2011/03/24

Alec Baldwin

          New Yorken, beste toki askotan bezala, gomendagarria izaten da argazki kamera txikia patrikan eramatea. Egia da, gaur egungo telefonoekin edo ipodekin argazkiak atera litezkeela, baina txarra ez kamera hobexeago bat, patrika txikian kabitzeko adinakoa soinean eramatea. Zenbait irudi, zenbait gertakari, zenbait pertsonaia behin baino ez zaizkizu tokatuko parean, eta "kamera hemen izan banu" esateak ez du balio izaten. Esperientzia propioz dakit hori, eta pena galantarekin zuei erakusteko moduko irudiak galdu izan dituk. Baina "banu, balego eta balitz" aritzea alferrikakoa da. 

          Azken aldian fin nabil horretan, eta gaur ere soinean neraman. Lincon Center deiturikora nindoan. Manhattango Upper West Side-an dagoen ikuskizun desberdinetarako eraikinek osatzen dute gunea: Metropolitan Operak, Baletak (Black Swan filmeko eskenatokia), etab... New Yorkeko liburutegi publikoetako bat ere han dago, eta sarritan joaten naiz bertara nire lanak egitera. Gaur ere hala nindoan, kanpoko eskilaratan Alec Baldwin aktore ezagunarekin topo egin dudanean. Pajarita eta guzti, dotore jantzita zegoen gizona. Telebista kalte desberdinentzako elkarrizketak eskaintzan ari zen. Poliziaz inguratuta zegoen (hemen erraza baita zaletu ero edo gorroto zaituen norbait aurkitzea). Eta ikusleen tokitik, hauetxek hartu ditudan irudi batzuk.





Argazkiak: G. Udabe

2011/03/23

Asfaltoan arrantzan


Hirian, asfalto artean arrantzarik ezin dela egin uste bazenuten, hara hemen zuen teoria bertan behera utziko duen argazkia. Atzo bertan, seigarren etorbide ezagunean hartutakoa da, banku eta finantza enpresa asko eta asko dauden “midtown” ezagunean, “Radio City Music Hall” areto ezagunetik oso gertu. Arrainik ez zuen aurkituko, baina zonalde horretan presaka ibili ohi den jendeak galdutako 25 zentimoko txanponak, bitxiren bat, edo eta zorte pixka batekin “single” bat (dolar bat), arrantzatzea lortuko zuen (ez nintzen ikustera geratu. Ni ere presaka nenbilen). Pobreziaren irudietako bat, milioika dolar mugitzen diren zonaldean. 

  
                                                                                    Argazkia: G. Udabe

                                                                                    Argazkia: G. Udabe

2011/03/22

Bigarren mailako herritarrak

(2010eko abuzturako idatzitako erreportajea da honako hau baina gaurkotasunik galdu ez duena itsasoaren alde honetan)

                                Argazkia: Michael Napartowics. www.photomika.com 

Estatu Batuetako paperik gabekoen profila

Bizitokia.Paperik gabeko etorkinen erdia baino gehiago Kalifornia,Chicago, Florida,New York eta New Jerseyn bizi dira.

Sexua.6,3 milioi inguru gizonezkoak dira; eta 4,1 milioi,emakumezkoak.

Adina.Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren paperik gabekoetatik 1,5 milioi adingabeak dira,eta batez beste 35,5
urte bizi ohi dira.Aldiz,estatubatuarrak 46 urte bizi ohi dira.

Hezkuntza.Hamarretik hiruk bederatzi urte baino gutxiago egin dituzte eskolan. Hamarretik bik,aldiz,bigarren hezkuntza arteko ikasketak eginak badituzte ere,ez dute hori ziurtatzen duen agiririk.

Lanbidea.Paperik gabe dauden herritarretatik %21ek zerbitzuetan lan egiten dute; %19k,eraikuntzan; %12k,merkataritzan; eta %8k,garraioan.

Jatorria.AEBetan bizi diren 11,9 milioi paperik gabekoetatik gehienak,%57 inguru, Mexikotik joandakoak dira.

Urtero iristen direnak.Urtero milioi erdi lagun sartzen dira AEBetan ezkutuan, gehienak Mexikotik.

Gehien erabilitako sartzeko moduak. Gero eta gehiago dira bisa lortzeko gezurra  esaten dutenak,edo kopuru jakin bat ordaindu ostean estatubatuar batekin ezkontzen direnak,herritartasuna eskuratu ahal izateko.

Ez-legezkoak».Hiru dira pertsona bat herrialdean «legez kanpo» dagoela esateko arrazoiak: baimenik gabe sartu izana; baimendutakoa baino denbora gehiagoan geratzea; eta legez sartzeko baldintzak urratzea.
 
Etorkinen seme-alaben herritartasuna Ehun urte baino gehiago ditu AEBetan jaiotako edozeini hiritartasuna ematen dien Konstituzioko 14.emendakinak (1868an onartu zuten). Horren haritik, «hiritartasun automatikorik ez AEBetan jaiotakoei» dioten ahotsak gehitu dira azkenaldian. Errepublikanoak dira kanpaina horren bultzatzaile nagusiak.

Soldaduak mugan.Mexikoren eta AEBen arteko mugan 524 soldadu jarri nahi dituzte urrirako.Lehen militarrak herenegun heldu ziren mugara,paperik gabe hura zeharkatzen ahalegintzen direnak geldiarazteko asmoz. Giza ekintzaileen kritikak eragin ditu neurriak.


 Guztira 40 milioi atzerritar daude AEBetan; horietatik %30 paperik gabekoak dira, eta «ez-legezko» egoeran daude Azaroko bozei begira, oinarrizkoa izan daiteke Obamarentzat latinoen botoa

Garikoitz Udabe New York

Ameriketako Estatu Batuetan guztira 40 milioi atzerritar daude. Horietatik %30 paperik gabekoak dira, eta «ez-legezko» egoeran daude hemen. Adinez nagusi den populazioaren %4a da paperik gabekoa. Josek 23 urte ditu, eta El Salvadorkoa da; 2007an sartu zen turista modura AEBetara, eta baimena bukatu ondorenetik paperik gabe dago. Dirua irabazi, eta El Salvadorren taberna bat zabaltzeko helburu garbiarekin bizi da Jose New Yorken. Ingelesik apenas jakin gabe iritsi zen. «Izugarri txiki sentitu nintzen New York zapaldu nuen lehen aldian». Hiria aukeratu zuen, familia duelako hemen. Paperik gabeko etorkinen %94 bizi dira hiriguneetan.

Askotariko ofizioak izan ditu Josek: udako kanpalekuetan, locutorio batean, kafetegi eta jatetxeetan aritu da, baita zerbitzari, igeltsero eta garbitzaile gisa ere. «Ez naiz ez-legezko gisa sentitu inoiz», dio segurtasunez Josek. «Ez naiz nire herrian bezain indartsu sentitzen gauza bat eta bestea eskatzeko, eta horrek beldurra ere ematen dit. Horregatik, nabarmendu gabe, eta ahalik eta isilen ibiltzen saiatzen naiz».

 Etorkizunean bere burua legeztatu nahi du. Horretarako lantokiko neska estatubatuar batekin negoziatzen ari da berarekin ezkon ote litekeen, eta horrela, «prozesu luze baten ostean, eta ez-legezko gisa egoteagatik isuna ordainduta», Estatu Batuetako hiritartasuna lortuko luke.

Herrialde beretik etorritakoa da 29 urteko Miguel ere, baina arrazoi desberdinarekin: «Neskalaguna haurdun geratu zen. Aurreko erlazio bateko beste ume bat ere bazuen, eta, dirua behar genuenez, hona etortzea erabaki nuen, lan egin eta dirua beraiei bidaltzeko ». Jatetxeetan egin du batez ere lan, zerbitzari modura Miguelek azkeneko lau urteetan.

Kaliforniatik Ekialdeko Kostaldera trenez zihoan batean, ordea, polizia kontrol batean geratu eta atxilotu egin zuten. Epaileak Yorkeko (Pennsylvania) espetxera bidali zuen. «Kartzela hartan ez-legezkoen artean ez geunden latinoak bakarrik. Han denetarik zegoen: europarrak, asiarrak…» Oso esperientzia gogorra izan zen kartzelakoa, baina hiru hilabeteren ostean aske geratu zen. Egoera legeztatze aldera, AEBetan jaio eta bizi den lehengusina bati proposatu zion ezkontzea Miguelek. Eta horrek, baietz. «Orduz geroztik paperak egiten ari gara abokatu baten laguntzarekin, eta ea espero bezala joaten zaidan guztia»



Giza trafikoa,negozio

Egin duenarekin eta hartutako erabakiekin harro sentitzen da Carlos Kolonbiarra ere. 40 urte ditu, eta hamar daramatza paperik gabe. Marcela neska-lagunak eta biek erabaki zuten AEBetara paperik gabe etortzea. Aurretik herrialde horretan bizia zen, baina bost urte lehenago immigrazioarekin izan arazo batzuengatik Kolonbiara deportatu zuten Carlos.

 «Badut nik El monodeitzen diogun lagun estatubatuar bat. Marcelarekin ezkontzeko proposamena egin nion, horrela berak hiritartasuna eskuratu zezan». Carlos dokumenturik gabe herrialdean sartu ostean, banandu eta berriro elkarrekin ezkontzea zen kontua, horrela biak  legeztaturik egoteko. Lagunak onartu egin zien proposamena Carlosi eta Marcelari.

Marcelak bere bidea abiatu zuen, eta, 12 milioi peso kolonbiar coyoteei ordainduta (5.124 euro inguru), Mexikoko El Hueco deitzen diotenetik pasatzen saiatu zen Carlos. Coyoteek mugako sareetan zuloak eginda izaten dituzte, eta gauez bertatik jendea pasarazten dute. Lehendabiziko saioan harrapatu egin bazituzten ere, bigarrengoan lortu zuen Carlosek AEBetara sartzea. «Bertan, arropa garbia eta nortasun agiri estatubatuar faltsuak eskuratu ostean, Los Angelestik New Jerseyrako hegazkina hartu nuen». Fabrika batean komunak garbitzea izan zen aurkitu zuen lehendabiziko lana. «Gerora, ordea, okin gisa lan egin izan dut gaur egun arte. Asteko 1.100 dolar [867 euro] inguru irabazten ditut». Marcela neska-lagunarekin haur bat izan zuen. Eta handik gutxira erlazioa hautsi egin zen.

«Ez zidan berarekin ezkontzeko denborarik eman, eta horregatik jarraitzen dut paperik gabe». Egindako diruarekin jatetxea zabaldu du Kolonbian, eta anaiak eramaten dio negozioa. «Bi urte barru hemendik alde egin nahiko nuke. Semea da une honetan herrialde honetara lotzen nauen gauzarik garrantzitsuena. Horregatik jarraitzen dut hemen». Joel mexikar gazteak 17 urte bete berrirekin pasatu zuen muga, beste hamabost lagune-kin, duela urtebete. «2.500 dolar [1.970 euro] ordaindu nien coyoteei eta saio bakarra nahikoa izan genuen». Sei anai-arreba ditu Joelek. Informatikarekin lotutako ikasketak egiten ari zen Mexikon, baina dena utzi eta hiru urte paperik gabe AEBetan zeramatzan anaia baten lekukoa hartzea erabaki zuen.

«Gure familiaren ekonomiari bultzada emateko modua da hau», dio Joelek, «eta, bide batez, egun batean nire etxe propioa erosi eta nire familia hazteko lekua urkitzeko modua». Lehengusu batekin eta bi lagunekin bizi da, eta anaiak lan egiten zuen jatetxean berarentzat gordetako lekutik ateratzen du bizibidea. Hiruzpalau urtean etxera bueltatzea da Joelen asmoa. Akaso beste anaien bati lekukoa utzita orduan ere.

Argazkia: Michael Napartowics. www.photomika.com 


Immigrazio legea

Arizonan egin nahi dutenaren inguruan, «tentsio handia» daukala dio Josek. «Ehizarako jakia izango bagina bezala da, eta komunikabideek ez diote besterik ezer. Beldurra sartzeraino». Joel mexikarrak sentitzen duen beldur bera: «Izua diot Arizonako joera hori zabaltzeari, eta nire asmo eta ametsak zapuzteari».

Carlos ez du sentimendu horrek harrapatu, eta ez die lege horri eta haren ondorioei kasu askorik egin. Baina, aldi berean, immigrazio legearen erreforma baten zain dago. «Beharrezkoak gara herrialde honetan, eta zerbait egin beharra daukate gure egoera konpontzeko», dio Miguelek. Etorkinen gaia premiazkoa bilakatu da Barack Obama presidentearentzat, besteak beste, azaroan Diputatuen Ganbera eta Senatuaren heren bat berritzeko hauteskundeak egingo dituztelako. Zenbait estatutan hautesleriaren portzentaje handia direnez, hispanoak oso garrantzizko bilakatu dira, eta ikusi dute AEBetako politikan beraien eragina handitu dezaketela.

Obamak paperik gabekoak legeztatzeko aukera proposatu zuen, baina horretarako zenbait baldintza jartzen dizkie etorkinei: ordaindu gabeko zergak ordaintzea, ingelesa ikastea eta lana izatea, besteak beste.




Mark Hugo Lopez 
Pew Hispanic Centerreko zuzendaria

AEBetara urtero milioi erdi lagun inguru sartzen dira, baimenik gabe; horien egoera eta estatubatuarrek haietaz duten iritzia aztertzen du Mark Hugo Lopezek, PHC erakundearen bitartez.

«Paperik gabeko etorkinen artean, bostetik bat pobrezian bizi da»

G.Udabe New York

          Pew Research Centerrek (Pew Ikerketa Zentroa) alor desberdinetako zazpi proiektu ditu bere barruan. Hain zuzen ere, horietako bat da Pew Hispanic Center (PHC). Balorazio politikorik gabe, hispanoekin lotutako txostenak argitaratzen dituzte. AEBetan latinoak direnen esperientzia, bizipen eta pentsatzeko modu desberdinak jasotzea da beraien helburua. Prentsak, Gobernuak eta interesa duen orok erabiltzen ditu txosten horiek. Duela bi urte eta erdiz geroztik, bertako zuzendari eta kide da Mark Hugo Lopez. Inkesten zuzendari lana egiteaz, eta politika publikoak, gazteak eta krimenen inguruko txostenak zuzentzeaz arduratzen da. Egunero aritzen dira ikerketa berriren batekin lanean Washingtonen duten egoitzan.

Zenbatean behin egin eta argitaratzen dituzue txostenak?

Txosten bat edo bi argitaratzen dugu hilero. Oso gai desberdinak lantzen ditugu: demografia, ekonomia, politika, hezkuntza, osasuna eta gai horietaz AEBetan bizi diren hispanoek duten iritzia.

Zein da txosten horien helburua?

AEBetako komunitate latinoari pultsua hartzea da helburua. Bereziki urte osoan argitaratzen ditugun hiru txosten nabarmenduko nituzke: paperik gabekoen ezaugarrien inguruan ateratzen duguna (National Survey of Latinos), lan merkatuan dauden latinoen ingurukoa, eta demografia datuen ingurukoa (non bizi diren, zenbat, ezaugarriak..)

Hitz egin dezagun PHCk egindako azkeneko txostenen inguruan: zenbat paperik gabeko dago AEBetan?

2008. urtean egindako ikerketa baten arabera 11,9 milioi paperik gabeko zegoen AEBetan duela bi urte.

Horietatik zenbat dira hispanoak?

Lautik hirukoa da proportzioa. Ia 12 milioi paperik gabekotik, 7 milioi mexikarrak dira.

Paperik gabekoen kopuruak behera edo gora egin du?

Barne Segurtasunerako Departamentuak argitaratutako azken datuen arabera, 2009. urtean behera egin zuen paperik gabekoen kopuruak. Gure datuen arabera, ez dago aldaketarik etxera bueltatzen ari diren mexikarren kopuruan. Aurreko urteetan adinako joana dago, baina AEBetara datozenen kopuruak behera egin du nabarmen.

Ekonomian izan den atzeraldiak izan al du eraginik zifra horretan?

Ez dakigu ziur. Baina litekeena da. Bereziki mexikar askoz ere gutxiago ari direlako iristen. Kontuan hartu behar da ekonomia arazoek lehendabizi latinoengan eta etorkinengan izaten dutela eragina.

Zein da paperik gabekoen egoera AEBetan. Nola bizi dira? Zeintzuk dira beraien beharrik handienak?

Bostetik bat pobrezian bizi dela esan diezazuket. Eta hispano etorkinen artean, hamarretik seik ez dute mediku asegururik.

Zer gertatzen da paperik gabekoen umeekin?

Estatu Batuetako Konstituzioko 14. emendakinaren arabera, diplomazialarien seme-alabak izan ezik, AEBetan jaiotako pertsona guztiek lortzen dute hiritartasuna.

Hori al da guraso askok hiritartasuna lortzeko erabiltzen duen formula?

Bide horretatik hiritartasuna lortzeko, hogei urte edo gehiago behar dira. Ez da automatikoa. Horregatik, ez dakigu seguru hori gurasoen motibazioa ote den.

Zein da estatubatuarren iritzia etorkinen inguruan?

PRCk ekainean argitaratutako txosten baten arabera, estatubatuarren erdiek pentsatzen dute etorkinak karga bat direla nazioarentzat, lanpostuak hartzen dituztelako, eta zerbitzu asko erabiltzen dituztelako. %44k pentsatzen dute gizartea sendotzen dutela etorkinek, eta proportzio berekoa da bertako balioen eta kulturaren aurkako mehatxu direla pentsatzen dutenen kopurua.

Demokrata eta errepublikanoen pentsatzeko moduan badago gai horri buruz desberdintasun nabarmenik?

Errepublikanoek demokratek baino ikuspegi askoz ere ezkorragoa eta etorkinen kontrakoagoa dute. Azkeneko sei urteetan, gainera, haziz joan da kontrako iritzia errepublikanoen artean.

Zein funtzio dute etorkinek,estatubatuarren iritziz?

Ia hamarretik seik esaten dute AEBek nahi ez dituzten lanpostuak hartzen dituztela.

Obamak paperik gabekoak legeztatzeko egindako proposamenaren inguruan zein iritzi dago zabalduta?

Hamarretik zazpik diote paperik gabekoei hiritartasuna emateko bideren baten alde daudela, baldin eta horiek isunak ordaintzen badituzte, lana badute eta gaizkileak ez badira.

Arizonako estatuan indarrean jarri duten legearen inguruan zein da iritzi orokorra?

Joan den ekaineko azkeneko datuen arabera, hamar lagunetik zazpik legea ontzat ikusten dute, eta hura indarrean sartzearen alde daude.

Hispanoek zer pentsatzen dute Obamaren gobernuaren politiken inguruan?

Oraintxe ari gara horri buruzko inkesta bat egiten. Ea lehenbailehen erakusten ditugun datuak.