2011/12/10

Zergatik?

BERRIA, Larrepetit 2011-12-10



          Axel, maitea, hilabete gutxi dituk oraindik. Baina koxkortzean, haur gehienak bezala, «zergatik?» galdetzen ikasiko duk, eta gauza guztien zergatiaren bila abiatuko haiz.

           «Zergatik?», aita kartzelako horma hotzen artean ezagutu duan galdetzean, hi jaio baino lehenago preso eraman zutela kontatu beharko diagu. Kartzelako kartzelan, isolaturik eduki zutela, baina aitak besoetan hartzen hinduen bakoitzean egoeraren gogortasuna samurtzen laguntzen hiola eta indarra ematen.

           «Zergatik?» preso galdetutakoan, Audientzia Nazionala zer den argitu beharko zaik, eta egun batean, han, «epaiketa» bat egin ziotela aitari kontatu: sekulan ez duela armarik esku artean izan eta inor ez duela hil defendatu dik aitak, sutsuki; txapela kentzeko moduan, gainera. Errugabea denaren segurtasunetik, eskatu adina informazio eman dik, eta ez dik galdera bakar bat erantzun gabe utzi.

           «Zergatik?» errudun galdetuko duk. Epaileek, kalitate txarreko DNA froga susmagarri batzuk nahikoa direla erabaki dutelako, edo, inolako frogarik gabe, ETAkoa izan ez baina bere aginduak betetzen zituela ondorioztatu dutelako, aitak errugbi talde jakin batean jokatu zuelako, bikotekide ohi bat maite izan zuelako, modu batera eta ez bestera pentsatzen duelako, eta euskaraz jakiteagatik, erantzun beharko diagu. Ez duk ezer ulertuko.

           «Zergatik?» aita ikustera joateko ama eta biok, aitona-amonek, izeba-osabek eta lagunek ehunka kilometro egin behar izaten dituzuen astero galdetuko duk.

           «Zergatik?», familia baten mina baretzeko hirean samina sortu duten.

           «Zergatik?» guztien erantzunak aurkitzea nekeza egingo zaik, eta ulertzea, are zailagoa.

           Baina Axel, bide honetan, Gurutzek bezala, ez ezak sekulan irribarrerik galdu. «Zergatik?» Horrek bakarrik baretuko duelako etxekoengan injustiziaren amorrua, eta beteko, nolabait, etxetik eraman dutenak utzitako hutsunea.


2011/12/09

Legezko hilketen lurraldean

BERRIAN argitaratua, 2011-12-09



Gary Haugen asteon hil behar zuten presoa eta beste 36 heriotza zigorretik libratu dira AEBetan, Oregongo gobernadoreari esker

Estatubatuarren artean babes handia du presoak hiltzeak, baina gero eta gutxiago



Gari Udabe New York

          Oregongo gobernadorea da John Kitzhaber demokrata, eta bera izan da heriotza zigorra aldi baterako bertan behera utzi duen azkeneko agintaria. Erabaki horrek berehalako eragina izan du herenegun hil behar zuten Gary Haugen presoarengan —neska-lagun ohiaren ama hiltzeagatik dago kondenatua—. Heriotza zigorra moralki ez dela zuzena esan du Kitzhaber gobernadoreak, eta «Oregonen indarrean dagoen heriotza zigorra, berdintasunez ez erabiltzeaz gain, ez da inpartziala, ez bidezkoa, ezta azkarra eta arrazoizkoa ere».

          Horrela hitz egiteko, John Kitzhaber gobernadorea lasai ez dagoen seinale. Eta baditu zer pentsatua emateko moduko bi arrazoi. Izan ere, badaki zer den heriotza zigorra baimentzea: 1984. urteaz geroztik, Oregongo estatuan, heriotza zigorra berriro indarrean jarri zenez geroztik, bi preso hil dituzte, eta justu gobernadorearen aurreko agintaldietan: 1985 eta 1992, eta 1995 eta 2003 urteen artean. «Gobernadore modura hartu behar izan ditudan erabakirik zailenak izan dira. Azken hamalau urtean behin eta berriz gogoratu eta aztertu ditut».

          Oregongo gobernadorearen oraingo erabakiarekin, heriotzaren korridorean dauden 37 presoek heriotzari ihes egitea lortu dute. Baina ez betiko: oraingoz, John Kitzhaber gobernadorearen agintaldia 2015ean amaitu arte. Ondoren, ikusi egin beharko da nor jartzen den haren lekuan, baina batez ere jartzen denak zer pentsatzen duen gaiari buruz. 


Illinois, azkeneko estatua

          Oregongoaren aurretik, Illinoisek hartu zuen heriotza zigorra bertan behera uzteko erabakia, urtearen hasieran. Hutsegiteen ondorioz, hamahiru preso heriotza zigorrera kondenatu zituztelako susmoagatik abiatu zuten prozesua estatu horretan. George Ryanek 2003an, orduko gobernadoreak, boterea utzi aurretik, 167 presoren kondenak aldatu zituen: presoei epea luzatu, eta heriotzaren korridoreak hustu zituen. Orduan hasitako bideak, ordea, gorabehera handiak izan ditu.

          Hala eta guztiz ere, urte hasieran, Illinoisko Kapitolioak heriotza zigorra bertan behera uztea onartu ostean, gaur egungo gobernadore Pat Quinnen sinadura bi hilabete geroago etorri zen, eta uztailaren 1ean indarrean sartu. Hamabost presok jarraitzen zuten orain dela gutxi arte heriotzara kondenatuta, eta aldaketaren ostean, eta Quinn gobernadorearen aginduz, bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu dituzte, baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubiderik gabe. 1976tik, Illinoisen heriotza zigorra berrezarri zenetik, hamazazpi exekuzio izan dira. Azkenekoa Andrew Kokoraleisena, 1999an, 21 urteko emakume bat hil eta zatikatzeaz erruduna zela erabaki ondoren. 



Eraginkortasuna, zalantzan

          Balio al du jendea horrela hiltzeak? Betetzen al ditu bere helburuak? Radelet eta Lacock kriminologia elkarte garrantzitsuenetako presidenteek 2009an egindako ikerketan ondorioztatu zuten ez duela hilketen kopurua jaisteko balio, eta herritarrek ere hori uste dute (%88).

          Urte berean, poliziaburuen artean egindako beste galdeketa batek zioen indarkeria krimenak jaisteko azken metodo atzera-eragilea dela heriotza zigorra, eta diru publikoa alferrik gastatzeko modua dela.

          Justizia Departamentuak emandako datuen arabera, heriotza zigorrera kondenatutako presoen kopuruak behera egin du 1994az geroztik. Urte hartan 313 izan ziren, eta 2010ean, 112. Oraindik, dena den, kezkagarriak dira datuak. Gainera, ez dira denak errudun izaten, eta 1973az geroztik, heriotza zigorra jasota zeukaten 120 pertsona utzi dituzte aske, errugabeak zirela frogatu ostean. Baina errugabetzat jotzen zituztenek ere egin dute kontrako bidea. Auzitegian hiltzeko erabakia hartu eta exekutatu arte agonia luzea dute presoek, hamabost bat urtekoa. Heriotzaren zain, 3.251 preso zeuden urtarrilean. gariudabe@hotmail.com



Datu esanguratsuak

AEBetako 34 estatutan. AEBetako 34 estatutan dago indarrean gaur egun heriotza zigorra. Hamaseik besterik ez daukate bertan behera utzita: Alaska, Hawaii, Illinois, Iowa, Maine, Massachusetts, Michigan, Minnesota, New Jersey, Mexiko Berria, New York, Ipar Dakota, Rhode Island, Vermont, Mendebalde Virginia, Wisconsin eta Columbiako distrituak.

Hildakoen kopurua. 1976az geroztik, 1.277 pertsona hil dituzte modu horretara. 2011. urteari dagokionez, 43ra iritsi da kopurua. Aurreko bi urteetako datuekin alderatuz gero, gutxiago: 2009an 52 izan ziren, eta iaz, 46. Estatuen mapari begiratuta, 1976az geroztik, Texas da legea gehien bete duena: 477 preso hil ditu. Aurten, 13. Atzetik dator Virginia, 109rekin. Oklahoman 96 izan dira; Floridan, 71; Missourin, 68, eta Alabaman, 55.

Presoen ezaugarriak. Death Penalty Information Center gobernuz kanpoko erakundearen azterketen arabera, 1.277 presoetatik %57 zuriak ziren, %34 afroamerikarrak, %8 hispanoak eta %2 beste etnia batzuetakoak. Gaur egun heriotzaren korridorean dauden presoen % 44 zuriak dira, %42 afroamerikarrak eta % 2 hispanoak.

Biktimen ezaugarriak. Kalifornian 2005ean egindako azterketa baten arabera, biktima zuria bada, gaizkileak hiru aldiz arrisku handiagoa du heriotza zigorra jasotzeko, biktima afroamerikar bat bada baino. Biktima latinoa bada, berriz, lau aldiz proabilitate gutxiago dute zigorrik gogorrena jasotzeko. Jack Boger eta Dr. Isaac Unah, Ipar Carolinako Unibertsitatean 2001ean egindako ikerketaren arabera, heriotza zigorra jasotzeko arrisku handiagoa du presoak biktima zuria denean. Generoari dagokionez, 12 emakumezko exekutatu dituzte 1976az geroztik. Gainontzekoak, gizonezkoak izan dira.

Herritarren babesa. Gallup-ek urrian egindako inkestaren arabera, herritarren %61ek babesten dute heriotza zigorra, babes txikia ez bada ere, 1972. urteaz gero izandako txikiena da. Esate baterako, iaz %64koa zen aldeko jarrera; 1994an, %80koa, alegia, joera beheranzkoa da, baina oraindik hamar lagunetik seik uste dute zigorrik egokiena dela odol delituentzat.

Babesleen ezaugarriak. Herrialdearen hegoaldean edo erdi-mendebaldean bizi denak babesten du batez ere, eta gizonezkoa eta zuria da gehienbat. Eta adinari erreparatuz gero, gutxiago dira gazteak: 30 urtez azpikoen artean bereziki jaisten da kopurua.

Aplikazioaren maiztasuna. Herritarren %40k uste dute ez dela behar beste ezartzen; %27k baietz diote, eta % 25ek gehiegitan ezartzen dela. Joera politikoak aztertuta, botoa Alderdi Errepublikanoari ematen diotenen hiru laurdenak daude alde. Demokraten artean, %46k dute zigorrarren aldeko jarrera.

Defentsarako abokatuak. Heriotza zigorra duten estatuetan gobernuak jarritako abokatuen %98 zuriak dira.

Hiltzeko metodoak. Egun, xiringa hilgarria erabiltzen dute 34 estatuetan. 1976az geroztik, 1.103 preso hil dituzte modu horretan. Baina baita beste era batzuetara ere: 157, elektrokutatuta; 11, gas kameran; 3, urkatuta, eta beste 3, tiroka.