2013/02/16

Upel bereko sagardoa

BERRIA, Larrepetit 2013-02-16



          Eguna bukatzera zihoanean, hitz solteak idazten hasi nintzen: amorrua. Mina. Gorrotoa. Atsekabea. Samina. Tristura. Injustizia. Inkomunikazioa. Tortura. Errugabea. Ezjakintasuna. Jakin-mina. Jakin nahia. Beharra. Erasoa. Inpotentzia. Ahultasuna. Negarra. Harridura. Ulertezintasuna. Eskubidea. Indarra. Elkartu. Bateratu. Lagundu. Gogortu. Erantzun. Sentitu.

          Telefonoaren hotsarekin, oraindik ilun zela hasi zen otsailaren 20. hura: Torrealdairen etxeko atea txikitu, eta basakeria erabatekoan, bera, emaztea eta umeak, sustoz, izu-kolpez esnaraziz, gaizkile arriskutsu haren bila Guardia Zibila asaltoan nola sartu eta eraman zuten kontatu zidaten. Atzetik jakin nituen gainontzeko atxilotuen antzeko istorioak.

          Hasierako beroan, zer, zergatik, zertarako, nolatan, zein arrazoigatik gertatzen ari zen hura ulertzeko zailtasunak izan nituen. Hoztasunean, eraikitakoa suntsitzeko, herri izaera eta sentimendu bat akabatzeko sortutako azpijoko hartaz jabetu nintzen. Euskaraz bizitzea, ikastea, lan egitea, irakurtzea, idaztea, sentitzea, euskaldun izatea erabaki dugun milaka lagun delitu egile bilakatu ginen.

          Gizarteak emandako erantzunak, elkartasunak, bat egiteak, prentsa askatasunaren eta giza eskubideen defentsa hark poztu egin ninduen. Zenbaitzuen erantzun epelek, amorrarazi. Egunkaria-ko langile zirenen indarra, lanerako gogoa, animoa, berrantolaketa, eredugarri egin zitzaizkidan. Jende askoren esfortzuarekin BERRIA hutsetik sortzen ikustea, sentitzea, beste behin ere, zoragarria.

          Berandu bada ere, absoluzioa eta sententzia gogor bat etorri dira Madrildik, eta torturen inguruko sententzia Estrasburgotik. Baina hamarkada bat lehenago diseinatutako operazioa ez dago hilik. Auzi ekonomikoa hor dago oraindik. Eta ez ahaztu: dena upel bereko sagardoa da. Lehendabiziko egunean adinako babesa sentitzen jarraitu dezatela!