2013/02/09

Ez da nahikoa

BERRIA, Larrepetit, 2013-02-09




          Zerrenda gizentzen doa: finantza sistemak berak sortutako krisi ekonomikoan, herritarrok erantzukizunik izan ez dugun desastrean, sistema errekuperatzeko, lehenaz gain, geure patrikatik jarri behar izan dugu diru gehiago. Horren ondorioz, edo aitzakian, oinarrizko eta ezinbesteko diren zerbitzuak gero eta eskasagoak dira: osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak… Eskubide askok eskubide izateari utzi diote: etxebizitza, lana eta lan baldintzak, adibidez. Gero eta herritar gehiago pobrezian murgilduta, eta isilean, lotsatuta bezala; gorriak ikusten hamaika!

          Gure aitona-amonek lortutakoa, gure aita-amek defendatutakoa, eta guk gozatu ahal izan ditugun eskubide horiek egun batetik bestera kendu egin dizkigute. «Egoera hobetu arte», diote. Ezetz iritsi berehala galdutako denak berreskuratzeko adina hobetuko den garairik!

          Eta aurrekoari gehitu ustelkeria kasu guztiak, diruz betetako sobreak, B kontabilitateak, Noos, CAN eta otxokuartoak

          Kaleratutako azkeneko inkesta guztiek erakusten dute herritarra haserre dagoela, eta oso kezkatuta ekonomiaren egoerarekin eta eskubideen murrizketa eta galerekin. Eta koktel horri ustelkeria gehitzean, txispak ateratzen omen dira. Baina kalean, ke pixka bat bai, baina su handirik ez.

          Une batez, gatozen Minneapolisera. Armen gaineko kontrola handitzeko legea bultzatze aldera, politikariei zuzenean bere asmoa babestu dezatela eskatu beharrean, Obamak herritarrei eskatu die beraiek egin diezaietela presioa politiko jendeari eta kongresuko kide eta alderdiei. Nago Obamak ondo jakin behar duela zerk mugiaraz ditzakeen politikariak, botereak, politikak eta erabakiak.

          Lotan, geldirik, tontotuta dagoen gizarte bati lapurtzea, kentzea, ezabatzea, deuseztatzea, erabiltzea, maneiatzea, hortxe dago pagotxa askorentzat! Horren kontra haserretzea, sutzea beharrezkoa da. Baina ez da nahikoa.