2013/04/12

Joxan, beti hor

Larrepetit, 2013-04-13




          Irakurri egingo dizkiat hiri buruz esan direnak, Joxan: langilea, elegantea, gizon osoa, zintzoa, adoretsua, jantzia, konprometitua, eredua, irakurria, ikasia, kanpoan ibilia baina etxean hazia, abertzalea, euskaltzale porrokatua, ausarta, irribarretsua, adiskide inkondizionala, herriaz eta hizkuntzaz maitemindua, dotorea apaintasunean eta formatan… Konforme, alto, hemen utziko diat, ze honezkero, lotsatuta irudikatzen haut. Hala ere, Joxan, ez diat gezur bakar bat ere irakurri. Hi hori guztia haiz. Eta gehiago ere bai!

          Azaroan eman nian azkenekoa izan behar ez zukeen besarkada. Astebete luzea pasa huan, New York hire hirian, lehendabiziko eguna izango balitz bezalaxe gozatzen. Hemengo egonaldia arnasa hartzea izaten huan hiretzat. Barru-barruan gordeta zeuzkaat hirira azken hiru urteetan egin duan bidaia bakoitza. Zenbat solasaldi, kontu, gogoeta, asmo, barre eta adar jotze!

          Munduko edozein bazterretatik deitzen hidan maiz, «zer moduz doaz gauzak gazte» galdetzeko, «zer berri etxean?». Askotan neronek eskatu izan diat: «deituidak, Joxan». Berehala, telefonoaren txirrina. Hi, beti hor. Beharra izandakoan, beti hor egon haizen pertsona izan haiz. Sekula hutsik egin gabe. Eta beti baikor, animatzeko, bultzatzeko!

          Azkeneko aste luzeetan, telefonoak ez zidak hire izenik erakutsi. Bat-batean, mutu geratu duk. Ni ere bai, itzulerako txartelik erosi gabe, bidaia berri batean joan haizela jakitean.

          New York ez duk gauza bera izango hire bisitarik gabe. Eta gu ere ez, hi gabe. Atlantikoaren alde honetan hire ihesa nola sentitu den ez duk imajinatu ere egiten. Arrasto handia utzi duk!

          Egia aitortuko diat: film honen bukaera ez zaidak batere gustatu. Ez eta liburu honen kapitulu hau ere. Baina nahi izanda ere, desiratuta ere, ezin diat hori aldatu. Hik gure bihotzean geratzea aldatu ezin duan bezala! Betiko, hor hago! Thanks, man!