BERRIA, Larrepetit, 2013-05-25
Aktibisten artean aspaldiko ezaguna da 31 urteko Kokesh. Eta hainbat esparrutan, gainera. Azkeneko sei urteetan Irakeko bakearekin, adierazpen askatasunarekin edo Raun Paul eta John McCain hautagai errepublikanoekin lotutako zenbait gaitan agertu izan baita.
Gizona ez da ezkutuan geratzekoa. Ondo agerian geratzea gustatzen zaio, bere burua erakustea eta protagonista izatea. Egoa ondo goian dauka. Hala ere, egin izan dituen ekintzak, protestak nahikoa teatralak izan dira, eta ez dute arrisku handirik sortu. Baina orain uztailaren 4rako proposatu duena beste ezpal batekoa da:
Armen aldeko martxa bat egin nahi du Washingtonen. Mila lagun bildu nahi ditu, bakoitza kargatutako errifle banarekin. Kapitolioaren eta Etxe Zuriaren aurretik pasatu nahi dute, armak edukitzeko eta erabiltzeko eskubidea defendatzeko.
Estatu Batuetako Arma Jabeen Elkarteko presidentea bera ere kezkatuta agertu da, hori horrela egitea probokazioa eta oso arriskutsua izan litekeela uste baitu.
Lege asko hautsiko lituzkete aldi berean, eta Poliziak dagoeneko esan du «no way», ez duela halakorik onartuko.
Facebook bidez zabaldu du hitzordua. 90.000 lagunetik gora gonbidatu ditu. 4.770ek parte hartuko dutela esan diote. 4.186 agian joango direla.
Mediatikoki, behintzat, zalaparta lortzen ari da. Eta hainbat ekintzailek uste dute hori dela Kokeshek nahi duen gauza bakarra. Halako probokazioak proposatuta, helburua lortzea ere zaila ez du. Eta kontuan izan Independentziaren Egunerako oraindik hilabete luze geratzen dela.
Onena, hala ere, Codepink emakumeen talde bakezaleak honen aurrean egin asmo duena: gurutzatu behar duten Memorial Bridge zubian zain izango dira, armadunei besarkadak emateko doan. Alde ederra erriflearen burdina hotzaren ordez besarkada baten beroa eta gertutasuna sentitzea! Hori bai betez bete tiroarekin asmatzea!