2012/06/30

Tatuajeak

BERRIA, Larrepetit, 2012-06-30



          Txikiak, handiak, koloretakoak, irudiak, letrak, itzalekin, gabe, beldurgarriak, erotikoak, benetako artelanak izan daitezke tatuajeak.

          Edonork ikusteko moduan egon daitezke, bistara, edo ezkutuan. Azken horiek urte sasoi honetan ageriago geratzen dira, arropa gutxiagoren eta hondartzaren eraginez. Baina badaude izugarri ezkutuan egoten direnak eta altxor preziatuaren gisara pertsona jakin batzuk bakarrik ikustera iristen direnak.

          Tatuajedun izugarri dago New Yorken. Denbora-pasa izaten da batenari eta bestearenari begira geratzea, edo zeurea parekoari erakustea. Eta aukera badago, noski, ezinbesteko galdera egitea: zer esan nahi du zure tatuajeak?, non eta nork egindakoa da?

          Loreak, olerkiak, errezoak, gurutzeak, bihotzak, dragoiak, tximeletak, deabruak, arrastoak, carpe diem, balance, pertsonen izenak eta askoz gehiago ikusi ditut.

          Pisu handiko esanahia izan dezake, eta zenbait kasutan funtzio estetikoaz harago doa azaleko irudia: babesa edo samina adierazteko, esate baterako.

          Guadalupeko ama birjina erraldoiaren tatuajea dauka bizkar osoan Jose mexikarrak. Fede izugarria dio. Berak esana: «Virgensita, virgensita, perdóname lo que estoy haciendo» esan, eta bizkarretik heltzen diola sentitu eta babesa nabaritzen omen du.

          Anderson, galtza bakero eta niki zabalak jantzita eta NY Yanke taldearen kapela buruan duela ibili ohi da. Aurpegira begiratuz gero, masailean, love is a pain (maitasuna mina da) esaldia dauka idatzita, letra beltzez.

           Behin egin eta betiko izaten zirela esaten zuten garai batean. Gaur egun kendu ere egin litezke.

          Barruan iltzaturik gelditutako tatuajeak, ordea, norberak bakarrik ikus eta senti ditzakeen horiek, bizitza osorako izaten dira, ezabaezinak. Nahiz eta tinta erabiliz azalera atera eta gero kendu, betirako geratzen da arrastoa edo marka.

          Galdetu bestela Andersoni.

2012/06/25

Beroa

BERRIA, Larrepetit  2012-06-23




          Aste honetan 38 gradutik gora egon gara. Bero zapagatik, lorik egiten ez duen eta egiten uzten ez duen aire egokituen lurraldea bilakatu da New York inoiz baino gehiago. Energia kontsumo demasekoak enpresari batzuen kontu korronteak ederki epelduko zituen.

           Izan ere, beroak, gauza asko aldatzen ditu horrelako hiri baten eguneroko bizitzan: freskagarri saltzaileen postuetan ilara luzeak ikus daitezke, izozkien musika kamioiak inurrien antzera ugaritzen dira, metroaren zain beroa usaindu liteke, izerdia ikusi, ukitu, sentitu. Turistentzako zaldiek jai izaten dute. Suhiltzaileen ur hodiak ireki eta jolasean umeek arnasa hartzen dute labe bihurtutako auzoan.

           Kaleetan barrena dauden zientoka dendek inoiz baino bisitari gehiago izaten dituzte. Ezer erosi nahi ez duena ere sartzen da izerdiaren bustia lehortzera. Wall Streeteko diru jokalariek, eguzkitako betaurreko beltzen atzean egun horretako galerak edo irabaziak ezkutatu nahian, kaleko errealitatearen berora bueltatzen direnean, hiritar batzuen barruko erreminarekin topo egiten dute: pazientzia errazago galtzen da merkurioak gora egiten duenean. Eta horren erakusgarri da hiriko trafikoan bozina jotzeen gorakada.

           Gobernuak freskatzeko egoitzak zabaltzen ditu: milaka dira horietara joateko beharrean izaten direnak. Kale izkinan dauden etxerik gabekoei ura erosten die jendeak, eta ondoan uzten, hidrata daitezen.

           Times Squarretik pasatu denak ehunka lagun aurkitu ditu yoga eginez arratsean. Argiz, pantaila erraldoiz, turistaz betetako munduko tokirik ezagunenean, oreka fisikoa, mentala eta espirituala lortzeko balio izan ez badie ere, sikiera udari eta beroari ongi etorria modu berezian ematea lortu dute.

          Beroak, aldaketa ekarri du city-ra. San Joan suarenak ere hala ekarriko ote? Onerako izango den ustearekin ospatuko dugu udako gau magiko beroa.