2012/11/02

Hitzak eta irudiak

Eastetik, 2012-11-02



          Azken egun hauek irudi asko utzi dizkigute. Uholde eta haizeteek eragindako txikizioekin dute zerikusia ikusgarrienek, baina kanpainarekin lotura zuzena dutenak ere iritsi zaizkigu. Ireki dezagun albuma:

          Klixk: Obama, Sandy urakanaren krisia Etxe Zurian kolaboratzaileekin aztertzen eta kudeatzen. Klixk: Obama demokrata, New Jerseyn, Chris Christie gobernadore errepublikanoarekin batera urakanak eragindako kalteak ikusten. Aspaldian hain urrun dauden bi alderdietako pisuzko ordezkariak elkarrekin lanean eta elkar goraipatuz. Klixk: Obama etxerik gabe geratutako biktimekin hizketan eta besarkadaren bat edo beste ematen.

          Aldatu dezagun kamera. Klixk: Urakanaren ondorioz Romney bere kanpaina ordu batzuetan bertan behera uzten. Klixk: Romney, Ohion, uholdeetako kaltetuentzako janari bilketan parte hartzen. Klixk: Romney Tampan dago hauteskunde ekitaldi batean: biktimentzat laguntza jasotzeko helburuarekin, pantailatan Gurutze Gorriko telefonoak besterik ez dira agertzen.

          Argazkiei, irudiei begiratuz gero, beti sortzen dira sentimenduak. Onerako eta txarrerako. Eta sentitutakoaren arabera jokatzen dugu askotan (ez beti). Bi hautagaiek ederki dakite hori. Obama bere funtzioa ondo betetzen ari da krisi egoera honetan. Baina ez dago ukatzerik, eman duen irudiak, erakutsi dituen argazkiak bozketan bere aldeko izango dituelako esperantza duela. Romneyk ezer askorik ezin zuen egin egoera kudeatzean. Eta egindakoan ere, ez da gaizki aritu. Baina erakutsi dizkigun argazkiek haren arerioarenak baino sentimendu bareagoak sortu ditu.

          Irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa omen dute. Irudirik izan ezean, hitzei heldu beste erremediorik ez dago. Wisconsinen, Nevadan, Coloradon, Ohion… hitzen bidez irudiak sortzea eta botoetan eragitea izango da hautagaien lana. Ea ba nork sortutakoek duten eragin handiena.

2012/10/31

"Dejavu"-ak Sandy izena du

BERRIA, Eastetik, 2012-10-31



          Astebete luze bai lehendabiziko aldiz Sandy komunikabideetan entzun genuela. «Ez dago oraindik esaterik zein norabide hartuko duen, baina adi jarraitu beharko dugu bere ibilia», zioten New Yorkeko eguraldi aditu eta telebista aurkezle famatuenek. Eta handik astebetera, Karibean tristura eta negarra utzi ostean, Sandy ezagutu eta sentitzeko aukera izan dugu! Eta nola alajaina!

          Bederatzigarren etorbidea eta 58. kalearen ondoan dagoen Morton Williams supermerkatura igande goizean sartu, eta berehala konturatu zitekeen edonor, hura ez zela betiko jai eguna. Jende ilara amaigabeak barruan, eta apaletatik janaria hartzeko arazoak: ilarako jendeak oztopatzen zuelako ezer hartzea, edo dagoeneko agortua zegoelako: ura, pilak, ogia, garagardoak, litxarreria, patata frijituak eta hainbat produktu aurkitzea ederki kostatzen zen.

          Ordu batzuk lehenago pasa zuen Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak abisua: Sandy izeneko urakana hona dator. Atzetik Michael Bloomberg alkateak, neurrien berri eman zuen: «metroa itxiko dugu, eta arrisku guneak aztertu ondorenean, herritarrek zein lekuetatik alde egin beharko duten esango dizuegu». Atlantikoaren urak laztantzen dituzten auzoak eta Hudson edo East ibaiek uholdeak eragin zitzaketen lekuak izan dira ebakuatutako auzuneetako batzuk.

         Eta ordurako, hor zebilen sentipena: «Hau guztia ezaguna egiten zait».

         Chase bankutik sms mezua: «urakanaren eraginez egun bateko atzerapena emango dizuegu bihar egin beharreko zuen ordainketetan». Estimatzekoa bankuaren borondate ona!

          Igande arratsaldeko 19:00etan metro irteera eta sarrerak itxi zituzten. Hori ez da botoiari on edo off emanez egiten: zortzi ordutik gora behar izan zituzten New Yorkeko metro zerbitzu guztia behar bezala geratzeko. Horrekin batera, hiria itzaltzen joan zen, jendea etxeetan sartzen eta kaleak husten.

          Astelehen goizean, New Yorkera etorritako turistak ikus zitezkeen kaleetan barrena, irekita zeuden jatetxe eta denda gutxietara sartu irtena eginez. Noraezean bezala, nora jo ez zekitela, munduko puntu askotako milaka bisitari. Hiri fantasma bihurtzeko zorian zegoen New York. Eta hori arratsaldeko 18:00etatik aurrera gertatu zen. Baina aurretik, hondar zaku eta oholekin prestatu egin zen.

          Sandyren laztan leunak etorri ziren lehendabizi. Gero eta zakarragoak atzetik. Zuhaitzen etengabeko dantza, hostoen zorabioa, eta iluntasuna, dena bat. Haizearen txistu hotsa, zenbait momentutan ikusgarria. Halloween bezperatan, beldurgarria ere bai. Eta euria. Sandyk berekin ekarri baitu busti aldia. Atlantikoko urei bultza egiteaz gain, Hudson eta East ibaiak mugitu ditu. Lur barrura mugitu ere. Eta talka horretan geratu dira milioika lagun argirik gabe, metro bideak ureztaturik, autoz auzo batetik bestera joateko tunelak pasa ezinda, eta kaleak ibai bihurtuta.

          Argi indarra zeukaten herritarrek, telebista bidez unean uneko egoeraz jabetzen. Irratia milioika askoren lagun. Eta hor agertu zen Bloomberg alkatea gaueko 10:30 aldera prentsaurrekoan: «Mesedez, beharrezkoa ez bada ez deitu 911 larrialdi zenbakira». 20.000 deitik gora ari ziren jasotzen ordubetean. «Ez atera etxetik. Eta ez hartu autorik», esanez bukatu zuen agerraldia.

          Argazki bat herritar askoren buruan iltzaturik geratu dena: NYU Langone Hospitaleko atarian 30en bat anbulantzia, argirik gabe geratu zen erietxetik gaixoak atera eta hirian barrena beste lekuetara eramaten. Adin guztietakoak. Umeak ere bai. Jaio berriak tartean. Bost erizain mundura etorri berri ziren, eta beharra zutenei eskuz haizea emanez.

          Bitartean, 76 aterpetxeetan jendea zain. Batzuk, egunero bezala, nora joan ez daukatelako. Besteak, egun horretan, etxetik atera arazi zituztelako. Begira Sandyk zein mota desberdinetako jendea toki berean elkartzea lortu duen. Denei gauza bakarra geratzen zitzaien egiteko: zain geratu eta ahal izanez gero lo pixka bat egin.

          Eguna argitzearekin batera gauzak garbiago geratu dira, batez ere Sandyk bere pasaeran utzitako kaltea geratu da agerian. Hudson eta East ibaietako urek egindako bidea nabarmena da Manhattaneko behe aldean. Soto, atari eta parke asko ureztaturik oraindik. Beherago, New Yorkeko zainak diren metro lineak ere urak harrapaturik. Eta ahalik eta toki gehienetan, suhiltzaileak ura handi atera nahian.

          Zer suma, hainbat herritar atera dira kalera. Goiztiarrenak txakurrak paseatzera. Atzetik, beraien begiz egoera ikusi nahi zutenak eta turistak. Etxerik gabekoek aterpetxeetatik kalera egin dute berriro, baina gaur beraien egoeran geratu diren gehiago dituzte inguruan. Jendea serio dago. Beraien jabetzak nola geratu diren jakin nahi dute. Jakin baino gehiago, ikusi. Baina askok ordu batzuk itxaron beharko dituzte hori egiteko.

          Errepideak huts antzera egon dira. Suhiltzaile, polizia eta anbulantziekin batera, auto gutxi eta taxiak dabiltza. Baina hain New Yorkekoak diren sirena soinu eta suhiltzaile kamioien bozinak etenik gabe entzun litezke norberaren etxe paretik pasatzean. NYPD-ko autoek (poliziak), orduak daramatzate beraien argiak itzali ere egin gabe.

          Umel dago, euria ari du, eta zuhaitzek bezperan baino hosto gutxiago dituzte. Antzematen da zerbaitek astindu dituela, eta ondo astindu gainera. Garbitzaileen kamioak batera eta bestera dabiltza aurkitu dezaketena jasotzen. Eta Manhattango hainbat etxetako langile eta atezainak, adarrak eta hostoak garbitzen.

          Ur putzuak edonon daude. Baina umeen pare, haietan pisti-plasta eginez korrika pasa da bat. Galtza motzetan. Eta atzetik bestea. Entrenamendurik ezin da galdu, iganderako iragarrita dagoen maratoirako (ikusi egin beharko da aldaketarik baden egiteko erabakian).

          Hiria, asteartez, poliki, esnatzen joan da, eta benetan gertatu denaz konturatzen. Telebistaz, internetez edo irratiz kontatutakoa benetakoa dela jabetzeko momentua da. Ezaguna egiten zaio egoera hau New Yorkeko biztanleari, beste noizbait bizi izan bagenu bezala. Eta ez du arrazoi faltarik. Dejavu baten modukoa izan da. Begiak zabaldu eta errealitateaz jabetzean, ordea, ordukoa Irene izenarekin etorri zela jabetzen da norbera. Eta oraingoa Sandy izan da, eta aurrekoak baino gogorrago, krudelago jo du hiria.

          «Egun historikoa izan da», esan dute askok. Eta, «ni, New Yorken nintzen hori gertatu zenean», kontatuko dute hemendik aurrera. Halako dejavu-rik ez sentitzea desiratu arren, argi dago, naturaren indarraren erakustaldi gehiago ere etorriko direla. Gizakiak egin ahal izango duen gauza bakarra, babestea eta izen berri bat aukeratzea izango da.

2012/10/29

Sandy iritsi aurretik

Sandy hurakana bidean omen dator. New Yorken metroa geldirik, jenderik apenas kalean, Downtown itxita eta eraikinen atariak hondar zakuez babestuta, polizia eta suhiltzaileak etenik gabe kaleetan barrena, biztanleria etxean, taberna eta jatetxeak itxita (Irene dueal urtebete luze pasa zeneko irudiak gogoan)... Okerren ordea, Atlantikoari begira dauden auzuneak daude. Queens-en, Long Island, Coney Island eta Brooklyngo hainbat leku... Hara atzo eta gaur goizean lanerako zer suma nenbilela,  hartutako irudi gutxi batzuk. Gaur goizean Euskadi Irratian bezala, datorren asteazkeneko Berrian irakurri ahal izango duzue gertakizunen kronika, nire begietatik ikusita. 


9,8,7...

Eastetik, 2012-10-28



          Bederatzi egun besterik ez dira geratzen, eta zenbaki dantza eta matematikak dira nagusi hautagaien kanpaina bulego eta komunikabideetan.

           Inor gutxik espero bezala, Barack Obama demokratak Mitt Romney errepublikanoaren hatsa sentitzen du kokotean. Horregatik, makineria guztia 100%ean jarrita daukate bi alderdiek. Ia atsedenik hartu gabe, swing states deiturikoetan barrena dabiltza bi hautagaiak boto eske.

          Adibidez, 48 orduan presidenteak bisitatutako 8 estatuak. Obama ahalik eta toki gehienetan agertzen ari da. Romney, isilago, elkarrizketarik eman gabe. Izan ere, hanka sartze txiki batek Etxe Zuria lortzeko ametsa zapuztu dezake istant batean.

          Urrezkoak izango diren boto bakar bat galduta gera ez dadin, aste honetan eman du Obamak berea Chicagon. Izan ere, Ohio, Florida, Colorado edo Nevada estatuetan herritarrek arazo ugari izaten dituzte egun konkretu batean botoa ematera joateko —latinoamerikarrek eta afroamerikarrek lan ordutegiengatik—, eta horiek gal ez daitezen aurrez botoa emateko eskatu dute.

          Besteak beste, langabezia, ekonomiaren egoera eta gobernuaren kudeaketarekin desadostasuna dira hiru arazo nagusiak Obamarentzat, eta ezinbesteko heldulekuak eta sostenguak, Romneyrentzat.

          270 ordezkariak lortzeko gudu zelaia definituta dago: 50 estatuetatik bederatzi dira alderdi baterako zein besterako joera izan duten lurraldeak. Baina ekialdeko haizeak Sandy urakanaren indarrarekin joko du: Florida da (29 ordezkari) gustura geratzeko pastel zatia. Ohio (18), errepikatu eta aseta geratzekoa. Eta Virginia (13), ginga; baldin eta Florida gorri kolorez eta Ohio urdinez geratuko balira.

          Matematika eta kalkulu zehatzen garaia da orain. Eta jokaleku posibleak bat baino gehiago. Duela hilabete batzuk gutxik espero bezala, lehia uste baino estuagoa etorri baita bi hautagaien artekoa.

Arrantzan

Larrepetit, 2012-10-27





          New York milioika lagun batera biltzen dituen merkatu handi eta desiragarria dela itsuak ere ikusten du. Eta negozioak, bezeroak erakartzeko asmotan, kalera ateratzen dira, beraien produktuen propaganda modu desberdinetara egitera.

          Apenas egiten duten irribarrerik janari lasterreko jatetxea zein noranzkotan dagoen adierazten duten geziak edo txartel handiak eskuekin heltzen egoten direnek. Urrutitik, gosea duenari azkar eta merke non jan dezakeen erakustea da helburua. Eta goserik ez duenari, ahal bada, tripa zorriak piztea.

          Eskuz iragarki paperak banatzen dituztenak daude gero. Espaloi erdian jarri, eta paretik datorrenari ile apaindegi, arropa denda edo masaje lekuetako iragarki paperak ematen dizkiote. Hirian bizi garenok, nazkatuta, ez diegu esku orririk hartzen. Beraz, kanpotarrek eskua luzatzeko esperantzatan ematen dituzte orduak eta orduak, hotz ala bero.

          Izozki denda eta kafetegi askok produktuaren erakusgaiak beraien negozio atarietan banatzen dituzte amu gisara.

          Eta, azkenik, saltzailerik irribarretsuenak geratzen dira: urrunetik ikusten dituzu beraien elkarte edo GKEaren kamiseta koloretsuak jantzita (Greenpeace, Unicef eta abar…). Inguratzen zoazen heinean, parean jarriko zaizkizu zure bidea oztopatuz. «Kaixo, Natalie naiz, minutu bat baduzu?», galdetuko dizute munduko irribarrerik handienarekin. «Bai» erantzunez gero, minutua luze egingo zaizu. «Ez» erantzunez gero, kontuz, handik hamar metrotara atzean utzi duzunaren beste kide batekin topo egingo duzu, eta «kaixo, Geremy naiz, minutu bat baduzu?», galdetuko dizu.

          Ez dago zalantzarik. Interneten erreinuan, aurrez aurreko marketin humanoak ere oraindik saltzen du. Eta asko gainera. Izan ere, hiritarra beraien sarean erortzeko, pelagikoa kaleraino ateratzen dute. Onak dira kontsumitzailearen arrantzan.