Ana Mari Aguirre
«Pertsona ona, familiarekin fidela eta oso azkarra zen Agirre lehendakaria»
Manhattanen jaioa izanagatik ere, euskal jatorriarekin loturabizia du Ana Mari Aguirrek. Hala, umetan galdutako euskara berreskuratzeko ahaleginean ari da egun. Manhattanen Nazioarteko Euskal Kultur Zentroaren ekimena sustatu nahian ere badabil 2001. urteaz geroztik
Garikoitz Udabe New York
Abizenez hala badirudi ere, ez da Jose Antonio Agirre lehendakari izandakoaren familiakoa. Badu, ordea, lotura: Irene Renteria ama Agirreren idazkari pertsonala izan zen Eusko Jaurlaritzak New Yorketik lan egin behar izan zuen garaian, eta aitak ere bertan egin zuen lan. Ana Marik, berriz, ondo gogoan ditu lehendakaria ezagutu zuen eguna eta gurasoek hainbatetan kontatutako historia kolektibo eta pertsonalak.
G 1951ko Urteberri Egunean jaiotakoa zara,Manhattanen,baina gero Brooklynera joan zineten bizitzera. Nolakoa da Brooklyn?
E Zaila da definitzea. Ni bizi nintzen tokia, Park Slope, oso egokia izan zen niretzat. Oinez lasai ibil zintezkeen, metroa eta autobusak gertu genituen, nire izeba ia auzoko genuen. Toki ona zen. 12 urterekin mugitu ginen, baina berriro ere bueltatu egin nintzen gerora. Gaur egun, ordea, Staten Island auzoan bizi naiz. Ez dago Brooklyn Manhattandik dagoen adina gertu, baina lasai bizi naiz.
G Nolako haurtzaroa izan zenuen?
E Ona izan zela esango nuke. Bi etxe izan nituen: gurasoekin bizi nintzena eta Eusko Etxea. Astero joaten ginen bertara. Larunbatetan dantza eta kantu ikastaroak jasotzen nituen. Nire gurasoak, gainera, erabat murgilduta zeuden Eusko Etxearen funtzionamenduan. Gainontzean, nik edozein haur estatubatuarrek izan zuen haurtzaroa izan nuen, baina baita euskal-amerikar haurtzaroa ere. Zorionekoa sentitzen naiz horregatik. Damutzen naizen gauza bakarra zera da: 4 urtera arte euskaraz hitz egin nuela etxean, eta gero erabat utzi nuela eta ahaztu. Gaur da eguna neure buruari zergatik egin nuen hori galdetzen diodana.
G Orduan, zuen etxeko hizkuntza euskara izan zen zenbait urtetan?
E Bai. Baina nire amak, nahiz eta New Yorken jaiotakoa izan, euskaraz besterik ez zuen hitz egiten, eta gerora, zailtasunak izan zituen jendearekin ulertzeko, eta kosta egin zitzaion ingelesa ikastea. Horregatik, ez zuen nahi nik berak sufritutakoa pasatzea. Gogoan dut nola oso ume nintzela ez nituen beste haurrak ulertzen. Eta horregatik hasi ziren familian denak niri ingelesez egiten. Anaia jaio zenean, berriz, hari ez zioten euskara irakatsi, eta haren ama hizkuntza ingelesa da.
G Inoiz ez da berandu, ordea, hizkuntza bat ikasteko, eta ari zara orain ikasi nahian.
E Bai, berriro heldu diot, baina nago errazagoa dela hizkuntza bat ikastea ume zarenean [barrez].
G Andoni Aguirre zen zure aita.
E Bere anai-arreba zaharrak Kalifornian jaio baziren ere, Manilan, Filipinetan jaio zen bera. Oso bizitza erosoa izan zuen. Nire aitona-amonek bizimodu ona izan zuten han: etxe handia, zerbitzariak… Euskaldun populazio handia zegoen garai hartan Filipinetan. Oso zoriontsua izan zen eskolara bidali zuten arte.
G Zergatik? Ez zuen ikastea gogoko?
E Berak 12 urte zituela Madrilera bidali zuten. Gaizki moldatu zen, ez zen bertara egokitu, eta bueltatu egin zen. Suitzara bidali zuten ondoren, eta handik ere gauza bera, buelta etxera. Bera oso euskaldun sentitzen zen, eta ez zen toki horietan gustura egoten. Azkenean, Lekarozko eskolara joan zen, Nafarroara, eta oso zoriontsu izan omen zen han. Handik bueltan Filipinetan unibertsitateko ikasketak hasi zituen, eta II. Mundu Gerra orduan hasi zen. Beraiek amerikar herritartasuna zutenez, armadan sartu behar izan zuten. Aittitte Martin itsasontziko kapitaina izan zen, eta gerran hil zuten. Japoniarrek Filipinak hartu zituztenean
zuten guztia galdu zuten.
G Eta zer egin zuten?
E Garai hartan, nire aitaren arreba New Yorken bizi zen, eta hona etorri ziren. Nire aitaren aldetik, aitona Kaliforniara joan zen bi anaiekin batera. Amona ere bai, eta han ezkondu ziren. Nire aita gerraren ondoren Kaliforniara itzuliko zen seguruenera, arreba New Yorken bizi izan ez balitz. Baina hala gertatu zen.
G Eta orduan ezagutu zuen Agirre lehendakaria zure aitak?
E Gure familiaren lagun handia zen Intxausti familia, eta haiek aldi berean Agirre lehendakariaren oso gertukoak ziren. horregatik, hona iritsi bezain pronto, Agirre lehendakaria agurtzera joateko esan zioten aitari. Halaxe egin zuen. Antonio Irala eta Manu Sotarekin ere egon zen aita, eta lana lortu zuen delegazioan komertzial modura. Ama, ordurako, han ari zen lanean. Elkarrekin egin behar izan zuten behar, eta maitemindu egin ziren.
G Nola definituko zenuke zure aita?
E Euskaldun internazional modura. Zegoen tokian zegoela, beti euskalduna zen. Euskal Herrian, Filipinetan, Madrilen, Suitzan, New Yorken bizi izan zen, baina beti euskaldun moduan. Eta, gainera, beti egiten zuen beste euskaldunak ezagutzeko modua. Dohain hori zuen.
G Hitz egin dezagun zure amaz.Irene Renteria zen bera. New Yorken jaio zen,zure aitona-amonak hemen
bizi zirelako.
E Aitonak itsasontzitan lan egiten zuen, eta Filadelfian lurreratu zuen, pare bat dolar patrikan zeuzkala. Horrela iritsi zen Brooklynera. Gero Bizkaira joan zen berriro, amona ezagutu eta ezkondu egin ziren, eta bueltan hona etorri.
G Nolako bizimodua izan zuen zure amak hirian?
E Ez zuen bizimodu txarra izan. Asko gozatu zuen Eusko Etxean eta euskal komunitatean burubelarri sartuta. Bereziki gauzak eginez, gauza berriak ikasiz zen zoriontsua. Eusko Etxearentzat eta familientzat lan eginez gero, gustura zen bera: euskaldunentzat itzulpenak eginez aritzen zen ama, eta barku konpainientzako paperak egiten lagunduz aita. New Yorkez asko zekien amak. Oso ondo ezagutzen zuen hiria.
G Nola definituko zenuke zure ama?
E New Yorkeko euskaldun baten moduan.
G Bientzat izan zen oso garrantzitsua euskaldun identitate zeinu hori?
E Bai horixe. Euskaldun jatorria, izatea, sentimendua beti hor zegoen, oso presente.
G Eta zuretzat garrantzitsua al da?
E Niretzat oso garrantzitsua da nire jatorria, euskal jatorria. Urte askoan argitu behar izan diot jendeari zer den euskalduna izatea.
G Zer esan izan diezu?
E Gu Pirinio mendietako jendea gara. Frantzia eta Espainiaren erdian gaude. Ez gara espainiarrak ezta frantziarrak ere. Desberdinak gara. Latindarra ez den gure hizkuntza daukagu, kultura desberdina. Horixe esan izan diet. Eta ba al dakizu gauza bat? Azken urteetan lehen adina argibide ez dudala eman behar izaten. Jendeak badaki nortzuk garen.
G Zein urtetan egin zuten lan amak eta aitak atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzarentzat?
E 1941ean hasi zen ama lanean. 1945ean aita, eta 1949ra arte egon ziren delegazioan lanean. Ezkondu egin ziren, delegazioa itxi zuten, eta lanik gabe geratu ziren. Eztei bidaia egin ostean aurkitu zituzten lan berriak.
G Agirre lehendakaria nolakoa zela zioten zure gurasoek?
E Amaren hitzetan, oso pertsona ona zen, familiarekin fidela, haurrak asko maite zituena, oso azkarra eta euskaldunok etorkizunean egin genezakeenaz sentimendu oso baikorrak zituena.
G Gobernua New Yorken zenean nola lan egiten zuten badakizu? Zer kontatzen zuen amak?
E Ez zuen horretaz hitz egiten. Gogoratzen naiz nola esaten zigun lan egin behar izan zuen jende askotaz ez zigula hitz egingo gobernu sentsibilitatea zegoelako atzean. OSS The Office of Strategic Services gerora CIA bilakatu zenekoekin lan egiten zuen jendearentzako paperak prestatu eta egin behar izan zituela esan izan zigun. Baina gauza askoz gehiagorik ez. Hori bai, sekulan izan zuen lanik onena hura izan zela esanez behin baino gehiagotan entzun izan nuen.
G Eta zuk nola ezagutu zenuen Jose Antonio Agirre lehendakaria?
E Hil aurretik etorri zen New Yorkera. Nik 6 bat urte nituen. Casa Galician afaria izan genuen, ez naiz gogoratzen zein agintari zeuden mahai buruan. Guk dantza egin genuen lehendakariaren omenez. Hura bukatutakoan, amak esan zidan: «Hartu zure anaia txikia, joan lehendakariarengana eta agurtu ezazue». Nik erantzun nion: «Baina nola jakingo du ni nor naizen?»: Amak erantzun zidan: «Berak badaki nortzuk zareten». Gogoan dut bidean nindoala gainontzeko agintariak gu ondoan gerarazten saiatu zirela, baina nik kasurik ez eta aurrera egin nuen lehendakaria zegoen tokiraino. Izter banatan eseri gintuen. Euskaraz hasi zitzaigun hizketan. Berehala konturatu zen ez geniola ulertzen, eta ingelesez jarraitu zuen: «Eskerrik asko dantza egiteagatik. Oso harro nago zuetaz ». Bi muxu eman zizkigun, eta amari beste bat emateko eskatu.
G Amak arrazoi. Ezagutu zintuzten.
E Garai horretan ez nekiena zen nire gurasoek eta lehendakariak eskutitzak idazten zizkiotela elkarri. Baita argazkiak bidali ere. Horregatik ezagutu gintuen lehendakariak.
G Ez zenuen gehiago lehendakaria ikusi?
E Ez. Alde egin zuen, eta 1960an hil zen.
G Beti egon izan zara euskal komunitatean murgilduta.
E Beti ez. Nerabezaroko urte batzuetan beste gauza batzuk nituen buruan, eta orduan urrundu egin nintzen pixka bat. Gero, ordea, berriro behar baten moduan sentitu nuen.
G NABO North American Basque Organizationeko delegatu ere aritu izan zara.
E Gurasoak egon ziren lehendabizi. Biak, gainera. Gogoan dut 1990eko hamarkadan nola Kaliforniara joan behar izan zuten NABOko bilkura batera. Beraiekin joatea proposatu nien, eta gero opor egun batzuetan han geratu ginen. Hura izan zen NABOra joan nintzen lehen aldia. Aita 1997an hil zen. Ama, berriz, bi urtera. Eta delegaturik ez zegoenez, boluntario joan nintzen.
G Garrantzitsuak al dira bilkura hauek?
E Bai horixe. Euskal Etxeen artean elkarren berri izateko eta informazioa elkartrukatzeko. Elkarte gehienok arazo berak dauzkagu: belaunaldi berrien falta. Kasu honetan komunikazioa garrantzizkoa da, elkarrekin lan egiteko eta elkarri ideiak emateko. Eta bai eta elkarren artean ezagutzeko ere.
G Belaunaldi berrien interes faltari nola aurre egin?
E Ez dakit konponbidea zein den. Akaso ekintza berriak egitea. Afariak eginez bakarrik ez dugu lortuko. Gu asko biltzen ginen, baina gaur egun ez dira belaunaldi berriak etortzen. Jendeari zerbait interesgarria eskaini behar zaio. Eta, horrela, gure kultura zabaldu. Euskaldun-amerikarroi erakutsi egin behar zaigu baditugula musikari, konposatzaile, margolari, idazle, golf jokalari euskaldun ezagun askoak.
G Norberak jartzen duen interesa ere kontuan hartzekoa izango da.
E Arrazoi duzu. Niri asko interesatzen zait. Baina, esate baterako, nire anaiak ez du interes hori. Harro dago bere jatorriaz, baina ez da ni bezala sartu mundu honetan. Horregatik asmatu behar dugu nola erakarri.
G Zure ametsetako bat Nazioarteko Euskal Kultur Zentroa zabaltzea da Manhattanen.
E 2001ean heldu genion gaiari, baina zaila dago. Eusko Etxearekin bazkidetzan-edo egin litekeen zerbaiten moduan ulertzen dugu, baina aldi berean bereizita doana. Ideia zera da: New York kultura eskaintza handiko hiria da, eta tartean euskal artista asko daude. Jendeari jakinarazi egin behar zaio hori, eta, aldi berean, toki bat eskaini gure jendeari beraiek egindakoak erakusteko. Zenbait aretorekin, liburutegiarekin, jatetxearekin, euskal museoarekin osatutako toki batekin ametsetan jarraitzen dugu. Baina hau prozesu mantsoa da. Diru asko behar da. Ikusiko dugu.
G Bestela nolakoa da zure bizitza New Yorken?
E Ederra da. Edozein tokitan aurki dezakezu kultura desberdinen bat. Betidanik joan izan naiz antzerkira, operara, kontzertuetara. Eta hemengo martxa hori gustatu egiten zait. Manhattan gustuko dut, baina Staten Islanden bizi naiz, hark beste tempo bat duelako.
G Zero Gunearen ondoan,Dorre Bikiak zeuden lekuan gaude: World Finantial Centerren.Zuk hemen egiten zenuen lan 2001ean.
E Kalearen beste aldean. Iparraldeko dorrea, hegoaldekoa eta gero nik lan egiten nuena zetorren, Deutsche Bank.
G Duela hamar urteko irailaren 11 hartan lanean al zinen?
E Bai, lanean nintzen, eta imajinatuko duzun bezala oso ongi gogoratzen dut egun hura: kafea erosten ari nintzen kalera jaitsita, lehendabiziko hegazkinak iparraldeko dorrea jo zuenean. Aireportuetan bezala, hegazkin soinu izugarria entzun nuen lehendabizi, eta atzetik eztanda. Paperak eta gauzen zatiak goitik erortzen ikusi nituen. Nire eraikinera sartu nintzen. Hegazkin batek izandako ezbeharra izan zela pentsatu genuen. Zerbait egiten ari nintzen bulegoan, berriro hegazkin soinu izugarri hura entzun eta eztandak gure eraikuntza ere mugitu zuenean. «O, ez, berriro ez!», pentsatu nuen.
G Berehala utzi zenuten eraikina?
E Hala agindu ziguten. Ondoko beste dorre batean lan egiten zuen nire mutil-lagunari deitu nion, eta mezua utzi etxera nindoala. Lankide bat eta biok oinez gindoazela entzun nuen zarata izugarri hura. Lehendabiziko dorrea erori zen, eta atzetik hauts hura guztia. Lankideak toalla bat zuen, eta hura elkarbanatu genuen babesteko. Staten Islandera joateko ferryari itxaroten ari ginela, ez nuen soinurik entzun, baina bai beste hauts mordoa ateratzen ikusi. Bigarrena erori zen. Ferryra sartu ginen. Jende guztia salbamendu jakak jantzita zegoen. Ez zait sekulan irudi hura ahaztuko. Film bat zirudien. Etxera joan ginen, hautsez beteta, garbitu, aldatu, eta familiarekin harremanetan jartzen saiatu ginen ondo geundela adierazteko.