2011/02/12

SMS: Despeditua zaude



Alenak gozodenda batean egiten du lan. Oso New York estilokoa da: modernoa, berria, gozoez gain kafe eta txokolate mota oso desberdinak edan litezke, lasai eseri eta tertulian egoteko toki aproposa da. Manhattango Soho-an dago kokatua, eta badira dagoeneko bi hilabete Alenak lana lortu zuela. 

Alenaren laguna da Laura. Eta gaur, beste zenbait ikaskide ohirekin batera Alenaren lantokira joan dira hura ezagutzera, txokolate bero batekin kanpoan egiten duen hotzaz ahaztera, eta elkarri kontu “txikiak” kontatzera. Gustura egon dira hitz eta pitz, Alenak lana bukatu duen arte. Lantokiko managerrak “see you tomorrow” esanez (bihar ikusiko zaitut, bihar arte) esanez agurtu du Alena. 

Gozodenda bat denez, ez dute oso berandu itxi, eta afari legea egitera joan dira. Hori ere New York estilora: pitza puska bat jan dute bi arrazoigatik: merkea delako, eta hirian egiten diren pizzarik gehienak goxoak egoten direlako. East Village aldeko pare bat tabernatara sartu dira, han jarraitu du lagun koadrilak elkarri gauzak konfesatuz. Ordubata aldera ordea, Alena eta Laurak etxera aldera abiatzea erabaki dute. Izan ere, bihar, biek lan egin behar dute. Gainontzekoak geratu egin dira zer suma. 

Subwaya (hemen horrela deitzen zaio metroari) hartzeko bidean telefonoak jo dio Alenari. Pi pi. Ez da deia. SMS mezu bat da. Zabaldu egin du. Irakurri egin du. Berehala aurpegia aldatu zaio. Zuri geratu da. Laura berehala konturatu da zerbait ez zihoala ondo.  

-Zer duzu? – galdetu dio.
-Begira zer jartzen duen hemen?
-Nagusiaren erabakiz, despeditua zaude. Ez bihar lanera etorri. 

Ordu batzuk lehenago “bihar arte” esanez agurtu duen managerrak bidali dio SMS mezua. SMS bidez despeditu dute. Berehala erantzun dio Alenak, argibideak eskatuz.

-Zergatik nago lanik gabe? Zer egin dut?

 Ez dago despeditua izan zarela esan eta zergatiak ez ematea baino gauza okerragorik. Ezer gaizki egin ez duzunaren sentsazioa duzuenean, akaso konbentzimendua ere bai, eta halako injustiziaren aurrean ezin ezer egin geratzen zarenean, sentsazioa oso txarra da. Denok behar dugu argibideren bat. Eta Alenak ere behar zuen. Horregatik akaso, hurrengo egunean gozodendaraino joan zen horren eske. Managerrak eman zizkion:

-Ni oso gustura nengoen zurekin. Baina nagusia ez.
-Baina zergatik? Lanean ongi moldatu naiz, ongi egokitu naiz eta ez dut hanka sartzerik egin.
-Ile luzeegia daukazu.
-Zer?
-Ile luzeegia daukazula dio nagusiak, eta aurpegi triste samarra jende aurrean egoteko.

Hara hor lanik gabe geratzeko arrazoiak. Benetan arrazoi sendoak. Arrazoiak jakin aurretik baino zurbilago geratu da Alena. Batzuetan hobe izaten da SMS-ko “despeditua zaude”-rekin geratzea. Hurrengo egunean lanera joan beharrik ez daukazula jakin arazteko uste baino modu normalagoa da hau inguru hauetan. Beste modu bat Wall Street-erako edo zenbait konpainiatarako beharrean ari zarenekoa da esate baterako: pertsonal sailekoa arduraduna inguratzen zaizu lanik gabe zaudela esatera segurtasuneko bi lagun ondoan hartuta. Edukazio handiarekin ateraino laguntzen zaituzte eta zure mahaiko trasteak etxera bidaliko dizkizutela esan. New Yorken despeditua izan behar baduzu, SMS hotz bat jaso baino bigarren modalitate honek "glamour" gehiago du. 

Lan bila hasi da berriro Alena. Baina hemen ere ez dira horretarako garairik onenak!

2011/02/10

Konfesatzeko prestatu i-Phonaren bidez




Teknologia berriek ere eragina dute erlijioan. AEBn dagoeneko posible da i-Phonaren bidez konfesatzeko norberak bere burua prestatzea. Aplikazioa merke-merke jaitsi liteke. Hori egin ostean damutzea ere ez batere harritu. 

Fashion Week

          Gaur abiatuko da New Yorken moda astea edo "Fashion week" deitzen zaiona. Diseinatzaile, modelo, makilatzaile, ileapaintzaile, argazkilari, kazetari, arropa saltzaile, arropa erosle, polizia, segurtasun pribatuko "pinganillodunak", jai antolatzaile, kuxkuxero eta autografo biltzaileak, denak plaza berean elkartuko dira. Metropolitan Opera eta City Operaren artean jarri dute karpa erraldoia. Argazki honetan ikusi dezakezue non. Glamourra falta dela konturatuko zarete, baina muntaia egiten ari zirenean hartutakoa da irudia. Gaur hasi eta astebetean izango du horretatik ere sobran. Ea irudiren bat edo beste hartzeko modua badudan. Zuei erakusteko noski!


2011/02/07

Urte berri on

Txinarrek urte berriaren hasiera ospatu berri dute. Manhattango Chinatown-en urtero egiten den desfilera milaka pertsona hurbilbu ziren. Zerua urdin egon zen, baina egonean, zai jarrita hankak ederki hozten ziren. Aurtengoa untxiaren urtea izango da.





Dragoiak, koloreak, serpentinak, karrozak ez ziren falta izan atzo ere Chinatownen. Ez eta atxilotuak ere: gure paretik bi pasa zituzten eskuburdinak jarrita. Eskua poltsaren batean sartuta harrapatu zituztela apustu egingo nuke! Eta uniformedun eta "paisanozko" hainbeste polizia ondoan edukita, harrapatzeko arriskua handia zen atzo! Urte berri on!

Charlie Arturaola

Hemen daukazue BERRIArako Charlie Arturaola somellierrari buruz egin dudan erreportajea.



(BERRIAn argitraratua 2011-02-06)

Ahosabaia galdutako ardozaina

Charlie Arturaola hiztun aparta da, baina batez ere bi gai ahotan hartzen dituenean antzematen zaio pasioa: ardoaren mundua da bata, eta euskaldun jatorria bestea.Ardoari buruzko dokumental bat egin berri du.

Garikoitz Udabe New York

Gaur egungo sommelierrik ezagunenetako bat da Charlie Arturaola. Uruguain jaio zen, Montevideon, duela 49 urte. «Bordaberry diktadorearen garaikoa naiz ni», dio Arturaolak. «Aitona nuen Euskal Herritik etorritakoa. Gaztelu, Leaburu ingurukoa da familiaren jatorria. Baina 66 urterekin, gazterik hil zen bera, eta aita, berriz, 39rekin alargundu zen. Horregatik, amonak hazi gintuen, eta euskal erara egitea erabaki zuen, gure jatorria zein zen argi utziz beti».

Komunikazioaren mundua gustatzen zitzaion. «Eta nire  helburua hori ikastea izan zen», gogoratu du Arturaolak. Irratian hasi zen lanean, tango doinuak entzun eta eguneko tituluak kontatzen ziren saio batean. Gerora, ordea, gobernu etxera bidali zuten,  prentsaurrekoetara, eta, azkenik, «futbol partidak ematen hasi nintzen, egun bateko kontakizunean greba bati buruz hitz egin nuen arte, eta bota ninduten arte». 

Bizitzak, ordea, herrialde askotara eta zeregin oso desberdinetara eraman du Charlie Arturaola. Sukaldaritza mundutik hasi eta hotelen antolaketan ardurak izaterainoko lanak izan ditu, itsas bidaldietan ere lan egindakoa bera. «Baina, bizitzaren jirabirengatik,ardoen munduan burubelarri sartu nintzen duela 25 urte». Ordurako ez zitzaion arrotza ardoaren usaina. «Gure aitonak mahatsondoa zuen etxean, eta gerora ere aitak 250 litro egin izan ditu urtero». Baina Italia, Frantzia, Espainia, Argentina eta beste hainbat lurralde ezagutu eta bisitatu ostean, «autodidakta izan naiz, eta hainbat kulturatatik jaso dut ardoaren inguruko jakintza».



Dokumental arrakastatsua

Horregatik, gaur egun sommelierrik ezagunenetakoa da Charlie Arturaola AEBetan eta munduan. Ardoen arteko lehiaketarik garrantzitsuenetan epaimahai izateaz gain, unibertsitateko irakasle, jaialdi  garrantzitsuenetako hizlari, probaketetako maisu eta, nola ez, hainbat hotel kate ezagunetako ardo aholkularia da.

Ardandegi askotako upelak eta upategiak ondo ezagutzeaz gain, merkatuari ere ondo erreparatzea tokatzen zaio: «Askok hala uste badute ere, New York eta Londres ez dira gaur egun ardoaren zentro; Hong Kong etaShanghaik hartu dute lekukoa». Horregatik ariko da txinera ikasten.

El camino del vino (ardoaren bidea) izeneko dokumentalerako hasierako ideia munduko lau edo bost sommelier onenak elkartzea izan zela gogoratu digu Arturaolak, eta bera moderatzaile gisa aritzea. «Baina Nicolas Carreras zuzendariak esan zidan hori oso aspergarria zela, eta beste zerbait proposatu zidaten: ‘zergatik ez diguzu zure historia kontatzen?’ ». Hasieran proposamena harrituta hartu bazuen ere, berehala konbentzitu zuten Arturaola.

Dokumentaleko protagonist hura da, baina hari nagusia eramateko, fikzioa sartzea erabaki zuten. «Eta horregatik ageri naiz ni ahosabaia galduta, gaur arte ikasita neukan guztia bereizteko gai ez naizela, zaporeak bereizteko ahalmena galdu dudalako».

Zaporeen bila, ahosabaia berreskuratzeko lanetan, Argentinako Mendoza lurraldeko mahastietara joko du, bai eta bere jaioterrira ere, sorterrira, Uruguaira.

«Botila bat ardoren atzean dagoen lanaz gain, beste gai asko lantzen dira dokumentalean: etorkin izatea, familia…», gaineratu du Arturaolak, «baina helburu nagusia jendea heztea da».

Eta momentuz harrera ezin hobea izan du filmak. Mar de Platan (Argentinan) egiten den zinemaldian Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren saria eskuratu baitu El camino del vino-k. «Orain, Berlinera goaz, eta ea han zer gertatzen den», dio Arturaolak, «baina ez daukagu bide honetan geratzeko asmorik». Oso pozik dago lortutakoarekin: «Mahatsondo baten azpian hazitako gizon honen bizitza kontatzea, eta hori gustatu izana, ederra da gero».

Dokumentalaren bukaera aldera ikurrin bat ageri da, «momenturen batean agertzea nahi izan nuelako». Izan ere, joaten den tokira joaten dela, nongoa den galdetzen dioten bakoitzean «euskalduna» dela erantzuten du berak, «Euskal Herritik Uruguaira joandako etorkinak baikara». Eta hala ezagutzen dute Charlie Arturaola. Bost hizkuntza hitz egiten ditu, eta «euskarari heltzeko gogo handia» duela dio 90etik gora herrialdetako zigiluak pasaportean dituen eta Miamin bizi den gizonak.

Bidaia asko egiten ditu itsasoz beste aldera, eta gertuan badabil, berehala egiten du geldialdia Euskal Herrian, «eta sagardotegiren baterako bisita ez da urruti izaten». Realaren jarraitzaile amorratua izateaz gain, txakolinzalea da, eta «ezagunagoa egitearen aldekoa» ere bai. «Horretarako, kanpaina jakinak egingo nituzke, ahosabai gazteei horren plazera erakuste aldera». Jatorri izenen inguruan ere guda handiegiak daudela pentsatzen du eta hori ez dela ona. Miamiko Jai Alai frontoietako makina bat pilotariri txakolin kaxak ekarri eta saldutakoa dela ere aitortu digu Arturaolak.

Sukaldean aritzea ere gustatzen zaio, eta «bakailaoaren aldekoa » dela oso garbi esatea. Ziur platerari laguntzeko ardo onik ez dela faltako mahaian.