurrera nahi duen guziarentzat zabalik egongo da. Oraingoz, aurrez Internet bidez izena ematea beharrezkoa izango da.
           Ez da horrekin amaituko gaur Obamaren ekitaldi agenda. United 93 hegaldia erori zen Shanksville herrian biktimen omenezko monumentuaren inaugurazioan parte hartuko du Michelle Obama emaztearekin, Laura Bush lehendabiziko dama ohiarekin eta Dick Cheney presidenteorde ohiarekin batera. Ilundu aurretik, Pentagonora egingo du bisita, han hildako 184 lagunak omentzeko, eta, bukatzeko, hitzaldi bat emango du Washingtongo Katedral Nazionalean

  2001eko irailaren 11ren ondorena
• 2001eko irailaren 11. New Yorkeko Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurka eraso egin zuten. 2.973 lagun hil ziren. Al Kaedak aldarrikatu zuen erasoa.
• 2001eko irailaren 28a. NBEren Segurtasun Kontseiluak terrorismoari politikoki, ekonomikoki eta diplomatikoki aurre egiteko 1.373 ebazpena onartu zuen.
• 2001eko urriaren 7a. AEBek eta aliatuek Afganistango erasoa hasi zuten, Osama Bin Laden Al Kaedako burua han zegoela argudiatuta.
• 2002ko urtarrilaren 29a. Bushek Irak Gaizkiaren ardatzean sartu zuen, Iranekin eta Ipar Korearekin batera.
• 2003ko martxoaren 20a. AEBek eta aliatuek Iraken aurkako erasoa hasi zuten. Maiatzaren 1ean gerra amaitutzat eman zuen Bushek.
• 2003ko abenduaren 13a. Saddam Hussein Irakeko diktadorea harrapatu zuten. 2006an exekutatu zuten. 
• 2004ko martxoaren 11. Ekintzaile islamistek 191 lagun hil zituzten Madrilen, lau trenetan bonbak zartarazita.
• 2005ko uztailaren 7a. Ekintzaile islamistek 52 lagun hil zituzten Londresen, metroan eta autobus batean bonbak lehertuta.
• 2011ko maiatzaren 1a. AEBetako indarrek Bin Laden hil zuten Pakistanen. 
  
    ESANA. BARACK OBAMA. AEBetako presidentea
«Segurtasun nazionala indartu dugu, aliantzak hobetu ditugu eta Al Kaeda galbidean jarri dugu»
  
    2.973
Irailaren 11ko erasoetan hildako lagunak. 
AEBek inoiz jasandako eraso handiena ikertu duen  batzordearen arabera, 2.937 lagun hil ziren 2001eko irailaren 11n,  hemeretzi erasotzaileak barne. 2.773 Dorre Bikietan hil ziren, 125  Pentagonoan eta 256 bahitutako lau hegazkinetan. 
  
    'Terrorismoa' egotzita zigortutakoak 35.000 dira
AP Associated Press agentziak 66 herrialdetako datuak kontuan hartuta egindako ikerketaren arabera, 2001eko irailaren 11tik terrorismoa egotzita  zigortutako lagunak 35.000 izan dira. Turkian espetxeratu dute jende  gehien (12.897), eta, ondoren, Txinan. Akusazio berarekin atxilotutakoak  120.000 izan dira.
  
    Zaintza neurri bereziak ezarri dituzte New Yorken gaurko
Gaurko urteurrenaren harira, New Yorkeko Poliziak terrorismoaren aurkako  operazio berezia abiarazi zuen herenegun, bereziki garraio publikoan  zaintza areagotuz. Atentatu baten mehatxua «sinesgarria» dela adierazi  dute agintariek, eta Hillary Clinton Estatu idazkariak Al Kaeda egin du  horren erantzule.