2013/03/23

Alkate umezaina

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-23



          Egunkari honek «umezain estatua» du izena. Eta hara New Yorkeko edizioan zer titular dakartzan gaur: «Bloomberg-ek zigarroak ez ditu bistan nahi». «Alkateak autobus eta metro zerbitzuak eten ditu. Oinez ibili. Ona da zuretzat». «Broadwayko ikuskizunetako atsedenaldietan saltoka egotea derrigorrezkoa izango da». «Igogailuak, legez kanpokoak. Eskailerak igo, eta bizi luzeago». «Pazko arrautzek gorringorik gabekoak izan beharko dute, kolesterolari aurre egiteko». «New Yorkeko maratoia, orain derrigorrezkoa da». «New Yorkeko leloa aldatu du alkateak: lo egiten duen hiria izango da hemendik aurrera».

          Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak urte hauetan guztietan «hiritarren osasunaren alde» hartu dituen neurriak gehiegizkoak direla salatzeko ikusi dudan fikziozko egunkari baten azala da honako hau.

          Alkatetza hartu zuenetik, tabakoaren aurkako neurriak hartzeari ekin zion: toki publikoetan erretzea debekatu zuen, prezioak izugarri garestitu ditu. Jakiek zenbat kaloria dituzten erakutsi beharra daukate. Tabakoaren edo edari azukredunen kalteez ohartarazteko kanpaina gogor eta zuzenak egin ditu. Litro erditik gorako edari azukredunak debekatu nahi izan ditu (epaile batek geldiarazi du neurria). Eta aste honetan, tabako paketeak saltokietan begi bistatik kendu nahi dituela iragarri du.

          «Alkate umezain» bataiatu dute batzuek hemen. Hiritarrei zer komeni zaien eta zer ez esateko joera izan du. Eta gauza bat da legea eta arautegia osasun politika publiko onak egiteko erabiltzea. Eta beste bat da pertsonalki gustatzen ez zaizkion eta legezkoak diren aktibitateak mugatzeko erabiltzea bere boterea.

          Debekuetan baino gehiago sinesten dut hezkuntzaren eraginkortasunean. Denbora gehiago behar izaten du, baina, luzera, eraginkorragoa dela uste dut. Eta norbanakook erabakitzeko dugun askatasuna babestuago ikusten dut.

2013/03/20

Korrika

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-16



          Behin denboraldi bat New York bezalako hiri batean pasatzean, bertako erritmoa sartzen da barruan, eta eraman egiten zaitu. Badira zerorren ibilera azkarraz konturatzen zaren egunak. Baina, normalean, kanpotik bisita egitera etortzen den norbaitek gogorarazten dizu, batere beharrik gabe ere, azkar ibiltzeko joera hartu duzula, edo pausaje bizian joan ohi zarela.

          Semaforoa, trafikoa edo aurrean duzun jende multzoaz gain, badago bat-batean erritmo hori hautsi eta gerarazten nauen zerbait: Manhattango etorbide handietan euskara entzuteak. Ez da eguneroko kontua, baina bi eskuekin kontatzeko adina aldiz gertatu izan zait. Munduko ehunka hizkuntza entzun litezkeen hirian, eta geu zenbat garen kontuan izanda, ez gabiltza proportzio batere txarretan.

          Nondik natorren, zer naizen eta zein den nire ama hizkuntza ehunka aldiz argitu behar izan diet hemen ezagutu ditudan askori. Eta nire hizkuntzan bizitzea, ikastea, lan egitea erabaki dudala, edo hori egiteko eskubidea dudala defendatzea ere tokatu zait. Dakizkidan hizkuntza guztiak buruan dauzkadala baina bihotzean bakarra sentitzen dudala kontatu izan diet. Batzuek ulertu naute. Beste batzuentzat, milioi askoko talde batean ez bazaude, ez zara existitzen eta denbora galtzen ari zara halako hizkuntza txiki batekin. Ze mozkeria, alajaina!

          Gaur, beste behin korrika ibiltzea egokituko zaigu. Central Parken, gainera. Eta oraingo honetan, euskara entzunda, ez naiz bat-batean geratuko. Euskara gaur Manhattango plazan ozen entzunaraztea izango da helburua. Eta geratzekotan, txalo zaparrada bat emateko izango da: presarik gabe, pazientzia handiz, Brooklyngo Euskal Etxean euskara ikasten ari diren ikasleei, noski. Horiena bai meritua, astebururo, batzuetan kilometro asko eginda, lezioa hartzera hutsik egin gabe joatea. Miresgarria. Eta irakasleei, noski. Aupa zuek!

Chicagoko ekaitzak

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-09



          New York eta Los Angelesen atzetik, Chicago da biztanle gehien dituen hiria. Hiri haizetsua ere esaten zaio Michigan lakuaren hegoaldean kokatutako guneari. 1871. urtean suak kiskali zuen hiriaren erdigunea. Eta 150 urte geroago, beste su batzuengatik ari da titulu asko jasotzen: su armen bidez hildakoen kopuruak gehien gora egin duen hiria da.

          90eko hamarkadan, New York eta Chicagoko erailketa datuak paretsukoak ziren. Gaur egun, hiru aldiz gutxiago da lorik egiten ez duen hirikoa.

          Illinoisko estatuak armen kontrako legedi zorrotza du indarrean. Chicagon ezin da, esate baterako, armarik erosi. 2010. urtean konstituzioaren aurkakoa zela epaitegiek ebatzi arte, pistolak debekatuta zeuden. Armen jabeek polizia etxeetan izena eman behar dute. Baina, hala eta guztiz ere, 2011. urtean baino %12 tiroketa gehiago izan ziren iaz, guztira 2.364. Eta hildakoen kopuruak %16 egin zuen gora, 506raino.

          Gazteria da zuzenean biolentzia honek jotzen duena, eta hiriko alderik behartsuenak hildakorik gehien izaten dituztenak. Zinemak hainbat aldiz erakutsi digun 20ko hamarkadako Chicago beldurgarri harekin konparatu dute zenbaitzuek. Gehiegi esatea izango da hori, baina arazo handi bat dutela ezin liteke ukatu.

          Washingtondik datorren armen lege baten esperoan, 200 polizia gehiago jarri dituzte hiriko kaleetan. Eta, une batez, tituluak aldatzen hasi direla iruditu zaigu: Chicago Sun-Times eta Chicago Tribune egunkariek zera diote: otsaileko 28 egunetan, 14 erailketa izan dira Chicago hirian. Urtarrilean izan ziren 43rekin konparatuz gero, albiste ona.

          Zoritxarrez, badu beherakada horrek beste arrazoi bat: negu ekaitzak asko izan dira otsailean Chicagon. Eta elurrak eta hotzak hiltzaileak ere epelean egonarazten ditu, eguzkia noiz aterako zain.