2012/11/08

Yes, he did

Eastetik, 2012-11-08



          Times Square-ko pantaila handietako batzuetan telebista hainbat katetako irudiak eta soinua , eta behean jende dezente emaitzei begira. Oihuak eta txaloak entzuten ziren, Obamak estaturen batean irabazi zuela esan ez gero (New York demokrata da).

          Harlemen ere telebistari begirik kendu gabe zeuden. Eta bat batean, Obama irabazletzat jo zutenean, eztanda! Jendearen txaloak, oihuak, besarkadak, irribarreak, dantzak. «Obama, Obama», «We got it», eta antzekoak ozen entzun ziren. «Lau urte gehiago» oihukatzen zuten bandera amerikarrak astinduz. Autoak bozina joaz, sakelakoarekin argazkiak atera eta atera… Eta Malcom X etorbidetik, Empire State ikus zitekeen urdin-urdin (irabazlearen kolorea)!

          Ez da duela lau urteko ospakizuna izan, ordukoa izugarria, ikusgarria, historikoa izan zelako. Baina oraindik, maila apalagoan bada ere, Barack Obamak, ilusioa pizten du jende askoren artean. Edo bestela, ordukoak irauten die oraindik. Emakumeak (%55), 30 urtez azpikoak (%60), eta gutxiengoak (afroamerikarrak, latinoak) konbentzitu ditu. Eta swing estatu erabakigarriek lau urte gehiagoko epea eman diote.

          Yes we can izan zen lehendabiziko legegintzaldiko lema. Bigarrenerako, Yes he did (bai, egin zuen). Gustatzen zait, zaila zirudiena egin baitu. Baina egin ahal izatetik egitera aldea dago. Eta esaldi horrek erabateko zentzua izan dezan, orain, agindutakoa betetzea falta da: Mr. President, gogoratzen osasunaz, hezkuntzaz, gizarte politikez, ekonomiaz, zergez, nazioarteko politikaz esandakoak? Hiritarrek ez dauzkate ahaztuta. Eta horiek gauza ditzazun denbora gehiago behar duzula erabaki dute.

          Ordezkarien Ganbaran demokratek ez daukate gehiengorik, eta horrek gobernuari bidea zailduko dio. Baina hemendik lau urtetara aurkeztu ezinak ausardia politiko gehiago emango diolakoan nago. Bai, arrazoi. Niri ere, ilusio apur horretatik zerbait geratzen zait, nonbait!

2012/11/07

Parte hartzea

Berria, Eastetik, 2012-11-07



          Hotz esnatu da New Yorken hauteskunde eguna. Baina lehia politikoan bero iritsi da giroa. Eguneroko presakako martxaz gain, zeregin berri bat izan dute hiritarrek: nahi izatera, botoa eman ahal izan dute, arazoak arazo.

          Sandy-ren eraginez beraien ohiko bozkalekuetatik urrun daudenek edozein tokitan botoa emateko agindua sinatu du Andrew Cuomo gobernadoreak. Eta hiriko garraiobide publikoak voter shuttle izeneko autobusa jarri du, dohainik, urakanak eragindako tokietatik bozkalekuetaraino jendea eramateko.

          Izan ere, hauteskunde hauetako giltzatako bat parte hartzea da —ez New Yorken kasuan, baina bai Ohion, Virginian edo Floridan, eta baita beste swing edo estatu aldakorretan ere—.

          Hauteskunde egunean, goizean, New Yorkeko metro geltokian bi hiritarren artean entzundako elkarrizketaren hariari tira eginez: «Obamari eman beharko diozu botoa?», batek galdera edo baieztapena. «Ez dakit oraindik», erantzuna. «Sikiera badakigu nor den Obama. Baina Romney?». «Nik ez daukat garbi nor den bata eta nor bestea. Eta gutxiago oraindik zer egin nahi duten».

          Nago Obamaren bigarren agintaldiak zein itxura duen garbi ikusi ezina eta Romneyrenari tankera hartu ezina, hainbat hiritarren artean zabalduta dagoen sentipena dela. Eta hortik datoz askoren zalantzak eta erabaki ezina.

          Egia da usaindu litekeela nondik joan daitezkeen gauzak batak edo besteak irabaziz gero. Baina duela lau urte, ustez argi zirudiena gero Obamak ez bete izanak, zalantzan jartzen ditu asko. Eta, aldiz, Romneyren aukerak ez ditu erabat konbentzitzen.

           Lauso daudenei azkeneko bultzada eman eta beraien aldeko bozka ematea izan da alderdi bakoitzeko milaka boluntarioren lana bozkalekuak itxi arte. Besteak beste, parte hartzeak eman baitio Etxe Zurian geratzeko baimena maizter ezagunari, edo giltza jokoa berriari.

2012/11/05

Bultzadak eta babesak

Eastetik, 2012-10-04



          Imanol, mendebaldetik ondo dioan bezala, badirudi ekialdeko haizeteek Obamari bultzada erabakigarria eman diotela. Eta orain, metro batzuk aurrera egin ditzake: urrian aurreko zortzi hilabetetan baino lanpostu gehiago sortu dira, eta hori AEBetako ekonomia errekuperatzen ari den seinale gisara ikus liteke. Langabezia tasa ehuneneko bat igotzeari ez diote garrantzirik eman, lan bila jende gehiago ari baita gaur egun.

          Obamatarrak, gustura. Datu ekonomikoak zoragarriak ez izanagatik, uste baino hobeak direlako azkeneko esprintean. Suziririk bota gabe, baina hoberanzko joera erakusten dutelako. Romneytarrak ez daude ados: Obamak boterea hartu zuenean baino langabe gehiago dago orain, eta presidentearen eredu ekonomikoak ez du balio. Berak ekarriko duen aldaketak, bai.

          Oholtza gainera igo, eta alderdi errepublikanoko hautagaiari ostiral gauez bultzada eta babesa eman ziotenak John McCain, Rick Perry eta Rick Santorum alderdikideak izan dira, Rudy Giulliani New Yorkeko alkate ohia, eta John Boehner Ordezkarien Ganbarako presidentea. Iragarrita bazeuden ere, Condoleezza Rice Estatu idazkari ohia eta Jack Nicklaus golf jokalariek ez zuten parte hartu.

          Obama Cincinnatin izango da gaur, eta, besteak beste, Stevie Wonderren babesa jasoko du. Bihar, hainbesteko lehia eragiten ari den Ohio swing estatuan, Bruce Springsteen eta Jay Z raperoek eskatuko dute hautagai demokratarentzako botoa. Baina ezin dugu ahaztu kanpainaren bukaera honetan Bill Clinton bera eskaintzen ari zaion babes eraginkorra: atzo Virginian bi ekitaldi egin ostean, gaur, Obamak justu-justu irabazi zuen Ipar Karolinan izango da, «ez nik ezta beste inork ere ezingo zukeen lau urtean kalte guztia konpondu» argudiatuta, Obamarengan lau urte gehiagoko konfiantza eskatuz.

          Bi egun barru jakingo dugu nori emandako bultzadek edo nork jasotako babesek izan duten eragin erabakigarria.

Maratoiak

BERRIA, 2012-11-03

(Berria-n dagoeneko aldaketarik egin ezin zen orduan iritsi zen maratoia bertan behera geratzeko erabakia. Hori hartu aurretik idatzitakoa da. Hala eta guztiz ere, kalean zegoen eztabaida jasotzen du Larrepetit honek)



          Abiapuntua eta helmuga izaten du. Eta tartean dagoen bidea ahalik eta azkarren egitea dute helburu, batzuek. Bukatze hutsa saria da, beste askorentzat.

          Hasi bezain pronto antzematen dute korrikalariek jendearen beroa, New Yorkeko hiritarren babesa, animoa, eta bultzada. Zalantzarik gabe, urteko ekitaldirik maitatuenetakoa da lasterketa hori, bai eta mundu osoan ere, ospe izugarria duena.

          Aurten, ordea, beste lasterketa batekin egin du topo. Eta honako hau, maratoia baino luzeagoa izaten ari da. Oraingoz, badakigu noiz abiatu zen (duela 6 egun), baina ez da helmuga non dagoen ikusten. Eta korrika doazenei nekagarria egitean ari zaie, oso nekagarria.

          Bukatzen ez den lasterketa honek ere New Yorkeko bost auzoak ukitzen ditu: Staten Island, Brooklyn, Bronx, Queens, eta Manhattan. Baina momentu askotan, bide bazterrean, ez dago inor. Heriotza ikus liteke oraindik, eta tristezia, samina, nahigabea, ezina sentitu.

           Zortedunenak, oraindik ura ateratzen edo ataria garbitzen ari dira. Beste asko negarrez, duela astebete beraiena zen eta gaur suntsituta dagoen jabetzari begira, gertatutakoa ezin sinetsi, ezin irentsi. Amets amerikarra bat-batean eten eta amets gaizto bilakatutakoak, lur jota.

          Bihar bi maratoiak elkartu egingo dira. Uneren batean batera ari direla egiten irudituko zaio norbaiti. Baina kontua da, New Yorkeko etorbideak oso zabalak izanagatik, hiritar askorentzat, ez direla biak batera egiteko modukoak. Milioika dolar gastatzen ditu udalak maratoiaren antolaketan, eta baliabide asko erabiliko ditu bihar dena behar bezala joan dadin (poliziak, suhiltzaileak, langile publikoak, materiala, eta abar). Eta urtero legez, boluntario asko beharko dira dena ondo joan dadin.

          Horregatik, gizarte mugimendu horien eskaera: baliabide horiek, ehuneko ehun, orain, beharra dutenentzat.