Michael Bloomberg da New Yorkeko alkatea, eta bere agintaldiko ezaugarrietako bat izango da, zalantzarik gabe, gizentasunari aurre egiteko eta tabakoaren kontrako kanpainak egitea. Hiriko telebista kate, egunkari, aldizkari eta irratietan egindako kanpaina hauek zuzenak eta zenbaitzuetan irudi gogorrekin osatu dituzte, erdi biderik gabe. Hara hemen adibide bat.
Oso normalak ziren orain arte, parkeetara inguratu eta lasai patxadan eserita jendea habanoari tiraka ikustea, pipa erretzailearen tabakoa usaintzea, edo lagun parea zigarreta batak besteari eskaintzen topatzea. Laster, horrelako irudiak akabo. Hirian erretzaileren bat topatu nahi badugu, etxe pribatuetara jo beharko dugu. Hantxe bakarrik gozatu ahal izango dute eta erretzearen plazeraz (antzematen da erretzaile ohia naizela ezta?).
New Yorkeko biztanle askok pentsatzen dute alkateari eskua joan zaiola gai honetan eta urrunegi joan dela. Asko dira, sututa eta kea dariola dauden hiritarrak. Eta herrialde hau egunez egun gehiago ezagututa, ez nintzateke batere harrituko eztabaidak epaitegian bukatuko balu eta azkeneko hitza epaile batek izango balu.
Momentuz erabakia hartuta dago. Sinatu eta 90 egunetara sartuko da indarrean.
Edari freskagarrien azukre kopuruaren aurkako kanpaina eta erretzeari uzteko kanpaina egin ditu. Zer ote du hurrena jomugan alkateak? Kutsadura akustikoa? Argi kutsadura ? Aiiii, ameslaria ni!