2011/11/12

Nortasuna lapurtuko dizut

Larrepetit, 2011-11-12




          Nortasun lapurretak eta kreditu txartelarekin egindako iruzurrak dira Ameriketako Estatu Batuetan gehien eta azkarren gora egin duten krimenak azken urteetan.

          Informazioa momentuan bertan partekatzen eta trukatzen dugun aroan bizi gara, eta, horregatik, hamar aldiz aukera gehiago dauzkagu gure nortasuna beste batek erabiltzeko, inork guri autoa lapurtzeko baino.

          Alferrikakoa da «hori niri ez zait gertatuko» pentsatzea. 2010eko datuen arabera, 8,1 milioi pertsonak jasan zuten iruzur mota hau. Izan ere, milioika ez-legezko etorkinez betetako lurralde handi honetan, legez egon baina lan baimenik ez duten milioika atzerritar dauden lurraldean, ezagutzen ez duzun baten nortasuna hartzea eguneroko ogia da: lana lortzeko erabiltzen da, bankuetan kontu korronteak irekitzeko, tratamendu medikuak bilatzeko…

          New York bezalako hiri batera iritsi eta beste baten nortasuna behar izatera, berehala aurkituko duzu nortasun saltzaileak non dauden erakutsiko dizun norbait.

          Florida, Arizona, Kalifornia, Texas eta Georgia dira iruzur horiek gehien egiten diren estatuak. Eta guztiek dituzte ezaugarri berak: etorkinekin arazo handiak dituzten estatuak dira, turista asko hartzen dituzten lekuak, eta adineko pertsona asko bizi diren estatuak (nortasun lapurren gustukoenak haurrekin batera).

          Laster, Black Friday (azaroaren 25ean) eta Cyber Monday (azaroaren 28an) egunak datoz: super eskaintzen atzetik, Internet bidez milioika erosketa eta milioika datu trukaketa egingo diren egunak. A ze pagotxa!

          Baina gauza bat da paperekoa, txartelekoa, ordenagailukoa, jarri edo eman diguten zenbakia edo izena lapurtzea eta gero hori saldu eta erabiltzea. Erraza agidanean.

          Eta beste bat benetakoa, balio duena, barrukoa, sentitzen duguna, garena lapurtzea. Eta hori ez da ordenagailuaren klik batekin lortzen! Ez eta lege, muga eta zigorrekin ere.

2011/11/07

Lebowitz jauna

Larrepetit, 2011-10-05



Bihar da egitekoa New Yorkeko maratoia, eta dagoeneko, inor baino lehenago, helmuga gurutzatu eta zain jarrita dago Fischel Lebowitz jauna (Mr Lebow).

New York Road Runner (New Yorkeko Errepideko Korrikalariak) elkarteko presidentea izan zen urte askoan, eta berea da gaur egun maratoiak duen arrakastaren meritua: ibilbidea New Yorkeko bost auzotatik pasatzearen, 47.000 parte hartzaile eta bi milioi eta erdi ikusle kalera ateratzearen meritua. Alde ederra, 1970. urtean Central Parken egin zen lehendabizikoak 127 korrikalari izan zituela kontuan hartuz gero (55ek bukatu zuten).

Behin bakarrik parte hartu zuen lasterkari moduan,1992an, eta, kantzerraren ondorioz bizitzaren azken txanpan zegoela jakitun, 5 ordu 32 minutu eta 34 segundo behar izan zituen bukatzeko. Bidelagun, ondoan, 9 aldiz maratoiko irabazle handia izandako Grete Waitz Norvegiako emakumea joan zen (aurten hil da, bera ere minbiziarekin, 57 urterekin).

Biak eskuak altxatata helmugara sartu zireneko momentua da askorentzat New Yorkeko maratoiko unerik hunkigarrienetakoa, eta erreferentzia hiri honetako kirol munduarentzat. Handik bi urtera iritsi zen bizitzaren helmugara Lebow jauna!

Hil eta aste batzuetara jokatu zen maratoian, bere omenezko brontzezko estatua inauguratu zuten, eta aldi baterako izendapena jaso zuen. Horregatik, parkeko araudiaren arabera, urtean behin gutxienez, mugitu beharra daukate. Zer hoberik korrikalari izandako batentzat, ezta?

272 kiloko brontzezko estatua, parkearen ekialdetik maratoia bukatzen den tokira, mendebaldera, eraman dute.

Han dago, hainbat elizatako santuen batere inbidiarik gabe, korrikalarien lore eskaintzaz inguratuta, eta zorte ona izan dezaten, maratoian parte hartzera doazenek noiz bera igurtziko zain. Fedea baino zerbait gehixeago beharko dute helmugara iristeko.