2011/02/18

Juanjo Mena orkestra zuzendaria


Juanjo Mena: «Parean dudan taldea ulertzean datza arrakastaren %60»

BBCren Orkestra Filarmonikoa zuzentzen hasi aurretik, AEBetan kontzertuak ematen ari da zuzendari arabarra
Garikoitz Udabe New York

          Carnegie Halleko agertokia musikari gaztez beteta dago. Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra sartu da txalo zaparrada handi baten ondoren. Zuzendari makila altxatu, eta bere eskuaren lehendabiziko mugimenduarekin biolinak hasi dira hizketan. 

          Emanaldiaren aurretik nekatuta azaldu da zuzendaria. Oso egun gutxiren barruan Chicagon, Baltimoren eta Filadelfian izan da lanean, lorik egiten ez duen hirira iritsi aurretik. Baina nekeak ahaztu egiten dira Curtis Orkestra Sinfonikoa edo horrelako gazte orkestra bat aurrean duzunean. 
 
          Carnegie Hallen «ez du edonork zuzentzen», dio Menak, «musikaren munduan kontuan hartzen direnek bakarrik lortzen dute hemen zuzentzea». Bilboko Orkestra Filarmonikoaren aretoan bezala sentitzen da: «Han dauden zuzendari handien koadroak ikusita beldurra ematen dizu agertokira ateratzeak». Horregatik, beti bezala, daukan guztia ematera atera da.
 

          Hilary Hahn biolin jotzaile bakarlaria sartu da agertokian hori koloreko soineko bat jantzita. Jennifer Higdonen biolinerako kontzertuajo du orkestrak lagunduta, zergatik bilakatu den izar argi erakutsiz.  

          Arrakastaren gozoa dastatu berri iritsi da Mena New Yorkera. Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, munduko onenetakoa, zuzendu berri du. «Oraingoz, zuzendu ditudan hiru handietatik onena» izan dela azaldu du. 

          «Programa oso ederra zen. Musikariekin bat egin nuen, eta bigarren egunean zein gustura zeuden esatera etorri zitzaizkidan. Berriro beraiekin nahi zaituztela entzutea oso atsegina da». Atlanta, Houston, Norvegia eta Denver dira zuzendariaren hurrengo geltokietako batzuk, irailean BBCren Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularraren lanari heldu aurretik. «Mundu honetan zerbait esateko badudala
baieztatzeko» balio izan dio Menari izendapenak. «Ikasi egingo dut asko, arlo guztietan oso prestatua dagoen jendea aurkituko dut, eta esparru artistikoan nik ere hala eman beharko dut». Aukera momentu «izugarri egoki eta aproposean» iritsi zaiola gaineratu du. 



«Ez dakit non nagoen» 
 
          Isilik dago jendea, adi, zuzendariaren aginduetara musikariak sortzen ari direnarekin gozatzen. Mugimenduetako batean batutak ihes egin dio eta jende artera erori da. Makilarik gabeko eskuak, ordea, ez dira geratu. Ezta zuzendariaren keinu, begirada eta espresio esanguratsuak ere. Denen arteko konbinazioa beharrezkoa du taldea nahi duena sortzera eramateko.  

          Zalantzarik gabe, lanik ez zaio falta zuzendari arabarrari. «Momentu honetan ez dakit ondo non nagoen. Ikusiko dugu zer lor dezakegun », dio, baina orain sekretua «oreka bilatzea» izango dela argi dauka. «Abesten zuen bakarlari batek behin esan zuen bere ibilbidea proiektuei ezetz esanez egin zuela». Izan ere, orain eskaintza ugari ditu Menak, orkestra askotatik jaso du gonbita, «baina gauza guztien gainetik, familia
dago; niretzat oso garrantzitsua da».
 

          Hamasei urte zituela esperimentatu zuen lehen aldiz Menak talde bat zuzentzea zer den. «8 eta 14 urte arteko neskatxen eskolania bat» zela ondo gogoan du. Orduz geroztik zenbatetan jarri den zuzendariaren batuta hartuta ez daki, baina hainbeste orkestra zuzentzeko sekretua zein den galdetuta, «aurrean duzun taldea ulertzen jakin behar da, energia trukatzen jakin, noiz askatu eta noiz lotu jakin…», erantzun du. «Uste dut nire arrakastaren %60 parean dudan taldea ulertzean datzala ». Edozein zuzendarik behar duen psikologia da, beraz, arrakastaren giltza.  

          Xostakovitxen 5. Sinfonia-rekin amaitu da kontzertua. Lau bider atera da zuzendaria jendearen txalo artean agertokira, eta musikari gazteak egin ditu protagonista; kasik denak banaka altxarazi ditu eta aretoan oihu eta txalo zartada ozenagoak eragin.

2011/02/16

Arma, tiro, pun…




Izen propioak eta lekuak aldatzen dira, baina ondorio bera dute: armak kontrolik gabe erosi eta erabiltzen dituztenen sarraskia; merkatuetan, eskoletan edota espero ez den edozein lekutan 9.500 hilketa izaten dira gutxi gorabehera urtean, AEBetan.
                                                           
Garikoitz Udabe New York

          Mi n n e s o t a n , 2005ean, 16 urteko nerabe batek bederatzi pertsona hil zituen, eta gero bere buruaz beste egin ikastetxean. 2007an, 23 urteko ikasle batek 32 pertsona hil zituen Virginia  Tech unibertsitatean; horrek ere, bere buruaz beste egin aurretik. Hemeretzi urteko gazte batek, asaltoko fusil bat erabilita, zortzi lagun hil zituen Omahako (Nebraska) merkataritza zentro batean. Hurrengo urtean, Bizarzuriz mozorrotutako gizonezko batek Eguberrietako jai batean bederatzi pertsona hil zituen, eta bere buruaz beste egin. 2009an, buru gaixotasuna zuen gizon batek hamar lagun hil zituen, tartean bere ama, Alabaman. Psikiatra militar batek, berriz,  hamahiru pertsona hil eta 42 zauritu zituen base militar batean. 2010eko urtarrilean, zortzi hildako, Virginian; abuztuan, zortzi lankide hil zituen beste batek, suizidatu aurretik.

2011. urtea: Tucsongo (Arizona) kirol denda batera sartu zen gazte bat. Glock 19 erdi automatiko bat eskatu zuen. Galdera askorik erantzun beharrik gabe eta armak erabiltzeko inolako debeku edo  eragozpenik bazuen ziurtatu gabe, pistolagatik 499 dolar eta 33 balako kartutxoarengatik 45 dolar ordainduta, dendatik atera zen. Urtarrilaren 8an, sei pertsona hil zituen, tartean 9 urteko neskatila bat. Hamalau zauritu zituen 22 urteko Jared Lee Loughner gazteak, eta horien artean Gabrielle Giffords politikaria. 



 Filmetako sinopsiak diruditen arren, askotan errepikatzen den errealitatea da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Izen propioak eta lekuak aldatzen dira, baina ondorio bera dute: su armen bidez eragindako heriotza.

90eko hamarkadan estatubatuarren %75ek  defendatzen zuten armak kontrolatzeko legeen beharra. Orain kaleratu berri diren zenbait inkestek erakutsi dute %44era jaitsi dela zifra hori.

Azkena Arizonako tiroketa batean gertatu da; armak izateko eskubidea defendatzen duen Gabrielle Giffords kongresuko politikari demokratak jaso zuen buruan tiroa. Eskubide hori eta legedi malgua baliatu zuen Loughner burutik gaixoak.

          Ahots asko dira egun hauetan legeetan aldaketak egin behar direla aldarrikatu dutenak, baina NRA National Rifle Associationek duen eragin politikoak, su armak edukitzeko eskubidea defendatzen dute, eta errepublikanoen aldeko sektore atzerakoienaren, Tea Partyaren indartzeak, hainbat estatutan armen kontrolerako indarrean zeuden araudi eta legeak bertan behera geratzea ekarri du. Errepublikanoek bertan egindako aldaketei esker, Arizona da askatasun handiena  dagoen estatuetako bat. Eta atentatuaren eragina ez da jendearen iritzian antzeman, baina bai salmentetan: Arizonako atentatuan erabilitako arma modeloaren salmenta %60 hazi da. Zenbait dendatan agortuta daude.

           «Pistolek ez dute hiltzen, pertsonek hiltzen dute». Edo «polizia ez zaizu babestera etorriko. Zu eta zure familia tirokatua, zauritua eta bortxatua izan ostean aztarnak jasotzera etorriko da»; halako argudioak entzuten dira NRA elkarteko partaide diren zenbaitzuen ahotik —lau milioi ditu guztira—. Konstituzioaren bigarren zuzenketak babesten du eskubide  hori, eta, besteak beste, Tucsongo ekintzaren inguruan beraien elkartasuna adierazi diete zauritu eta hildakoen familiei.

 1993an Long Islandeko trena tirokatu zutenean senarra galdu zuen Carolyn McCarthy kongresistak urteak daramatza lege berrien alde borrokatzen, «eta berriro proposatuko ditut», esan berri duen arren, armagintzako lobby-aren aurka egitea «beti arazo izaten dela» aitortu du. Michael Bloomberg New Yorkeko alkatea da sutsuki legeen aldaketak defendatzen dituenetako bat.

Barack Obamak ere presidentetza lortzeko bere kanpainan agindu zuen su armak eskuratu eta edukitzeko legeak gogortu egingo zituela. Orain arte ez da halakorik etorri, eta badirudi bere agenda politikotik kanpora geratuko dela hain korapilatsua gerta litekeen gaia.

Beroaldian, zenbait politikarik eztabaida mahai gainean jarri dute. Baina hildakoez familiakoak bakarrik gogoratzen direnean barealdia ere etorriko da, beste askotan gertatu izan den bezala.



Urtero milaka heriotza

Ronald Reagan presidentea hiltzeko saioan zauritu zen prentsa arduradunaren izena darama Brady Campaign elkarteak;hark emandako datuen arabera, guztira 283 milioi arma daude zibilen esku. Urtero 4,5 milioi arma berry —bi milioi eskuko pistola— saltzen dira. Bigarren eskuko salerosketa bi milioi su armetakoa da. Kopuru horren eragina ere zenbakitan konpara liteke beste zenbait herrialderekin: armen eraginez, urtebetean 17 pertsona hiltzen dira Finlandian, 35Australian, 39 Ingalaterra eta Galesen, 60 Espainian, 194 Alemanian eta 200 Kanadan. Datu horietatik oso urrun daude AEBetakoak: urtean 9.500 heriotza inguru izaten baitira gutxigorabehera, su armek eraginda; eta 66.800 bala zauritu. 1968. urteaz geroztik, milioi
bat estatubatuar hil omen dira su armen eraginez.

AEBetako 22 estatutan baimenduta dago jatetxeetara armekin sartzea; Arizona, Georgia eta Virginian bezala, Tennessee estatuan ere alkohola zerbitzatzen duten tabernetan su armarekin edonor sar daitekeela erabaki berri dute.


 Samuel Hoover 
 Legal Community Against Violence-ko abokatua

«Errazegia da arma bat eskuratzea»

Legal Community Against Violence (LCAV) 1993an San Frantziskoko California Street-en abokatu etxe ezagun batean izandako arma erasoaren haritik sortu zen. Hamar lagun hil ziren, tiratzailea tartean, eta bost lagun zauritu. Orduz geroztik, arma kontrola bultzatuko duten legeak nahi dituztenei aholkularitza zerbitzua eskaini diete. Bederatzi urte daramatza bertan lanean Samuel Hoover abokatuak.

Zer gogoeta egiten duzu Tucsongo hilketaren ostean?

Tiratzaileaz asko hitz egiten ari garela uste dut, baina ez Arizonan eta AEBetan dauden armen inguruko legeez, eta horiek nola horrelako gertakariak ahalbidetzen dituzten. Kasu honetan ez da ahaztu behar tiratzaileak zein erraz eskuratu zuen arma, nahiz eta osasun edo buruko arazoak dituen. Kontuan izan behar da armen %40 salerosketa pribatuan edo legez kanpokoan lortutakoak direla, eta horietan ez dela eroslearen buru osasunaren azterketarik eskatzen. Eta bestalde, legea hausten direnen kasuan legeak ere ez dira behar luketen bezain gogorrak. AEBetan errazegia da arma bat eskuratzea.

Eskubide garrantzizkoa eta beharrezkoa al da arma bat horren erraz eskuratzeko aukera izatea?

Gure elkartea ez dago batere ados AEBetako Auzitegi Gorena egiten ari denarekin: konstituzioko bigarren zuzenketa interpretatu du, eta edonork eskuko arma bat etxean izateko eskubidea berretsi du, geure burua defendatzeko dugun eskubidearen izenean. Ez da guk egiten dugun interpretazioa,ez eta babesten dugun ikusmoldea ere, baina Auzitegi Gorenak hala erabakita dauka. Etxean, arma ez da tresna segurua inorentzat. Askotan, etxean bertan bizi direnen, familiaren eta lagunen aurka erabiltzen baita.

Armekin eragindako biolentzia izurritea al da gaur egun AEBn?

Izurrite modukoa da hildako asko eragiten dituelako egunero, eta eragin handia duelako familietan, komunitatean, gizartean. Kanada eta Australiak gurekin dituzten antzekotasunak kontuan izanda, armen kontrol zorrotza daukate, eta ez da hemen gertatzen dena ikusten. Horregatik pentsatzen dugu araudi zorrotzagoak indarkeria mailaren beherakada ekarriko lukeela. Kontuan hartu behar da Mexikoko mugatik, esate baterako, legez kanpoko milaka arma pasatzen direla, eta guk ardura izan behar dugu kasu honetan Mexikori hori gerta ez dakion laguntzeko. Horretarako legeak gogortu behar direla uste dugu. Arrazoi ekonomikoak daude horren atzean, ordea, eta horrek indar handia du.

Zeintzuk dira arrazoi ekonomiko horiek?

Armen lobby-a izugarri indartsua da. Diru asko mugitzen dute, eta hainbat politikarirengan eragina du. Desafio modukoa da lege federalak aldatzeko proposamena egitea.

Zer egin dezake orduan kongresuak Tucsongoa bezalako sarraskiak berriro
gerta ez daitezen?

Gure elkartea sortu zenetik 25 edo 30 arau eta erabaki hartzera bultzatu ditugu politikari eta legegileak. Horiekin halako gertakariak eta beste zenbait kalte ekidingo liratekeela sinesten dugu. Garapenean dauden hainbat herrialdetan ere ez dira ikusten hemen armen erruz ditugun kalteak. Arma jabeen kontrol zorrotzagoa behar-beharrezkoa dela uste dugu, eta, horretarako, legeak gogortu egin behar dira.

Eta Barack Obama presidentea nola dabil gai honetan?

Obamak izan zuen kontrol gehiagoren aldeko politikak egiteko asmoa; hori da, behintzat, esan zuena. Baina iritzi horretakoa izanda ere, gaur egun kongresua osatuta dagoen bezala kontuan hartuta, geratu egingo lituzke proposamen horiek guztiak. Errepublikanoak izan dira armen aldeko defentsa beti egin izan dutenak. Lanean jarraituko dugu etorkizunean aldaketa gerta dadin.

Legal Community Against Violence zuen elkarteak armen legeen inguruko
aholkularitza eskaintzen du. Zein ezaugarritako bezeroak izaten
dituzue?

Publiko zabalari eskaintzen dizkiogu gure zerbitzuak dohain, baina gehienbat estatuetako legegileekin, gobernadoreekin, herrietako komunitateekin, alkate eta zinegotziekin, abokatuekin, eta bertako legegileekin ere aritzen gara —nahiz eta maila federalean zaila daukagun erabakiren bat hartzea—. Ahal dugun neurrian, armekin eragindako indarkeria ekiditeko balio dezaketen erabakiak hartzeko bidean beharrezko duten lege aholkularitza ematen diegu. Ekintzaileekin ere aritzen gara eta haien zalantzak argitzen saiatzen gara.

2011/02/14

Grammy moment


Aurtengo Grammyetako une dibertigarrienetako bat. Cee-Lo Green eta Gwyneth Paltrow elkarrekin, eta nola ez, Muppets famatuak ondoan. Dantzarako gogoa ematen du...





Gora bihotzak

Txokolate argi, ilun eta zuria, lore sorta, pitxi bat, lepokoa, jertse bat edo New Yorken aurkitu ditzakezun ezertarako balio ez duten ziento bat tontakeri…  Gaur, denek dute bihotz forma edo laxo gorridunen bat!  Izan ere, hemen San Valentine’s Day ospatu egiten da. Asko. Izugarri. Gehiegi? Gauza asko bezala herrialde honetan, akaso bai. 

Ikustekoa da kalean paseoan zoazela arropa denda, gozodenda, okindegi edo mertzeriek zer nolako “bihotz” eskaintza egiten duten. Sekulan hainbeste bihotz ikusi gabekoa nintzen: jatekoak, zupatzekoak, ukitzekoak, janztekoak, putz egitekoak, bultza egitekoak,…  Bihotzak, gaur nagusi New Yorken.  Eta horrekin lotuta, maitasun deklarazioak. 

Akordatzen naiz pasaden urtean nola jarri zuten Times Squar-en izotzezko bihotz erraldoi bat. (Hona hemen irudia)



Eta zer egokiagoa, belauniko jarri eta zure bikotekideari ezkontzeko ziento bat pertsonen aurrean eskatzea, hura izozturik  uzteko? Pare bat aldiz tokatu zitzaidan, bihotzaren aurrean jarri eta eraztuna atera eta eskaera egiten ikustea.  Turista jendearen txalo zaparrada handi batez lagunduta noski, udaletxeak antolatutako ekitaldi bat izango balitz bezala. Halako publikoarekin, edozeinek esaten dio “ez, ez dut ezkondu nahi zurekin” , pentsatu nuen nire baitan! Orduan bai geratuko zela bihotza bezain izoztuta belauniko jarritako hura. 

Aurten ez dute halakorik jarri. Baina Manhattango bihotzean, ezin ba halakorik falta eta hara zer egin duten: taldean sortzen den bihotza jarri. Gutxienez dozena erdi bat lagun behar dira bihotza egiteko. Irudietan ikusi  dezakezue gero nola buelta pare bat ematen dituzten ordulari bat izango balira bezala. Eta hemen ere, ondoan, jendea txaloka! “Gora bihotzak” oihu egiteko gogoa sartu zait. Baina ez dut egin. Bihotzik gabeko poliziaren bat lozorrotik esnatzeko gogorik ez dut izan..  



2011/02/13

NAICA


  NAICA Naia Mandaluniz eta Carlos Noain euskal musikarien proiektua da. Atzo, Euskal Etxean kontzertua eskaini zuten. Ederra izan zen. Hara inguratutako 40 lagun inguruk ederki gozatu genuen ordubete eskaseko emanaldiaz. Hemen dituzue atzoko argazki batzuk, eta zer nolako musika egiten duten entzun nahi izatera, hara myspace-ko linka. 


Irailean beraiei buruz idatzi nuen erreportajea ere irakurri nahi izatera argazkien ondoren daukazue.





Musika eskaintzak ugariak dira New Yorken. Naica da horietako bat. Bi euskaldun musikarik pentsatu, sortu, landu eta garatutakoa. Naia Mandaluniz eta Carlos Noainen musika proiektuak bidea ireki nahi du hirian.

Euskal doinuak New Yorken

Garikoitz Udabe New York

Carlos Noain Hondarribikoa da, eta Naia Mandaluniz, berriz, Gernikakoa. Norberak bere herrian hasitako ikasketak Musikenen egindakoekin osatu zituen, eta orduz geroztik, askok dioten moduan, sekula amaitzen ez den musika ikasketekin jarraitzen dute. 

Rotterdam eta New York izan ditu etapa horietan geldiune, besteak beste, 27 urteko Noainek, eta Bartzelona, Utrecht eta New York 28 urteko Mandalunizek. Ez dira bakarrik ibili. Musikari guztien antzera lagun fidela beti alboan hartuta egin baitituzte bidaia horiek guztiak: klarinetea, Noainen kasuan, eta zehar flauta, Mandalunizenean.

          Biak musikari lotu dira, eta musikak biak lotu ditu. Gaur egun senar- emazte baitira. Duela bi urtez geroztik bizi da Carlos Noain New Yorken, eta urtebete geroago etorri zen Naia Mandaluniz. Brooklyn dute bizitoki, eta musika irakatsi eta jotzetik ateratzen dute bizimodua aurrera.

Hain zuzen ere, ederki egiten dakitena «erakusteko gogoagatik eta musika eskaintzeko desioagatik » sortu zuten duela bederatzi hilabete Naica izeneko proiektua. Izenak berak dioen moduan, Naia eta Carlos dira proiektu horretako zutabe nagusiak, arimak, baina «beste zenbait musikarik parte hartzeko antolaketa malgua du proiektuak», Mandalunizen hitzetan.

 «Urteetan izan dugun esperientzia kontuan hartu eta, besteak beste, indie, pop eta elektronika estiloek lekua duten proiektu gisara sortu zen Naica», gogoratzen du Noainek. Musika lasaia egiten dute, tempo erlaxatuetan oinarritua. «Orfidal musika deitzea gustatzen zaigu», dio Mandalunizek irribarre txiki batekin, «oro har ez dugulako musika denbora-pasa gisa ulertzen, baizik eta entzulearen arreta eskatzen duen zerbait sakona gisa».

 Bi musikari euskaldunen prestakuntza klasikoa nabarmen geratzen da haien eskaintzan. «Mozart eta Bach-en zale amorratuak gara, eta klarinetea eta flauta dira gehien ezagutzen ditugun instrumentuak».

Hala ere, zuzenekoan musika tresnen familia handitu egiten dute: gitarra, pianoa, glockenspiel… «Asko gustatzen zaigu musika instrumentu batetik bestera pasatzeko dinamika hori, oso dibertigarria da guretzat», dio Noainek. Horregatik horiek denak jo ditzakete emanaldi bakarrean. 

«Kantatu ere egiten dugu», zehaztu du Mandalunizek, «lau kantutan, hain zuzen ere». 

Noain musika elektronikoaren alde esperimentalaren zalea da, eta, horregatik, «Max-MSP softwareak erabiltzen ditut sintetizadoreak eta erritmoak sortzeko».

 Hain zuzen ere, musika tresna, software eta ahotsen familia oso bat bezala ulertu beharra dago proiektu hori. Elkarren arteko jolasaren ondorio da Naica. 

 «Hiri zoragarri honetako eskaintza aktibo bat izan nahi dugu », dio andalunizek. Galerietan, metroan, kalean edo lagun baten etxean jotzea esan nahi du horrek, «hiria gure musikarekin bonbardatzea», alegia. Eta horretan dabiltza. 

New Yorkeko Sohoan egin zuten lagun artean Naicaren aurkezpena. Geroztik Cervantes Institutuan ere jo dute, eta egindakoarekin eta jasotako erantzunarekin oso gustura dago bikotea: «Orain diskoa kaleratu behar dugu. Ia bukatuta dago, eta hori zabaltzen jarriko ditugu indarrak».

 Itsasoaren bestaldean, etxean alegia, zer egiten duten erakustea asko gustatuko litzaieke. Gainera, ingelesez, gazteleraz eta euskaraz abesten dute, eta, besteak beste, Anari eta Lisaborekin jotzea «zoragarria izango litzateke bikotearentzako.

 Naica, ordea, ez da lantzen ari diren proiektu bakarra: Cedric Needs Us taldeko kideak ere badira. «Sei laguneko taldea gara, eta Naicaren alter ego-a bezala uler dezakegu». Klarineteak, flautak, pianoak, baxuak, bateriak, gitarrak eta ahotsak osatzen dute familia txiki hau. «Musika mugituagoa da, baina erritmo baseek garrantzi handia  ute», dio Noainek. Une honetan talde horrekin kontzertu asko egiten ari dira New Yorken.

 Etorkizunari begira, ahalik eta gehien jotzen jarraitu nahi dutela diote. Urte amaierarako Naicaren diskoa grabatzen bukatu eta beraien doinuak lau haizetara zabaltzen jarraitzea dute asmoa. New Yorken eta Euskal Herrian, Rotterdamen eta Berlinen, entzule askoren eta gutxiren aurrean, formatu txikian eta handian, baina beti egiten dutenaz gozatuz, sentituz eta sentiaraziz.