2011/06/28

Igelak, koloreen abesbatza



(BERRIAN argitaratua, 2011-06-21)
 
New Yorkeko Historia Naturalaren Museoan 200 igelen korrokak entzun daitezke, bisitarien eskariz zabaldu berry duten ‘Igelak, koloreen besbatza’ erakusketan. 2012ko urtarrilera arte egongo da zabalik erakusketa

 
Garikoitz Udabe New York

          Atea zabaldu eta barrura sartu orduko, berehala sumatzen da giro berezia: argi gutxi du aretoak, baina nahikoa dauka ikusi beharrekoaz ondo gozatzeko. Terrarioz beteta dago gela luzea, eta haien ondoan panel handiak daude jarrita, beharbeharrezkoak diren azalpen guztiekin. Bozgorailuetatik, basoan, hezeguneetan bizi diren igelen kantuak entzun litezke etenik gabe.

          Izan ere, kristalaren beste aldean daudenen hotsik ez dago entzuterik. Eta zail da mugimenduan ikustea ere. Bisitarien joanetorriaz jabetuta edo, batzuk modelo gisa jarrita daude, geldigeldi. Beste asko, lotsaturik bezala, edo umeek kristalean ematen dituzten esku zartakoetatik ihesi, ezkutalekua aurkitu eta babesean. Bisitatzeko ordua amaitzean eta aretoan igelak besterik ez daudenean hasiko da han festa.

Erakusketa zabaltzeko, bisitariari igelez zenbat dakien jakite aldera, zenbait galdera erantzuteko aukera eskaintzen zaio: Zein da munduko igelik handiena? Afrika mendebaldeko Goliath igela 38 zentimetro luze da, eta 3 kilotik gorako pisua izan dezake. Eta txikiena? Kubako zenbait zuhaitzetan aurki daiteke, eta 1,2 zentimetro luze da. Urik edaten al dute igelek? Ez, azalaren bidez hartzen dute gehienek. Egia al da beraien azala jaten dutela? Azala aldatzeko garaian bai.

Galderak zuzen edo oker erantzun ostean, eta igelei buruzko hainbat kuriositateren berri jaso ostean, Asian aurki litekeen Borneo Eared igela (Polypedates otilophus) da ikus litekeen lehendabizikoa. Segidan dator Hego Amerikako Ornate Horned igela (Ceratophrys ornata), gigolo fama duen Amazon Milk igela (Trachycephalus resinifictrix), eta, horrela, beste 200. Mundu osotik ekarri dituzte propio erakusketara, eta bizirik ikus daitezke, noski. Asko Latinoamerikako herrialdetakoak dira (Brasil, Kolonbia, Mexiko, Nikaragua, Paraguai, Uruguai, Venezuela…), baina Asiakoak eta Afrikakoak ere badaude. Terrariora begiratu, eta landaretzaren artean batzuetan kosta egiten zaio bisitariari igela aurkitzea. Zenbaitzuk txikiak direlako, edo kolorea landarearen antzekoa delako eta ezkutatu egiten direlako. Horregatik, akaso, batzuek kamerak dauzkate, eta bisitariak berak kamera mugituz igelak aurkitu eta zooma erabiliz pantailan ikus ditzake, telebistako izarren pare.

Panel handiak daude jarrita espezie bakoitzaren ondoan, eta bertan irakur liteke igel horiei buruz jakin  eharreko guztia: zein espezietakoa den, familia, neurriak, zertaz elikatzen den, taldea, bizilekua, bizitza zikloa…



Kolore bizi-biziak

Igelek ehizatzeko dituzten moduen inguruan aparteko atal bat jarri dute, eta ezkutatuta, mihi luzearen bidez, saltoka edo pozoiaren bidez nola ehiza dezaketen ederki erakusten dute. Hain zuzenere, Ekuadorko indiarrek erabiltzendituzten geziek, edo Kolonbiako choco indiarrek euren gezietarako pozoi moduan erabiltzen dituzten igelek arreta berezia jasotzen dute  isitariengandik.

Kolore guztietako igelak daude ikusgai. Eta bereziki erakusketara inguratzen diren haurrek adierazten dute harridura zenbait espeziek dituzten kolore bizi-biziak ikustean. Heldu askori ere begietan antzematen zaie kolore horien erakarpena, baina ez dute gehiago adierazten.

Biologiaz gehiago jakin nahi duenak ere badu bere txokoa. Ordenagailu bidez, bisturia eta guraizeak hartuta, igel baten barrunbeak nolakoak diren ikus bailitezke, eta gero organoak izendatu. Horrekin batera, igelen eskeletoa nolakoa izan litekeen ere erakusten du museoak.

Orain arte ikusitakoa nahikoa ez badu bisitariak, bukaeran, igelen krisia izeneko erreportajearekin,baso-soiltzea dela eta zenbait espezie galtzeko arriskuan daudela ohartarazten dute, eta hainbat adituren iritzia entzun daiteke.

2004an antolatu zuen museoak antzeko erakusketa bat, eta, ordukoak izan zuen arrakasta ikusirik, eta bisitarien eskaerari erantzunez, berriro antolatu dute igelen ingurukoa. Oraingoz jendearen erantzunarekin gustura agertu dira museoko arduradunak

       Ceratophrys ornata. Uruguain, Brasilen eta Argentinan
aurki daitekeen igela da

    Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako dardo pozoitsuetarako 
igel urdina da erakusketako izarretako bat


     Dyscophus antongilii,Madagaskarkoa. Bildumagileen artean 
estimatua da igel hori