2012/03/24

Txanoak

BERRIA, Larrepetit, 2012-03-24



          Duela hilabete, Floridan, Sanford-en, 17 urteko Trayvon Martin afroamerikarra, kalera atera zen litxarkeria batzuk eta freskagarri bat erostera. Etxera bueltan zihoala, George Zimmerman guarda boluntario zuriak ikusi zuen, eta horri, poliziari egindako deian esan zuen bezala, «gizon susmagarria» iruditu mutikoa: izerditzeko jertseko txanoa jantzita eramateagatik, besteak beste. «Arazoak sortzeko dagoela dirudi. Drogaturik dago. Euria ari du, eta hemen dabil atzera eta aurrera, ezer gertatuko ez balitz bezala». Polizia agentearen galderei erantzunez, «zerbait dauka esku artean; ez dut ulertzen zer egiten ari den, kabroi hauek beti ateratzen dira beraienarekin» erantzun omen zuen.

          Martin neska-lagunarekin hizketan ari zen telefonoz, Zimmerman bere autotik jaitsi eta gaztearen atzetik abiatu zenean. Martin laguntza eske entzun ostean, telefono deia moztu egin zen. Bizilagun batek ere negarrak entzun omen zituen, eta segidan tiroa. Bertan hil zen Trayvon Martin.

          Bere buruaren defentsan egindako ekintza izan zela argudiatuta, Zimmerman libre eta kargurik gabe utzi zuen poliziak. Eta horrek haserrea sortu du eta protesta asko eragin ditu. New Yorken bertan ere, asteazkenean ehunka lagun elkartu ziren, arraza diskriminazioa, eskubide zibilen falta eta justiziaren aurreko desberdintasuna salatzeko.

          Milioi bat txano Martinentzat kanpaina da haserre horren lekuko. 17 urteko gazte askoren janzkera, txanoa jantzita eramatea edo ez, azalaren kolorea, susmagarri izateko eta tiro bat jasotzeko adina argudio inondik inora ez direla salatzeko, 600.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte interneten. Zimmerman berehala atxilotzeko eta epaiketa egiteko eskatzen dute.

          Txanoak eta txanoak daude. Eta funtzio desberdina izan dezakete. Baina txanorik gabe, zaila izaten da gauza batzuk ezkutatzea, eta dena bistan geratzen da.