2013/06/08

Buruaren kontrola

Larrepetit, 2013-06-08



          Pertzepzioa da, ustea, baina gero eta etxerik gabeko gehiago ikusten da New Yorken azken aldi honetan. Ez da nirea bakarrik: inguruko hainbatek ere gauza bera ikusten dute. Eta horren arrazoietako bat ditxosozko aurrekontu jaitsiera da.

          Kalean, aterpetxeetara joan gabe ikusten diren etxerik gabeko gehienek buruko gaitzak izaten dituzte edo osasun arazo larriak. Eta lehendik urriak ziren haiei laguntzeko zerbitzuek diru gutxiago dutenez, errealitate gordin hau bistakoagoa da kalean.

          Estatu Batuetako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak eman berri dituen datuei erreparatu: bost estatubatuarretik batek du buru osasun arazoren bat, eta 3 eta 17 urte arteko haurretan ere portzentaje bera mantentzen da. Urtero 45 milioi estatu batuarrek izaten dute depresioa, elikaduraren trastornoren bat, trauma ondorengo estresa edo droga kontsumoen ondorioren bat. Eta gaixo hauen ehuneko 60a ez da sekulan sendabidean jartzen. Umeetan, erdiek bakarrik jasotzen dute tratamenduren bat.

          Zifrak handiak dira. Izugarriak. Eta gaiari adarretatik heldu beharrean eta aurrerapauso bat eman beharrean, alderantzizkoa egin da: 4.500 milioi dolarretan moztu tratamenduetarako diru laguntzak.

          Gaixo hauek ilunpetatik atera behar direla esan berri du Obamak. Seguruenera, Estatu Batuetan gertatu diren hilketarik handienen egileek patologia psikiatrikoren bat dutela gogoan izanda.

          Osasuntsu dagoen gizarte batek buru osasuna ere maila berekoa izaten du; baina burua ondo duena kontrolpean izatea, mantentzea, askoz ere zailagoa izaten da. Beraz, horrekin ondoriozta dezakegu botereei komeni zaiela buruaren kontrola izatea!

          Puf! Herrialde honetako konspirazioaren teorien etenik gabeko susmoak hezurretaraino sartu zaizkidala konturatu naiz. Nire buruak ere terapia behar ote du?

2013/06/06

Manhattango artzaina

BERRIA, Larrepetit, 2013-06-01







Duela 45 urte hartu zuen Bizkaiko kostaldeko herri txikia utzi eta “ameriketara” etortzeko erabakia. Idahon lur hartu zuen, eta garai hartan gauza bera egin zuten euskal herritar askok bezala, artzain lanetan ibili zen.

5 urte luzeren ondoren bueltatu zen etxera. Baina, hilabete batzuk pasa ostean, berriro ere Atlantikoa gurutzatzea erabaki zuen: oraingo honetan ordea, New Yorkeko asfaltozko larreak aukeratu zituen bizitzeko.

Pan American World Airlines indartsu zegoenean, JFK aeroportuan aritu zen pista berriak egiten, handik Washington Bridge zubira, eta gero, Harlem beltza zenean, eta 42. kalea kale zenean, New Yorkeko txoko-zokoetan, lur gainean eta lur azpian,  etenik gabe lanean aritu zen.

70. hamarkadaren hasieratik ez du Kantauri Itsasoa bere begiz ikusi.

Non hago, zer larretan? Galdetu izan diote. Eta berak, Manhattango 19. kaleko bere txabolatik, eskuz idatzitako gutuna bidali izan die, ondo nago esanez.  

Ez du telefonorik sekulan izan. Bankura, beti joan da kartilarekin. Eta ez galdetu ipad-a nola erabiltzen den. Baina eseri bere ondoan, eta entzun zenbat daukan kontatzeko.
             
          Hemengo bizimoduaren erritmo berera pasa zaizkio urteak. Konturatzerako 80 ditu. Erretiroa hartuta badaramatza batzuk. Eta egindako lanen ajeak, bakardadearekin iritsi zaizkio.

Manhattango artzain txabolako ohean etzanda, bere bizitza iruditan pasatzen ikusi izan du etenik gabe. Eta horrek, denborarekin, barruko tristura ekarri dio. Baina urte hauetako bere independentziak bultzatuta, ez du etxearen goxora bueltatzeko imintziorik egin.         
          
          Gaur arte. 40 urte luze eta gero, berriro Kantauri itsasoarekin eta itsasertzarekin, Bizkaiko baserri ondoko larreekin, usainekin, haizearen freskoarekin, xirimiriarekin, eta noski, bere odolekoekin elkartuko da. Hamarkada askoren ostean, Manhattango Gabriel artzaina, etxera itzuli da.