2013/02/02

Estazioa, bihotza

Larrepetit, 2013-02-02





          Hiri baten funtzionamenduan, tren estazioak bihotzak dira: city-ari taupada ematen diote, zein erritmotara mugitu erakusten. Eta, aldi berean, hiritik kanpora eramaten zaituzten arteria eta zain horien guztien irteera edo helmuga puntu dira. Taupada bakoitzean, hiritarrak jaso edo kanporatzeko ahalmena dute. Hiriaren iraupenerako, arnas sistemarako, ezinbesteko bilakatzen dira.

          Duela 100 urte gaurko egunez hasi zen 42. kalea eta Park etorbideko Grand Central Terminal estazio dotorea taupadaka, eta geroztik ez da geratu. 1913ko otsailaren 2 hartan zabaldu zituen errailak, eta egun bakarrean, 150.000 lagunek bisitatu zuten orduko berrikuntza.

          Kanpotik, eraikin ikusgarria da. Barrutik, are eta ederragoa. Neguan hotzetik babesten zaitu, udan berotik, eta euri egunetan, bustitik.

          68 denda, 35 jatetxe, arte erakusketa eta kaleko musikarien doinuekin batera, presak eta patxadak, irribarre eta malkoak, besarkadak eta musuak zientoka ikus litezke eguneroko erritmoan. Beharra izatera, ihesbidea bilakatzen da. Edo alderantziz, ametsak betetzen hasteko irteera puntua. «Agur», «ongi etorri» eta halako diosalek pisu handia eta berezia hartzen duten lekua da.

          Hollywoodentzat aparteko platoa bilakatu da Grand Central 100 urte hauetan. Estazioaren barrenak erabili izan dituzte kolore desberdineko istorioak kontatzeko.

          New Yorkera datorren bisitariak geldiunea egin, eta estazioak eskaintzen duen guztiaz gozatu beharra dauka (eraikuntzaz, arteaz, mugimenduez, jendeaz, detaileez, trenen orroaz, gurpilen txirrioaz). Hiritarrak, berriz, ez du horretarako denborarik hartuko. Baina ondo daki New Yorkeko bizitzaren joan etorrietarako ezinbesteko geltokia dela, estazioa, bihotza!

          Eta bihotz den heinean, historia askoren gordeleku izaten jarraituko du. Ehunka sentimenduren sorleku. Eta nola ez, sekretu askoren testigu isila.