2013/05/01

Marte 2023

Larrepetit, 2013-04-27




          Estatu Batuetako Nathan, Kanadako Adam, Israelgo Yevgeni, Suediako Mia, Lituaniako Indre… Horiek dira, Lurraz nazkatuta, hamar urte barru, betirako Martera joatea nahi duten lagunetako batzuk.

          Mars One elkarteak antolatutakoa da casting hau. Eta edonork eman dezake izena haien webgunea erabilita. Zertarako? 2023an Martera astronauta gisa bidaiatu eta sekulan ez bueltatzeko. Asmoa, planeta gorrian giza kolonia bat sortzea da. Harrapazank!

          Ez dakit proiektuak aurrera egingo duen edo ez, posible den edo ez, baina mediatikoki oso ongi diseinatuta dagoen itxura guztia du. Mundu mailako Big Brother baten usaina hartzen diot. Orain izena emateko eta hautagaiak argazki txikitan ezagutzeko garaia da (El Conquistador saioan bezala).

          Atzetik aukeraketa etorriko da. Batzuk izendatu, eta kaleratu egingo dituzte, eta azkenera onenak iritsiko dira —ez nintzateke harrituko bidaiarietako bat munduko audientziak aukeratu behar izatea—. Gero entrenamenduak, prestaketak, elkarren arteko haserreak, rolloak, sexu pixka bat, eta azkenik, Marterako bidaia telebistatua.

          Eta ez merchandising-a ahaztu: kamisetak, jertseak, posterrak eta katiluak dagoeneko eskura litezke webgunean. Barbie eta Ken astronautak eta Marten entzuteko historiako 100 rock kanturik onenak ere ez dira urruti izango.

          Azkenean, egia bada, eta gizakia Martera bueltarik gabe bidaltzea lortzen badute, horrek gastu izugarria izango duela diote. Baina hara, babesle komertzialak dagoeneko webgunean daude. Eta, gainera, horrek datozen urteetan komunikazio aldetik eman dezakeen dirutza ikusgarria izan liteke. Eta audientzia lurtarra aizue! Milioiak eta milioiak!

          Honetan parte hartzeko prest dagoen jendea egoteak ez nau harritzen. Baina interesik handiena, norbaiten / norbaitzuen bankuetako kontu korronteetan dagoela esango nuke. Eta horiek Lurrean daude, eta bertan geratuko dira. Ez Marten.

John kantaria

Larrepetit, 2013-04-20



          Ekialdeko Harlemgo gure etxeko leihoa zabal-zabalik dago. Spanish Harlem deitzen zaio eremu honi. Dominikar asko dago, eta haien bachatak, afroamerikarren raparekin, mexikarren rantxerekin, Beyonce-ren azkenarekin eta Mikel Laboaren klasiko batekin nahasten dira. Aldameneko etxekoaren leihotik, errepidean pasatu den autotik, edo etxe azpian haizea hartzen dagoen gazte kuadrillaren musika aparatutik datoz doinuak.

          Bat-batean, ordea, eztarria urratu beharrean, kantari entzun daiteke norbait. John da. 25 urte inguru ditu. Belarritakoak jantzita dago, eta etenik gabe abesti bera kantatzen du. Hainbat minutu eman ditu etxe azpian. Gaur lehendabiziko aldia da, baina egunero egingo du gauza bera, askatasunaz hitz egiten duen kantu berarekin. Metroko tren bagoi berean ere topatu izan dut. Eta han ere ez du kantua alde batera uzten. Edo kantuak ez du bera uzten. Ez dakit seguru.

          Aste honetan, egun eguzkitsu batean, ohetik altxatu, eta seigarren solairuko bere gelako leihotik suteetako eskailerara atera da. Salto egin du kalera. Kantua, bat-batean isildu da. Bukatu egin da. Amaierara iritsi da.

          Berehala zabaldu da auzoan Johnena. Auzotar asko ikusi ditut negar malkotan. Maitatua zen mutila. Irabazten zituen sosak kafea eta zigarroak erosten gastatzen zituen. Etxe atarian jarri duten aldarean, kandelez inguratuta, han daude kikara eta tabakoa jarrita. Eta zintzilik dauden lagunen ohar oso sentituak irakur daitezke. New York bezalako hiri handien barruan ere auzotarrak daude, pertsonak. Eta komunitateko partaide diren aldetik, norbaiten galera oso sentitua izaten da.

          John, umetan, bortxatu egin zuten. Zama horrekin bizi behar izan du. Gertatutakoa ahazteko kantatzen zuela etenik gabe diote batzuek. Baina musika notak ez ziren nonbait nahikoa hori arintzeko. Kantua isildu denean, orain bai, orain aske da John kantaria, betirako.