2012/06/18

Alcatraz, ihesa

BERRIA, Larrepetit, 2012-06-16



          San Frantziskoko badiaren parean dagoen harkaitz baten gainean eraikita dago munduko kartzelarik ezagunenetako bat, 1933an ateak ireki zituena: Alcatraz. Besteak beste, Al Capone eta beste gangster ezagun batzuen bizilekua izan zen.

          Kartzelako horma arteko historiak lau haizeetara askotan zabaldu dizkiguten arren, aste honetan bertan bete dira oraindik argitu gabe dagoen eta Don Siegelek pantaila handian kontatu zigun ihesaldi baten 50 urteak.

          Bankuak erreskatatu ez baina lapurtzen ziren garaian, atxilo hartu, eta epaitu ostean kartzela famatura eraman zituzten John eta Clarence Anglin anaiak, Frank Morris eta Allen West.

          Denbora luzeko lanaren ostean, eta koilara eta azazkalak moztekoekin zenbait tunel egin ondoren, teilatuan zegoen haizagailu batera iristea lortu zuten. 1962ko ekainaren 11ko gaua zen ihes egiteko eguna. Gaueko zaintzaileak engainatze aldera, igeltsuz eta bizartegitik hartutako ileekin egindako buruak jarri zituzten ohean. Laurek elkartu behar zuten tokira, ordea, Allen West ez zen iritsi —arrazoiak oraindik ez daude argi—. Teilatutik jaitsi, zenbait itxitura pasa, eta ur ertzera iristea lortu zuten. Han, beraiek eskuz egindako baltsa bat akordeoi batekin, ping pong-eko pilota batekin eta botila betekin asmatutako sistemarekin puztu, eta betiko desagertu ziren badiako uretan.

          Hiru iheslariak itota hil zirela diote batzuek. Baina gorpuak ez dira sekula azaldu.

          Anglin anaien familiaren ustetan, bi anaiek Brasilera ihes egitea lortu zuten. Amak, 1973an hil zen arte, bere urtebetetze egunean, inolako oharrik ez zuen lore sorta bat jaso zuen urtero. Hiletara bi anaiak emakume jantzita azaldu zirela dioten ustea ere hortxe dago.

          Alcatraz itxi zela, mende erdia, datorren urtean beteko da. Argitu gabeko halako misterioek jateko gustagarria ematen diote nirea bezalako irudimenari.