(BERRIAN argitaratua, 2011ko maiatzaren 3an)
New Yorken, egun seinalatua
AEBetan lagun ugari atera da kalera albistearen berri izatean; New Yorkeko zero eremuan bildutako lagunek justizia egin den ustea dute orain.
Garikoitz Udabe New York
Zero gunera inguratuz gero, ez dago gaur zarata desberdinik: Dorre Bikiak zeuden lekuan lanean ari diren makinek ateratzen dutena nagusitzen da, eta eguneroko eta ohiko zirkulazioarena. Baina antzematen da ez dela besteak bezalako egun bat. Polizia asko dago zero gunean. Manhattango mutur horretan, txoko bakoitzean, izkina bakoitzean, aurki liteke polizia bikoteren bat zirkulazioa gidatzen edo jendearen emana arindu nahian. Izan ere, horixe da gaur antzeman den aldaketa: normalean baino lagun gehiago gerturatu dela. Turistak, langileak, auzokoak, senideren edo lagunen bat galdu zutenak, ikusmiran ari direnak. Argazki kameren flaxen argiak ikustea ohikoa bada, gaur etenik gabe ari dira; Osama Bin Laden hil ondorengo eguna betiko iruditan gorde nahian dabiltzanak mordo bat dira.
Zero eremuaren inguruko kaleak hesitzen ari dira goiz-goizetik. New York Polizia Departamentuko langileak ari dira horretan bertaratu litekeen jendea antolatzeko edo. Nahiko lan badute ere, bertan dauden komunikabide guztientzat tokia egiten. Izan ere, mundu guztiko telebista, irrati eta egunkarietako kazetariak daude zero eremuan. Belarria jarri besterik ez dago zenbat hizkuntzatan ari diren albiste bera kontatzen jabetzeko.
Egun seinalatua da dudarik gabe. Albistearen zain zeuden asko aspaldidanik, ia hamarkada bat une honekin amets egiten. Irailaren 11ko goiz hartan Dorre Bikien kontra leherrarazi zituzten bi hegazkinen irudiekin esnatu ziren estatubatuarrak, eta orain eraso horien erantzulearen hilketarekin iratzarri dira. Bada, ordea, albistearekin oheratu zenik eta horren berri izatean kalera atera zenik ere.
Washington eta New York izan dira ospakizun jendetsuenak bildu dituzten bi hiriak. Bietan, jendea kontentu, eta irribarre batekin ahoan, hilketaren mezua sakelako bidez zabaldu ahala kalera atera baitira. Times Squarren suhiltzaileen poza ezkuta ezina izan zen. Bertan zeuden hiritarrekin ospatu zuten albistea.
Ikurrak eta mezuak
Greg da goizean zero gunera inguratu den suhiltzaileetako bat. Hasperen egiten du. Kide asko galdu zituen atentatuetan. «Ez dakit nola esan, baina ongi sentitzen naiz, hori da hitza, ongi sentitzen naiz», erantzun du.
Ondotik 40 urte inguruko gizonezko bat pasatu da, bandera estatubatuarra bizkarretik zintzilik duela. Atzera eta aurrera dabil, geldiunerik gabe, ezer esan gabe, baina honako mezu hau zabaldu nahiko balu bezala; «zuengatik, hemen geratu dinetenengatik, hil dugu erantzulea».
Handik metro gutxira, zero gunean eraikitzen ari direnari begira jarrita dago emakume afroamerikar bat. Eskuetan Barack Obamaren argazki handi bat hartuta dauka. Parean pasatzen den guztiari erakusten dio «Obama presidenteak harrapatu du Bin Laden, ez ahaztu» esanez.
Lee gerra beteranoa eseri zaio ondoan, eta biak ados daude: «Justizia egin da». Isilik geratu dira dorreek utzitako hutsunean begirada galduta. Urte hauetan guztietan doluaren ikur bilakatu da eremu hori. Atseden har bezate irailaren 11ko biktimek idatzita dago gizonezko afroamerikar batek helduta daukan txartel batean. Turistek argazkiak ateratzen dizkiote.
Irailaren 11ko atentatuen ostetik, hiriko edozein txokotan aurkitu litezke bandera amerikarrak zintzilik: suhiltzaileen kamioietan, leihoetan, motxiletan, arropan edo paparrean. Akaso norbaitek ahaztua ere izango zuen haren bila jarraitzen zutela, baina albistea jakin bezain pronto, kalera atera dira.Yolanda eskuko banderak saltzen ari da: «42. Kalean egon nintzen atzo, eta izugarri saldu genuen. Eta gaur ere oso ongi ari gara saltzen hemen zero eremuan». Bost dolar balio du eskuko bandera handiak, eta bi dolar txikiak. Jendeak erosi egiten ditu, eta haizearen erritmora dantzan jartzen dituzte zero gunean oraindik dagoen zuloari begira.
Atentatuetan 2.750 lagun hil ziren, eta Dorre Bikiak zeuden lekuan dauden horietako askoren errautsak, zulo hartara erori ziren atentatu haietako hildakoak. Haiek familiartekoetan utzitako hutsunea, ordea, handiagoa izango da, eta akaso horregatik jarri dituzte loreak. Lanak babesteko hesietan daude, edonon, loreak zintzilikatuta, eta ondoan bandera estatubatuarrak. Horma horietako batean Daily News egunkariko gaurko edizioko bi lehen orri daude jarrita. Bin Ladenen aurpegia ikus liteke bertan. Turistak, banaka-banaka argazkiak ateratzen dituzte egunkaria eskuarekin seinalatuz, gaurko egunez hemen egon direla esan nahiko balute bezala.
Prentsa eskuetan
Mary Fetchetek semea galdu zuen atentatuetan. Irailaren 11ko Ahotsak elkarteko zuzendaria da, eta orain lasaiago hartzen duela arnasa dio: «Ongia gaizkiari gailendu zaiola sentitu dugu, eta gure fede hori indartu egin da orain, garaipen sinbolikoa eta morala da gizateriarentzat».
Italiakoa da Massimo, eta egun batzuk pasatzera etorri da hirira. New York Times egunkaria erosi du, eta hura eskuetan hartu eta argazkia ateratzen ari da, «gaurkoa egun berezia eta gogoratzekoa delako».
Zero gunean jendetza ibili da egun osoan. Bestetan baino gehiago. Baina bi kale atzerago, hainbeste zalaparta eragin duen Cordoba meskita eraiki nahi duten lekuan, isiltasuna eta lasaitasuna da nagusi. Bi polizia patruila atean jarrita, eta ez dago besterik.
Hirian zehar, Manhattanen esate baterako, metroan, polizia gehiago ikus liteke gaur. Eta zergatia hirian barrena dauden kioskoetara begiratuta eta egunkari azalak irakurrita jakin liteke: Bin Laden hil dute. Hainbeste polizia daudela eta, mendekuaren mamua oso urrun ez dabilela pentsatzen dutenak ere badira, nahiz eta, polizia iturrien arabera, «mehatxu zehatzik» ez dagoen.
(Argazki guztiak 2011ko maiatzaren 2an, goizean zero gunean ateratakoak dira. Egilea: G. Udabe)