2012/07/09

Barbakoa eta piknika

BERRIA, Larrepetit, 2012-07-07



          Egun seinalatua da Ameriketako Estatu Batuetako agendan uztailaren laugarrena. 1776an Britainia Handiarengandik independentzia lortu zutenekoa gogoan, jaieguna izaten da, eta eguna oso hemengo estilora pasatzen dute: barbakoak edo piknikak eginez. Horixe izaten baita lagun eta familiak elkartzen dituen aitzakia zaporetsua.

          Goizean goizetik has zaitezke barbakoaren keak han eta hemen ikusten, eta egiten ari diren hot dog edo hanburgerrak usaintzen. New Yorkeko hiriko parkeak jende kuadrillaz beteta egoten dira. Etxe atzealdean lorategia duenak hura erabiltzen du, eta, bestela, beti geratzen da kalea; espaloira mahaiak eta aulkiak atera eta atariko zuhaitzaren itzalean tertulia ederrean egotea da kontua, tarteka paseoan doan bizilagunari «happy 4th of July» esanez.

          Barbakoak eta piknikak tresna garrantzitsu bilakatu dira nahiko indibidualista den gizarte batean jendea elkartzeko, familiak elkar ikusteko. Eta denok dakigun bezala, tripa betearekin mundua eta bizitza beste kolore batekoak ikusten dira.

          Presidente hautagaiek ere beren piknikak egin dituzte: Obamak hiritartasun ziurtagiriak banatuz etorkinei keinu berriak egin ondotik, armadako beteranoekin eta Etxe Zuriko hainbat langilerekin egin zuen etxeko belazean. Romneyk, berriz, bere familiako 30 kiderekin, odol berekoak elkarrekin egoteak duen garrantzia nabarmenduz. Politikaren barbakoan jarritakoari puntua hartzea tokatzen zaie orain biei, erre gabe noski.

          Independentziaren egunari amaiera emateko, sakratuak bilakatu diren su festak ikusi behar dira. New Yorken, Hudson ibaian botatzen dituzte suak. Ez da Donostiako Kontxan ikustea bezala, baina tira, New York da.

          Hurrengo barbakoa eta piknikerako gonbita dagoeneko jaso dut Facebook bidez —oso bide erabilia gonbidapenak egiteko—. Eguraldia aldatu arte honek ez du etenik izango.