2013/05/16

4000 gehiago

Larrepetit, 2013-05-11



          Amanda, Georgina eta Michelle, hamarkada luzean Clevelandeko etxe batean Ariel Castrok bahituta eduki dituen gazteen kasuak zur eta lur utzi du Estatu Batuetako gizartea. Zein erraz esaten den 10 urte halakoetan. Baina begiak itxi, eta nerabezarorik gabe geratu diren hiru neska hauen tokian geure burua irudikatzeko ariketa eginez gero, niri, behintzat, oilo ipurdia jartzen zait!

          Etxean dira hirurak, familien goxoan. Ikusten ez diren zauri horiek, barru-barrukoak, senda litezkeen toki bakarrean (inoiz sendatzen badira). Inork ezingo dio bizitzari utzitako lekutik heldu. Baina galdutako guztia beste nolabait berreskuratzen saiatzea izango da kontua.

          Datozen egun eta asteetan joango gara detaile gehiagoz ezagutzen hamarkadako gertaerak. Hiruretako norbaitek (edo hirurek) esklusiba ere emango dio ondo ordainduko dion telebistaren bati, eta Hollywood ere honezkero hasi da mugitzen.

          Fikziorako egokiagoa litzatekeen errealitate hau edo antzekoa bizi dutenak milaka batzuk dira, ordea. Egoera berean, ia beste 4.000 Amanda, Georgina eta Michelle daude desagertuta Estatu Batuetan.

          Desagertutako Haurren Zentro Nazionalak emandako datuen arabera, egunero 2.000 haurren desagertzeak salatzen dira. Horietatik ehuneko 80a umeen ihesaldiak izaten dira. Ehuneko 1a izaten da hiru neska hauen antzeko bahiketaren bat. Baina portzentajeak baxua ematen badu ere, milaka familiak ez dakite non dagoen egun batean desagertu zen etxeko txiki hura.

          Michaelaren amak duela 25 urtez geroztik alabari eskutitzak idazten dizkio, eta Interneten jartzen ditu haiek egunen batean irakur ditzakeelakoan. Phoenixek, berriz, 2011ko eguberrietako opariak zain ditu etxeko zuhaitzaren azpian.



          Esperantza omen da azkena galdu behar izaten dena. Eta aste honetan hori inoiz baino hauspotuago dago desagertuen familietan.

Unplug

Larrepetit, 2013-05-04



          Estatubatuarren parte hartzea sare sozialetan honako hau da: ehuneko 67 dago Facebooken, ehuneko 16 Twitterren, ehuneko 15 Pinteresten, ehuneko 13 Instagramen eta ehuneko 6 Tumblrren.

          Eguneroko bizimoduan, ordu askotan, etenik gabe, lanean, kalean, etxean on line dauden hiritarrak asko dira.

          New York bezalako lekuetan, badirudi, halako sareetan parte hartu gabe ez zarela existitzen. Oso arraro begira zaitzake jendeak inon ez zaudela esanez gero.

          Azken aldian, ordea, sarea on line bota beharrean, bizitza errealean eta aurrez aurrekoan botatzearen garrantziaz jabetzen hasi dira asko eta asko.

          Ziber nekeak eraginda, sare sozialek eskatzen zien morrontzaz konturatuta, zenbat denbora pantailari begira egon izan diren kalkulatuta, entxufeari tira egitea erabaki duten hiritarrak dira.

          Sare sozialetan erabiltzen zuten denbora, orain, maila profesionalean garatzeko (beste on line plataforma batzuk erabiliz askotan), eta erlazio pertsonalak lantzeko erabiltzen dutela diote hiritar hauek.

          Ez dira gehiengoa, baina gero eta New Yorkeko hiritar gehiagok egiten du hori. Ez dut jakin nola bataiatu duten joera berri hau. Baina hori dela orain cool-a zabaltzen bada, azalduko da norbait, izenen batekin.

          Ez dakit zergatik, baina muturretara jotzeko ohitura dago: edo dena, edo batere ez. Eta erdiko beste bideak zer? Aurrez aurreko erlazio pertsonala bezalakorik ez dagoela jabetuta, eta horri eutsiz, zergatik ez ziber tresnak erabili harreman horiek mantentzeko, jendearen berri izaten jarraitzeko, nahi duzuna nahi duzunean kontatzeko, elkarbanatzeko, informatzeko?

          Sarean gu kateatuta geratu beharrean, sarea guk botatzea bezalakorik ez. Eta bakoitzak erabaki dezala une bakoitzean non, nola, zein modutara eta zenbat denboraz. Baina on line aurrez aurrekoa konbinazio honek, nonbait, ez du oso erraza izan behar askorentzat.