2013/01/26

Armadaren barrenak

BERRIA, Larrepetit, 2013-01-26




          Ez da New York militar izugarri ikusten den hiria. Noizean behin soldadu gazte edo marine helduren batekin topo egiten duzu. Gehiago ikusten dira, uniformerik gabe, «gerrako beteranoa naiz, zure laguntza behar dut» jartzen duen txarteltxoarekin soldadu ohiak kaleetan edo metroan, diru eskean. «Gure soldaduak dira, gure askatasunagatik borroka egin dutenak. Merezi dute nire errespetua eta laguntza», diote hiritar batzuek, dolar bat ematen dieten bitartean. Ondotik pasatu, eta kasurik ez diete egiten gehienek.

          Pentagonoak ez ditu aurkeztu zaharrak 2012ko datuak: 349 militarrek egin zuten beren buruaz beste AEBn, Afganistanen hil ziren soldadu kopurua baino 50 gehiagok. Alderantziz, gerran soldadu horiek zenbat pertsona hil dituzten, hori ez da esaten. Baina hara gakoa: mugaz beste aldeko hiritarren artean antsietatea eta depresioa sortarazten duen soldaduari ere gaitz bera datorkio nonbait bueltan. Jasangaitz bihurtu eta bere buruaz beste egiteraino. Leon Panetta Defentsa idazkiarentzat arazo horri aurre egitea izan da frustraziorik handienetakoa sortu dionetako bat.

          Emakumezko soldaduak borrokan aritzeko indarrean zen debekua amaitzeko agindu du aste honetan. Orain arte eskuratu ezin zituzten 230.000 lanpostuetan parte hartu ahal izango dute emakume militarrek. Berdintasun uniformeduna lortzeko bidean, pauso garrantzitsua.

          Panettak ondo daki, ordea, emakumezko soldaduak ez direla borrokatik at egon; gudu zelaia izan da desberdina: militar emakumeen artean, hirutik batek jasaten baitu sexu jazarpen edo erasoren bat. Eta egilea, ondoko militar kidea. Gerra latz eta luzea hori!

          Eskoletara eta aisialdi lekuetara joan eta gazteak AEBetako armadara batzeko konbentzitzea da Joanna soldaduaren lana. Baina, noski, gidoian ez dago aurreko konturik. Militarrek emango dizkizuten ikasketak eta etorkizun oparo eta zoragarria besterik ez.

2013/01/25

Margoak eta armak


BERRIA, Larrepetit, 2013-01-19




          Hauxe zen irudia: Barak Obama eta Joe Biden presidenteordea atrilaren atzean, eta ondoan, Newtongo eskolako hilketaren ostean presidenteari eskutitza bidalitako lau ume eserita.

          Egindako hitzaldian, Grace McDonnell Newtongo atentatuan hildako 7 urteko umea izan zuen gogoan: «Pintore bihurtzearekin amets egiten zuen». Umeak egindako margoetako bat opari jaso, eta bere bulego pribatuan jarrita dauka Obamak, eta hari begiratzen dion bakoitzean su armez hildako haur horiek guztiak omen datozkio burura.

          RNA-k, AEBko Erriflearen Erakunde Nazionalak, Obamaren alabak erabili ditu berea defendatzeko: presidentearen umeek segurtasun armatua badute, zergatik edozein hiritarrek ez du eskubide bera izango? «Elitista hipokrita» deitu diote iragarki baten bidez.

          Etxeko txikienak eta haien segurtasuna argudio nagusi bilakatu da bi aldeen artean. Baina komeni da honako datu hauek buruan izatea: 20.000 ume eta nerabe inguru tirokatzen dira urtean AEBetan, eta horietatik 2.966 hil egiten dira (2.037 erailda, 748 beren buruaz beste eginda, 123 istripuz, 19 poliziak hilda).

          Brady Campaign elkarteak argitaratutako datuak dira: urtean ia 100.000 pertsona tirokatzen dira AEBetan. Horietatik 31.593 hil egiten dira (12.179 erailda, 18.223 beren buruaz beste eginda, 592 istripuz, 326 poliziak hilda). Guztira, 283 milioi arma daude zibilen esku.

          Obamak hartu dituen eta etorkizunean kongresuak hartu ditzakeen neurriak zalantzarik gabe kopuru hori txikitu dezakete. Baina arazoa hori baino sakonagoa da: armak eduki eta erabiltzearen kultura hezurretaraino sartuta baitago hemengo gizartearen parte handi batean. Eta hori ez da sinadura, debeku edo diru laguntza batzuekin aldatzen. Gogoa, konbentzimendua, esfortzu handia eta urte asko beharko dira! Eta zoritxarrez, Grace McDonnellena bezalako margo gehiago milioika bulego eta sukaldetan.