2012/01/07

Bizia emanez hil

BERRIA, Larrepetit,2012-01-07




          Christian Longok 37 urte ditu. Duela zortzi urte heriotza zigorrera kondenatua izan zen, emaztea eta hiru seme-alaba erailtzeagatik. Eta ez du ukatzen, erruduna da.

          Oregongo espetxean, 22 ordu pasatzen ditu sei metro luze eta lau zabal dituen ziegatik atera gabe. Horma hutsei begira, egindakoa sekula ez dela gertatu konbentzitzen saiatu arren, ezin izaten du damuaren karga gainetik kendu.

          Egindako krimenengatik kondenarik gogorrena jaso duen arren, gizartearentzat onuragarria den zerbait egin nahi du Christian Longok, eta organoak behar dituenari eman nahi dizkio bera exekutatu ostean.

          110.000 estatubatuar dago organoren baten zain une honetan. Zerrenda horretatik 19 lagun hiltzen dira egunero. 3.251 lagun daude heriotza zigorrera kondenatuta Estatu Batuetan, eta preso bakarrak zortzi laguni bizia eman diezaieke.

          Hori jakin arren, espetxeetako agintaritzak eskaera ez dio onartu Christian Longori. Hiru droga mota emanez hiltzen dituzte presoak estatu gehienetan, eta horiek organoak hondatzen dituztela argudiatzen dute. Droga bakarra emanez gero, organoak erabilgarriak izango lirateke. Baina, horretarako, erabaki administratiboa aldatu beharra daukate. Politikariak, agintariak, orain ere, beldurrean preso.

          Teresa Mongeren hil ondorengo esker gutun hunkigarria irakurri berri dut aste honetan Argia-n. Bera zen, duela hemezortzi urte, organo baten zain, itxaron zerrendetan zegoenetako bat. Hil berri zen gazte baten giltzurruna jaso zuen, ihesi zihoakion biziari heldu, eta 18 urte gehiago gure artean izan da.

          Duela hilabete eta erdi hil da Teresa. Amorrazio edo pena batekin: «Nire gorputzean bizirik zegoen giltzurrun hori beste inork, nik bezala, jaioberritzeko aprobetxatu ez izana».

          Gu ere ez gaitezen aurreiritzi eta beldurren preso izan eta egin gaitezen organo emaile. Hori ere kolosala izan daiteke.

2012/01/02

Gaur, Times Square

BERRIA, Larrepetit, 2011-12-31




          Iaz, Urtezahar egunez, Times Square ezagunera joateko gogoa zuen Kohei lagun japoniarrak, eta, han, 2011ri ongietorria egitekoa. «Hi erotuta hago» esateko gogoa sentitu nuen kontatu zidanean.

          Urtebete lehenago ere saiatu omen zen, baina, eskuko poltsa bat zeramanez, poliziak ez zion sartzen utzi.

          Joan den urtekoan, ordea, bai. Noriko beste lagun japoniarrarekin eta harekin zihoazen 6 turistekin, urte berriari ongietorria egin baino 10 ordu lehenago abiatu ziren. Polizia kontrolak pasatu, eta barruan ziren arratseko hiruretarako.

          Jendez lepo betetako toki batean, milioi bat pertsona, zutik, hainbeste orduan egon beharra aspergarri samarra egingo zitzaidala aitortu nion lagunari, eta berak onartu, baietz, hala izan zela, baina bizitzan behin hori bizi nahi izan zuela. Musikari famatuen ikuskizunak eskaintzen dituzte zuzenean, eta horrekin jendea entretenitzen dute bola famatua jaisteko ordua iritsi arte.

          Baina, aspertzea baino arazo handiago bat egon daitekeela konturatu nintzen, ordea: hainbestekoa da jendetza, behin zure lekua hartuta, ezin zara askorik mugitu ere egin. Eta orduan jakin-mina sortu zitzaidan, eta galdetu egin nion Kohei lagunari: «Zer egin zenuten pixagalea etorrita?». «Pixoihalak jantzita etorri ginen», berak erantzun. «Pixoihalak?». «Bai. Baina kontuan izan, behin bakarrik egin dezakezula gainean», eman zizkidan argibide teknikoak.

          Normalean aurpegian antzematen zaio larria daukanari, eta baita lasaitzen denari ere. Eta hori jakin nuenetik, asmakizunetan bezala ibiltzen naiz, eta Times Squaren, denak, pixoihalarekin irudikatzen ditut. Hondartzan uretan sartu, eta ustez disimuluan pixa egin dugunekoa etortzen zait burura. Eta zer esatea nahi duzue, gaur ere ezingo dut irudi hori burutik kendu. Hau irakurri ondoren, apustu, zuetako askok ere ezetz!

         Urte berri on denoi!