2013/08/01

NY

BERRIA, Larrepetik, 2013-07-27




          Goitik begiratuta, asfaltozko amaierarik gabeko mundua dirudizu. Eta, egia esateko, bizitza txiki eta kaotiko ikusten da handik. Behetik, berriz, zure atzaparretatik ateratzeko ihesbide bakarra, arnasbidea, goitik dela sentitzen da.

          Aukeren hiria zara. Ametsak betetzera datozen milaka lagun hartzen dituzu altzoan. Eta haiek ez dakite, amesgaizto ere bihurtzen ondo dakizula. Txundigarria, liluragarria, erakargarria zara lehendabiziko momentutik. Harrapatu egiten duzu. Kateatu egiten gaituzu. Lotura sortzen duzu, zure beharra sentitzeraino.

          Gogorra zara, zaila, eta askotan ez daukazu gupidarik. Akaso horregatik zureganako gorrotozko sentimenduak ere. Barruan daukagun onena eta txarrena aterarazten diguzu, eta panpinen moduan gurekin jolasten zara, nahieran.

          Energia asko ematen duzu, kendu ere bai, eta oreka aurkitzean dago zurekin bizitzeko sekretua. 

          Gustuko duzun erritmoa estres. Harremanak espres. Eta aukeratu duzun gaitza, milioika lagunekin bizi eta bakarrik sentiaraztea, bakardadea.

          Kaixo eta agur kasik segidan esatera ohitu arazten gaituzu. Ezagutu berri duzuna konturatzerako joan egin da. Arrazen, koloreen, hizkuntzen, nazionalitateen, sexu joeren, erlijioen, janzkeren, orrazkeren halako pantonerik ez da munduan. Kontrasteen tenplu diruaren erresuman.

          Zer pentsa jartzen duzu. Horrexegatik, zeuretzat bezala, guretzat ere asko izaten dira lo hartu ezineko egunak.

          Dibertigarria zara. Atsegina. Maitagarria. Ez daukat zalantzarik: asko erakutsi didazu, New York. 

          Bi hizki nahikoa dira zure izena adierazteko. Eta hizki horiei bihotz bat ondoan jarriz gero, askok gustuko zaituztela zabalduko dute munduan barrena, soinean jantzita daramaten kamisetan.

          Nik ez dut kamisetarik jantziko. Baina badakizu: oso gustuko zaitut. See you soon, NY! Laster arte, NY.

          Beste bat arte, irakurle!

Trayvon Martin

BERRIA, Larrepetit, 2013-07-20





          Hamazazpi urteko Trayvon gaztea susmagarritzat jo zuen George Zimmerman guarda boluntarioak Sanford-en, Floridan, 2012ko otsailaren bukaeran. Gazte afroamerikarrak mugimendu susmagarriak egiten zituelako, Zimmermanen esanetan. Poliziari deitu zion, baina, haien aginduei jaramonik egin gabe, autotik jaitsi, eta haren atzetik abiatu zen George. Bat-batean, tiro hotsa! Pam! Eta segidan, Trayvon Martin gazte afroamerikarra, hilik lurrean.

          Gertakari latz horren inguruko epaiketa egin berri da. Eta epaia: baietz, Trayvonek eraso egin ziola eta bere burua defendatzeko egin zuela tiro Zimmermanek. Arma bakarra, Georgek gainean zeraman pistola. Epaimahaikide batek telebistan esklusiban esandakoa, esanguratsua: Georgek ez zuen Trayvon segi behar, eta erabaki desegoki baten ondorioa izan da gertatutakoa. Baina bere bizitza arriskuan zegoela ikusi bazuen, defendatzeko eskubidea zuen gizonak.

          Epaimahaikide 6 emakume izan dira. 5 zuriak eta latinoamerikar bat. Haserrea piztu du absoluzioak hainbat komunitate eta sektoretan. Eta ezinbestekoa izan da azalaren kolorea zuria izateagatik halako delituetatik libre geratzen ziren garaiak askori gogora etortzea. Ez dira hainbeste urte pasatu oraindik. Afroamerikar askoren gogoan iltzaturik daude horiek. Eta ez gaitezen itsu izan: arrazakeria, lehen baino ezkutuago, baina oraindik, bizirik dago. 

          Boteprontoan, pare bat gauza: ekintza honen arrazoietako bat arrazakeria izan zitekeela kontuan hartuta, ez al litzateke garbiagoa izango epaimahaikideen artean afroamerikarrak ere egotea? 

          Eta azalaren kolorean bakarrik tematu beharrean, armak izateko eta erabiltzeko eskubideaz inor gutxik esan du ezer. Hori mugatua balego, akaso, Trayvon Martin gaur bizirik legoke!

          Baina hobe, nonbait, pistola gertu izatea. Erabaki desegoki baten ondorioz bada ere, badaezpada, geure burua arriskuan sumatzen dugunean defendatzeko ere!