2013/06/29

Desfileak

Larrepetit, 2013-06-29



          Ez zaizkit oso hemengoak diren desfile handi horiek batere gustatzen. Aspertu egiten naute, eta ez daukat orduetan karroza handien pasaerari begira egoteko pazientziarik. Baina bakarren batean geldialdia egitekotan, biharkoan egingo nuke: gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideak defendatzeko urtero egiten dena; koloretsua, umoretsua, dibertigarria izaten da, inauteri ukitu handikoa.

          Aurtengoa New Yorken nahiko berezia izango dela esango nuke. Pozteko arrazoien artean daude Auzitegi Gorenak aste honetan hartu dituen bi erabakiak: Kalifornian sexu berekoak ezkontzeko zegoen debekua bertan behera utzi izana eta bikote homosexualek heterosexualek dituzten eskubide berberak maila federalean onartu izana.

          Baina kontuz! Hankak lurrean, dena ez da eta arrosa kolorekoa. Aspaldiko urtetan esparru honetan aurrera egiten dela iruditzen bazaigu ere, 2013a bezalako urteak kontuan hartu behar ditugu jende askoren pentsaera, ideia eta ikuspegi motz eta arriskutsua bizi-bizirik dagoela konturatzeko.

          Aurten, East Village-an, 45 urteko gizonezko bati eraso egin diote bere sexu joeragatik. SoHon, bi gazte bikote homosexual batekin gurutzatu, eta haiek iraindu ostean, jipoitu egin zituzten. Kasurik larriena Greenwich Village-n gertatu da: Elliot Morales Marc Carson eta haren bikotekidearengana inguratu zen, gay zirelako sekulakoak eta bi esan ostean, pistola atera eta tiro batekin bertan hil zuen Carson.

          New York bezalako hiri batek duen ezaugarri handienetako bat aniztasuna da: arrazetan, koloreetan, nazioetan, hizkuntzetan, sexu joeretan. Eta hain da plurala, batzuetan bertan bizi denari ahaztu egiten zaio denek ez dutela hori errespetatzen. Aurten, eraso homofoboek New Yorken izan duten igoera kezkagarriak hori gogorazi digu: oraindik desfile asko daudela egiteko.

Antzezlan iruzurtia

Larrepetit, 2013-06-22


          Uste dut New Yorken egitea gehien gustatzen zaidan gauzetako bat kalean ibiltzea dela. Orduak pasatuko nituzke batera eta bestera, zer suma, zer ikusi, zerk atentzioa emango, nor topatuko! Hemengo etorbide eta kaleetan barrena galtzea gogoko dut.

          57. kaleko kantoia eta bosgarren etorbidea elkartzen diren lekuan beheranzko norabidea hartu nuen, eta berehala ikusi nuen emakume hura, izkina batean, manta zahar batean bilduta, eskean. Pausoa mantsotu nuen, eta ez nion begirik kendu. Inguratu ahala konturatu nintzen negar batean ari zela! Benetako malkoak ziren masailetatik behera zetozenak. Etxerik gabeko emakume hark bihotza ukitu zidan. Bere parean geratu eta «help me, help me», lagundu nazazu eskatu zidan, negar batean. Joder, nola esango nion ezetz! Eskua patrikan sartu eta ahal nuena eman nion. Ondo sentitu nintzen hori eginda.

          Ordu batzuk geroago berriro leku beretik pasatu nintzen, baina kontrako espaloitik. Eta hara nire sorpresa, herioan zegoen emakume hura bere gauzak jaso eta patxada ederrean telefonoz hizketan metroa hartzera zihoala ikusi nuenean.

          Beste batean, sekulako herrena egiten zuen gizon bat inguratu zitzaidan diru eske. Ia ezin zuen ibili ere egin! Nire laguntza xumea eman eta egun batzuetara, gaueko ordu txikietan, hara non ikusten dudan gizon bera, bastoirik gabe eta herrena auskalo non galduta, maratoia egiteko adinako sasoirekin!

          Bi kasuetan sentitu dudan amorrazioa, sua, iruzurtua izatearen sentipena, ordea, erlatibizatzen ikasi dut. Aitortu beharra daukat batzuk oso antzezle onak direla, eta, sikiera, dolarretan eman diedan laguntza izan dadila horretarako aitorpena. Denak ez dira-eta Broadwayko antzokietara iristen. Baina honek beste zerbait ere sortarazi dit: mesfidantza. Horregatik, azkenaldian, musikari edo kaleko artistei bakarrik ematen diet propina!