Alenak gozodenda batean egiten du lan. Oso New York estilokoa da: modernoa, berria, gozoez gain kafe eta txokolate mota oso desberdinak edan litezke, lasai eseri eta tertulian egoteko toki aproposa da. Manhattango Soho-an dago kokatua, eta badira dagoeneko bi hilabete Alenak lana lortu zuela.
Alenaren laguna da Laura. Eta gaur, beste zenbait ikaskide ohirekin batera Alenaren lantokira joan dira hura ezagutzera, txokolate bero batekin kanpoan egiten duen hotzaz ahaztera, eta elkarri kontu “txikiak” kontatzera. Gustura egon dira hitz eta pitz, Alenak lana bukatu duen arte. Lantokiko managerrak “see you tomorrow” esanez (bihar ikusiko zaitut, bihar arte) esanez agurtu du Alena.
Gozodenda bat denez, ez dute oso berandu itxi, eta afari legea egitera joan dira. Hori ere New York estilora: pitza puska bat jan dute bi arrazoigatik: merkea delako, eta hirian egiten diren pizzarik gehienak goxoak egoten direlako. East Village aldeko pare bat tabernatara sartu dira, han jarraitu du lagun koadrilak elkarri gauzak konfesatuz. Ordubata aldera ordea, Alena eta Laurak etxera aldera abiatzea erabaki dute. Izan ere, bihar, biek lan egin behar dute. Gainontzekoak geratu egin dira zer suma.
Subwaya (hemen horrela deitzen zaio metroari) hartzeko bidean telefonoak jo dio Alenari. Pi pi. Ez da deia. SMS mezu bat da. Zabaldu egin du. Irakurri egin du. Berehala aurpegia aldatu zaio. Zuri geratu da. Laura berehala konturatu da zerbait ez zihoala ondo.
-Zer duzu? – galdetu dio.
-Begira zer jartzen duen hemen?
-Nagusiaren erabakiz, despeditua zaude. Ez bihar lanera etorri.
Ordu batzuk lehenago “bihar arte” esanez agurtu duen managerrak bidali dio SMS mezua. SMS bidez despeditu dute. Berehala erantzun dio Alenak, argibideak eskatuz.
-Zergatik nago lanik gabe? Zer egin dut?
Ez dago despeditua izan zarela esan eta zergatiak ez ematea baino gauza okerragorik. Ezer gaizki egin ez duzunaren sentsazioa duzuenean, akaso konbentzimendua ere bai, eta halako injustiziaren aurrean ezin ezer egin geratzen zarenean, sentsazioa oso txarra da. Denok behar dugu argibideren bat. Eta Alenak ere behar zuen. Horregatik akaso, hurrengo egunean gozodendaraino joan zen horren eske. Managerrak eman zizkion:
-Ni oso gustura nengoen zurekin. Baina nagusia ez.
-Baina zergatik? Lanean ongi moldatu naiz, ongi egokitu naiz eta ez dut hanka sartzerik egin.
-Ile luzeegia daukazu.
-Zer?
-Ile luzeegia daukazula dio nagusiak, eta aurpegi triste samarra jende aurrean egoteko.
Hara hor lanik gabe geratzeko arrazoiak. Benetan arrazoi sendoak. Arrazoiak jakin aurretik baino zurbilago geratu da Alena. Batzuetan hobe izaten da SMS-ko “despeditua zaude”-rekin geratzea. Hurrengo egunean lanera joan beharrik ez daukazula jakin arazteko uste baino modu normalagoa da hau inguru hauetan. Beste modu bat Wall Street-erako edo zenbait konpainiatarako beharrean ari zarenekoa da esate baterako: pertsonal sailekoa arduraduna inguratzen zaizu lanik gabe zaudela esatera segurtasuneko bi lagun ondoan hartuta. Edukazio handiarekin ateraino laguntzen zaituzte eta zure mahaiko trasteak etxera bidaliko dizkizutela esan. New Yorken despeditua izan behar baduzu, SMS hotz bat jaso baino bigarren modalitate honek "glamour" gehiago du.
Lan bila hasi da berriro Alena. Baina hemen ere ez dira horretarako garairik onenak!
No hay comentarios:
Publicar un comentario