2012/11/27

Indioilarra

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-24



          Bereziki indioilarra mahaietako izar bihurtzen da AEBetan, thanksgiving egunean (eskerrak emateko egunean). 300 milioi indioilar hazi dituzte aurtengorako, eta kasik denek laberen batean bukatu dute.

          Izan ere, indioilarrak, egun horretan, biltzeko funtzioa du, batzekoa. AEBetako familia asko eta asko apenas elkartzen diren urtean zehar: distantzia handiak dira aitzakia, lan erritmoa, edo familia ulertzeko modu desberdina. Ordea, egun horretarako, kilometro asko egiten dituzte, eta ospakizunaren eta otorduaren aitzakian, urtean zehar Skype bidez bakarrik ikusten dituztenekin egon daitezke aurrez aurre: barre edo negar egiteko, kantuan edo dantzan aritzeko, albisteren bat edo beste emateko, haserretzeko, trapu zahar eta berriak mahai gainera ateratzeko… familian egoteko, alegia!

          Joera hori, ohitura hori, ordea, aldatzen ari da zenbait lekutan. Hurrengo eguna, ostirala, Black Friday deitzen zaiona izaten da hemen: dendek urte osoko prezio eskaintzarik handienak egiten dituzten eguna. Lehen, ostiral goizaldean irekitzen zituzten ateak, eta jende ilara luzeak egoten ziren zain, lasterka sartu eta dirua gastatzeko. Gaur egun, zenbait leku, indioilarra jan eta berehala irekitzen dituzte. Ondorioa? Familietako tertulia asko hautsi, elkarrekin egoteko aukera gutxietakoa alde batera utzi, eta erosketak egitera joatea.

          Familia batzuentzat, egun horretan etxe giroan egoteak oraindik ez du preziorik. Baina beste askori, hemengo familia eredua prezio garesti samarra ordainarazten ari zaie: bakardadea edo familia berekoen arteko erlazio hotzak, adibidez.

          Izan ere, indioilar haragia, modu berezian prestatzen ez bada, edo saltsa pixka batekin laguntzen ez bada, goxatzen ez bada, azken finean, lehor samarra izaten da.

          Alde ederrekoak, zentzurik zabalenean, gure mahai bueltak eta baserriko oilaskoak!

Iruzurgilea ofizioz

BERRIA, Larrepetit, 2012-11-17



          Duela sei hilabete hartu zuten Toshio eta Norikok hiru astetarako New Yorkera etortzeko erabakia. Beste gauza askoren artean apartamentuen eskaintza munduko hainbat hiritan egiten duen Craigslist-en webgunera jo eta aurkitu zuten gustuko bat. Benetan itxura zoragarria zuen argazkietan East Villageko leku hark. Jenny zela zioen batekin e-mailez dena lotu zuten: Western Unionen bidez 2.000 dolar aurretik ordaindu behar zituzten erreserba egiteko eta gainontzeko guztia iritsitakoan.

          Esandako helbidera joan dira, eta Jenyk esan bezala, atezainari giltza eskatu diote: «Zer giltza?». «12 F apartamentua daukagu alokatuta Jenyrekin, 3 asterako». «Barkatuko didazue, baina hemen ez dago, ez 12 F-rik ezta Jenyrik ere. Iruzurra egin dizuete».

          Fran New Yorkera iritsi berri da. Apartamentu edo logela bat nahi du, eta iragarki batean ikusi du beretzako moduko bat. Idatzi, eta Robertek erantzun dio: «Ezustean, eta lan arrazoiengatik, hiritik korrika Oregonera alde egin behar izan dut. Eta orain, konfiantza ematen didan norbaiti alokatu nahi diot nire lekua». Franek, beraz, fio daitekeela erantzun dio. Robertek eta biek elkarren berri eman diote e-mail bidez. Franek etxea ikusi nahi du. Eta Robertek esan giltzak berekin eraman dituela Oregonera, baina nahi izatera, kanpotik ikusi dezakeela eta barruko argazkiak bidali egingo dizkiola e-mailez. Hala egin dute. Diru seinale bat jasotzean, giltzak Franki bidaltzekotan geratu da. 400 dolar ordaindu ditu Frankek. Ez zaizkio sekula giltzak iritsi. Ez du Roberten e-mailik berriro jaso.

          Egunero edonork aurkitu ditzakeen iragarki iruzurtiak dira. Eta mundua handia denez, beti dago, harantzago edo honantzago, amuari kosk egiten dion norbait. Ez ahaztu: iruzurgilearen ofizioa iruzur egitea da. Horretarako dauka egun guztia, abilezia, pazientzia eta irudimena. A, eta noski: on line dago!