2013/01/14

Jack

BERRIA, Larrepetit, 2013-01-12




          Eskua altxatu dut, eta berehala geratu da parean. Atea ireki eta taxi horira sartu naiz. «Egun on. Wall Streetera, mesedez», esan diot gidariari. «Berehala», erantzun dit estatubatuarra dirudien txoferrak.

          Hanken ondoan dagoen telebista pantaila txikiari begiratu diot beti bezala, eta harritu egin naiz: alboan zesto bat dago zintzilik jarrita, eta barruan paper batzuk. Hartu egin dut paperetako bat. Jack Alvo-ren curriculuma da. «Nor da Jack?», galdetu diot gidariari. «Ni neu», erantzun dit.

          Manhattan behealdean gaude, eta dorre bikiak zeuden lekutik igaro gara. «Hementxe zegoen hegoaldeko dorrea», esan dit. «Iparraldekoan, 73. solairuan, lanean ari nintzen lehenengo hegazkinak jo zuenean». Kalbario haren atzetik, ordea, bestea etorri zen: ekonomiaren depresioa.

          «Denbora laburrean, finantzatan urtean 250.000 dolar irabaztetik langabezian egotera pasatu nintzen. Eskulan gaztea har zezaketen enpresek erdi prezioan, eta gu sobera geunden». Bi seme-alaben aitak, atez ate, kalez kale kilometroak egin ostean hartu zuen taxi gidari gisara lanean hasteko erabakia. «Sekula ez zitzaidan burutik pasatu, hain ondo ezagutzen nituen New Yorkeko nire kaleetan barrena, jendea eramatea bizibidea izango nuenik».

          Benetan gustatzen zaion zereginera egunen batean bueltatzeko esperantzarik ez du galdu. Eta hori egia bihurtzen lagunduko dion pertsonaren bila jarraitzen du. Horregatik, kale bazterren batetik norbaitek eskua altxatu eta «taxi!» oihukatzen dion bakoitzean, «gaur izango ote da eguna?» pentsatzen du.

          Bezero bakoitza hartzeak sortzen dion ilusio txiki hori du aurrera egiteko helduleku Jack Alvok. Eta lorik egiten ez duen hiriko karriketan barrena, garai batean eskuetan izan eta gero galdu zuen amets amerikar horri segika jarraitzen du bere taxi horian.

          Zirkulazioa, ordea, beti da handia Manhattanen.