2011/11/26

Bakardadean lagun

Larrepetit, 2011-11-26





          Etxera iritsi naiz. Igogailura inguratu eta botoiari eman diot. Halako batean, sototik etorri da. Atea ireki eta han daude biak, Jessica eta Lukas.

          «Kaixo», esan dit Jessicak. «Gabon», erantzun diot irribarre txiki batekin. Jessicak Lukasi begiratu dio, eta «zenbat denbora geunden Gari ikusi gabe, e?», esan dio. Lukas Jessicari begira geratu da. Ni, biei. «Lehen askotan egiten genuen topo berarekin, e?», jarraitu du Lukasi hizketan. Honek, ezer ez dio. Eta niri, ez zait berari esateko ezer bururatzen.

          «Eguraldi freskoa baina ederra egiten du», atera zait egoera batzuetarako gai izugarri ona dela beste behin ere frogatuz. Jessicak erantzun dit: «Bai horixe. Lukas eta biok parkean izan gara paseoan. Zein ongi ibili garen, e Lukas?», galdetu dio. Lukas isil- isilik begira daukat. Jessicak esan duena baieztatzeko bere modua izango dela pentsatu dut.

          «Biok jakin nahi dugu zer moduz zauden. Ezta Lukas?» jarraitu du isildu ere egin gabe Jessicak. «Ondo… ondo», pausatu, mantso eta nagi bat atera zait. Ezin diot Lukasi begirik kendu. Ahoa noiz irekiko duen zain jarrita bezala nago.

          Klink, entzun da bat-batean. Nire solairura iritsi gara. Atea ireki da. «Esango diogu agur?», galde egin dio Jessicak Lukasi. Horrek burua mugitu eta begiratu egin dio. Segidan, niri. Ahoa ireki du. «Agur» esatera zihoala imajinatu dut momentu batean, baina ez. Neronek agurtu dut. Edo agurtu ditut, biak… Ez dakit. Nahastu samar nago.

          Jessicak 72 urte ditu. Bakarrik bizi da 9 milioi biztanleko hirian. Baina ez zaio bakardadea gustatzen. Horregatik erabaki zuen Lukas zakurra etxera ekartzea. Hura du lagunik onena. Ordurik gehienetan, lagun bakarra. Eta harekin izaten ditu elkarrizketarik gehienak. Nik, ez dut bien arteko hizkuntza ulertzen. Baina uler dezaket biek elkarren beharra izatea.