2011/12/12

Emakumeak politikan. Berdintasunaren boterea.

(Hemen daukazue, emakumeen parte hartze politikoaren inguruan egindako erreportajea. Mundu mailako datuak, Nazio Batuen Erakundea-Emakumeak sailaren begirada, Begona Lasagabaster eta Hiba Qasas-en esperientzia eta iritziak, bakearen nobel saridunak, esparru honetan egindako ikerketa desberdinak, eta gehiago, Berria egunkariko Igandea gehigarrian argitaratu zen)

BERRIAn argitaratua, 2011-12-11





Emakumeena ere bada boterea

Emakumeek erabakigune politikoetan parte hartzea bermatzea galdeginez, adierazpen bat adostu zuten irailean mundu osoko dozenaka emakume liderrek. Nazio Batuen Erakundeak ebazpena onartuta, parte hartzearen inguruko datu errealak emateko eskatuko zaie herrialdeei aurrerantzean.




Gari Udabe New York

          Iragan irailaren 19a egun seinalatua izan zen; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundea New Yorken egiten ari zen 66. Batzar Nagusiaren harira, hainbat emakume liderrek adierazpen garrantzitsu bat egin zuten, demokrazian, politikan emakumeek parte hartzeko duten eskubidea defendatuz. Munduan zehar, politikan eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen parte hartzea handitzeko deia egin zuten. Besteak beste, parte hartze hori demokraziarako ezinbestekoa dela esan zuten, eta egoera guztietan garapena eta bakea lortzeko beharrezkoa dela nabarmendu —bake egoeretan, gatazketan, gatazka ondorenean eta trantsizio politikoetan—. Xede hori lortzeko zenbait gomendio ere eman zituzten emakume lider horiek. 

          NBE-Emakumeak saileko zuzendari Michelle Bacheletek adierazpenaren harira esan zuenez, helburu berak bildu zituen emakume guztiak: «Erabakiguneetan emakumeek parte har dezaten bermatzeko bideak irekitzeak. Munduko inteligentziaren erdia erabiltzen badugu (emakumeena), errazago izango zaigu etorkizunean aurre egin beharko diegun erronkei irtenbidea ematea ». Han izan ziren, besteak beste, Dilma Rousseff Brasilgo gobernuburua, Kamla Persad-Bissessar Trinidad eta Tobagoko lehen ministroa, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria, Catherine Ashton Atzerri Gaietarako Europako Batasuneko ordezkari eta Europako Batzordeko lehendakariordea, Roza Otunbaeva Kirgizistango presidentea, Tarja Halonen Finlandiako presidentea, Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri ministroa, Rocio Garcia Gaytan Mexikoko Emakumeen Gaietarako ministroa, Aurelia Frick Liechtensteingo Printzerriko Atzerri ministroa eta Lilia Labidi Tunisiako Emakumeen Gaietarako ministroa. Horiek egun hartan sinatu zuten adierazpena, eta gerora beste hainbatek bat egin dute bertan eskatzen denarekin.



 Parte hartzea  bermatzea trantsizio egoeretan ere

          Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko hirugarren  atzordean, azaroaren 19an, adostasunez onartu zen emakumeen parte hartze politikoa defendatzen duen ebazpena. Benetan garrantzitsua da erabaki hori, eta, formalism guztiak gainditu ostean, prozesua bukatua egongo da urte bukaera baino lehenago. 

          Gauza askori buruz hitz egiten da ebazpen horretan, baina, besteak beste, nabarmendu dute nolako garrantzia duen emakumeen parte hartze politikoak demokrazian, garapen iraunkorrean eta pobreziari aurre egiteko orduan. Era berean, emakumezkoek aurre egin behar izaten dituzten oztopo asko aipatzen dira —agerikoak eta, familia zaintzeko duten ardura bezala, ez hain agerikoak—. Besteak beste, berdintasuna lortze aldera alderdi politikoek duten eginkizun garrantzitsuaz hitz egiten dute ebazpenean. Eta ideia horri lotuta, halaber, bereziki trantsizio egoeran dauden  herrialdeetan kontuan hartu beharreko eskubidetzat jotzen da parte hartze hori. 

          Garrantzitsua da, era berean, NBEko idazkari nagusiak bi urteko epean esparru honetan gauzak nola dauden azaldu beharko diola Batzar Nagusiari. Horretarako, munduko hainbat herrialdetako gobernuei datu errealak emateko eskatu zaie. Eskatzea, ebazpen bidez edo ebazpenik gabe, libre da, eta ematea ere bai. Hortaz, ikusi egin beharko da hurrengo bi urteetan zer jarrera hartzen duten NBEren barruan dauden herrialdeek.



Jaurlaritzaren laguntza NBE-Emakumeak sailari

           Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta haren gobernuko hainbat kidek urrian AEBetara egindako azken bidaian, 450.000 euroko lankidetza hitzarmena sinatu zuten NBE-Emakumeak sailarekin, helburu honekin: Latinoamerikako eta Karibeko gobernu maila guztietan emakumeen parte hartzea bultzatzea eta, oro har, emakumeek duten eskubide hori defendatzea. 2012an hasita, bi urte iraungo du akordioak.

 
Legebiltzarretan lekua egiten

Aurrerapausoak eman badira ere, gaur egun erabakigune politikoetan dauden emakumeen kopurua eskasa da oraindik mundu zabalean




G.Udabe New York

          Iparretik hegora eta mendebaldetik ekialdera, herrialdeen errealitateak asko aldatzen dira. Baina bada askotan agertzen den ezaugarri bat: parlamentuetan, botere politikoan, ekonomikoan, erabakitzeko guneetan parte hartzeko eskubidea ukatzen zaiela emakumeei, edo, espresuki debekatu ez arren, haietan duten presentzia eskasa dela. Munduko liderren %10 baino ez dira emakumeak. Bost parlamentaritatik bat baino gutxiago da andrazkoa, eta esparru horretan erreferentziatzat hartzen den %30eko datua 28 herrialdek baino ez dute lortzen. 

          Indian, 1992an konstituzioa aldatu eta eserlekuen %30 emakumeentzat gorde behar zirela erabaki ostean, milioi bat andre daude gaur egun udaletan zinegotzi karguetan. CEPALek (berdintasunerako behatokia) 2009ko datuei erreparatuz ondorioztatu zuenez, alderantziz gertatzen da Latinoamerikako herrialdeetan: emakumeen parte hartzea oso txikia da herrietan, %8,5 besterik ez baitira emakumeak udaletan. 

          Zenbait ikerketaren arabera (GEPAL, IDEA-IDB), Latinoamerikako alderdi politikoetako afiliatuen erdiak emakumeak dira, baina %19 bakarrik iristen diraerabakiak hartzen diren erakundeetara. Alderdien %92k genero berdintasunaren edo emakumeen inguruko sailen bat dute, baina sail horren eragina hutsaren hurrengoa izaten da. Munduko Ekonomia Foroak 134 herrialde aztertu ondoren esandakoa kontuan hartu ez duten seinale: genero berdintasunak eragin zuzena du barne produktu gordinaren hazkundean. Enpresa munduan ere joera bera da, Fortune 500 aldizkariaren arabera: zuzendaritza kontseiluetan hiru emakume baino gehiago dituzten enpresen irabaziak gainerakoenak baino %53 handiagoak dira. Ordea, Munduko Bankuak lan esparruan indarrean dauden legeen inguruan egindako ikerketaren arabera, aztertutako herrialdeen heren batean emakumeek ezin dute lan egin zenbait sektoretan.

           Antzera gertatzen da hezkuntzan ere: 2010ean Unescok 80 herrialdetan eginiko azterketa baten arabera, munduko herrialde gehienetan emakumeek hezkuntza eskasa jasateko aukera gehiago dituzte gizonezkoek baino. Urte berekoa da Global Media Monitoring Project-ek komunikabideen inguruan egindako ikerketa: egunkari, irrati eta telebistetako albisteetan emakumeek %37ko presentzia dutela dio. Albisteen %24k baino ez dute zerikusia emakumeekin edo haien ingurunearekin, eta hedabideentzat garrantzitsuak diren gaien %82 gizonen ahotik entzuten dira.

          IDEA eta NBE-Emakumeak sailak Ameriketako zenbait herrialdetako bozak hedabideetan aztertuta ondorioztatu zutenez, andrazko hautagaiek ez dute gizonek adina leku izaten, eta programen eztabaidetan genero berdintasuna ez da batere jorratzen. Gehienetan emakumeen gaitzat jotzen da, eta gizonek ez dute hizpide izaten.



Eginiko lanaren aitortza

Giza eskubideen aldeko eta, bereziki, emakumeen eskubideen aldeko hiru ekintzailek jaso dute aurten Bakearen Nobel saria; andrazkoak dira hirurak



G.U. New York

          Aurten eman diren Bakearen Nobel sariek ere zerikusi zuzena izan dute munduan emakumeek berdintasunean, politikan eta beste hainbat esparrutan parte hartzeko duten eskubidearekin. Hiru emakumek irabazi dute saria: Ellen Johnson Sirleaf liberiarrak, Afrikan demokratikoki aukeratutako lehendabiziko emakume presidenteak; herrialde horretako emakumeen eskubideen defendatzaile eta ekintzaile Leymah Gbowee-k; eta Tawakkul Karman-ek, zeinak aurre egin zion Yemengo erregimen autoritarioari. «Emakumeen segurtasunaren alde biolentziarik gabe egindako borroken aldeko apustuengatik eta bake prozesuetan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeagatik » saritu zituztela esan zuen Thorbjoen Jagland-ek, Nobel Sarien Batzordeko presidenteak. «Ezin dugu bakerik eta demokraziarik lortu munduan, emakumeek gizonek aukera berak ez badituzte», gehitu zuen. 

          Hirurek eskatu dute eskubide hori, bakoitzak bere arloan eta bere modura. Sirleafek 72 urte ditu; Harvarden lizentziaduna da, eta zenbait ardura izan ditu Munduko Bankuan, NBEn eta Liberiako Gobernuan. 2005ean, demokratikoki Afrikan aukeratutako lehen presidente emakumezkoa izan zen. Gboweek, berriz, emakumezko kristau eta musulmanekin Liberiako buruzagiei aurre egiteko elkarte bat sortu zuen. Liberiako gerrari amaiera eman eta hauteskundeetan emakumeen parte hartzea bermatzeko andrazkoak mobilizatzen izan zuen gaitasunagatik egin zen ezagun. Emakumezkoen eskubideak defendatu eta haien aurkako bortxaketak salatzeko kanpainatan parte hartzen du. 2003an, Monrovian 14 urtez emakumezkoak bortxatu zituztenen desarmea eskatzeko milaka emakumek egin zuten manifestazioaren buruan izan zen. Egun, Bakea eta Segurtasunaren Aldeko Afrikako Emakumeak elkarteko zuzendari lanetan dabil, Ghanan. 

          Karmani emandako sariaren atzean, berriz, udaberri arabiarrean eta azken urtean izandako iraultzetan, emakumeen parte hartzea dago. «Udaberri arabiarrak ez du arrakasta izango emakumeak ez badira aintzat hartzen », adierazi zuen. Katerik Gabeko Emakume Kazetariak giza eskubideen aldeko taldeko burua da Karman Yemenen gisako herrialde kontserbadorean. «Iraultza egin duten gazte eta herritarrei » eskaini zien saria. Sariekin pozik zegoen Ban Kimoon NBEko idazkari nagusia: «Aukeraketa ezin zen hobea izan; emakumeen boterearen ikurra da. Bakegintzan, segurtasunean eta giza eskubideetan andrazkoek duten egitekoaren garrantzia nabarmentzen dute». 2004az geroztik ez zuen emakume batek Bakearen Nobel saririk jasotzen.




Begoña Lasagabaster ·
NBE-Emakumeak arloko politika aholkularia

«Bere adimenaren erdia aintzat hartzen 
ez duen herriak arazo bat du»

Politikari gisa duen urteetako eskarmentua mundu osoko beste emakume batzuk laguntzeko baliatzen du Lasagabasterrek. Emakumeen parte hartzeari begira lorpenak izan direla uste du, baina asko dagoela egiteko: «Aurrera goaz, baina poliki».

Gari Udabe New York

Hiru legegintzalditan Madrilen EAko parlamentari izan ostean, New Yorken bizi da Begoña Lasagabaster (Irun, 1962). Nazio Batuen Erakundeko Emakumeak Sailean dabil politikari aholkulari gisa lanean azken hiru urteetan. Emakumeek politikan parte hartzeko duten eskubidea defendatzea helburu hartuta,  eskarmentua duenaren lekutik ari da munduko hainbat lurraldetako emakumeei laguntzen. Hainbat emakume liderrek politikan parte hartzeko eskubidea defendatuz sinatu duten deklarazioan buru-belarri aritu da lanean.  

G Noiz hasi zineten deklarazio honetan lanean?
E Plan estrategikoa onartu ostean, udan, hasi ginen honetan lanean. Ordurako bazegoen, NBEko Batzar Orokorraren harira, zerbait egiteko hainbat herrialderen interesa eta gogoa. Eta alde horretatik, Michelle Bacheletengana, sail honetako buruarengana, jo zuten. Bakoitza bere xehetasunekin: Trinidad eta Tobagoko ordezkariek, esate baterako, genero berdintasunak herrialde baten garapenean duen garrantzia azpimarratu nahi zuten. Beste sektore batek, herrialde arabiarretan gertatzen ari diren trantsizio politikoen harira egin nahi zuen zerbait. Proposamenak entzun ostean, Bacheletek hau esan zuen:  «Bakarra egin dezagun». Eta hor hasi ginen, elementu bateratuen bila, eta zer adierazi nahi genuen erabaki nahian.

G Eztabaida eta desberdintasun handiak egon al dira?
E Ez edukian. Xehetasunetan, pixka bat. Mundu osoko herrialde guztiak eta ordezkariak bilduko zituen zerbait lortzen saiatu behar genuen. Eta, noski, arabiar herrialdeetako emakumeek duten errealitateak eta Karibekoenak zerikusi gutxi dute. Horregatik, oreka on baten bila ibili gara, eta denak eroso egotea bilatu dugu. Emakume lider handiek, ezagunenek, gainerako munduko emakumeenganako solidaritatea adieraztea lortu nahi genuen, eta uste dut ederki atera dela; hain izan zen gertukoa ekitaldia bera ere, bakoitzak bere esperientzia pertsonala kontatzen bukatu zuen.

G Zein da edukiaren garrantzia?
E Zera dio, «hau giza eskubideen gai bat da»; hori da abiapuntua, eta ondotik, «hauxe da etorkizuna». Bere adimenaren erdia aintzat  hartzen ez duen herrialdeak arazo bat dauka. Ezin da demokraziarik egon emakumeenganako oztopoz betetako herrialde batean; oztopoak politikagintzan, enpresetan, unibertsitatean, familian gainkargarengatik... Demokrazia bat egon dadin, emakumeen parte hartzea behar da, bai boto-emaile moduan, bai erakundeetako parte hartzaile moduan. Eta horrek gizarte osoari ekartzen dio onura: hazkunde ekonomikoan, ongizatearen kalitate hobean, garapen iraunkorrean, ingurumenean… «Nahikoa da» esateko modu bat da.

G NBEk gai honekin ebazpena kasik onartuta dauka.
E Bai, eta hori oso pozgarria da guretzat, noski. Gainera, gobernuen arteko negoziazioetan, kontuan hartu dituzte eskariak eta emakume hauek egindako deklarazioa eta agiria. Oso garrantzitsua izango da ebazpena onartzea. Gero, ikusi egin beharko dugu gobernuek nola betetzen duten hori!

G Deklarazioaren eta agiriaren iraileko aurkezpena nolakoa izan zen?
E Izan genituen arazoak alde batera utzita, hizketan aritu zirenen eta entzuten aritu zirenen jarrera oso garrantzitsua izan zela uste dut. Jendeak bizi sentitu zuen, emozioarekin. Jendeak negar egin zuen. Humanitate hori, emakume handi horien solidaritatea sentitzea benetan garrantzitsua izan zen askorentzat. Oso gutxitan sortzen da askotariko liderren artean egon zen giro eta lotura hori.



G Oro har,pozik orain arte zuen lanarekin lortutakoarekin?
E Lorpenak dauden neurrian bai, baina ez. Batez beste, %19koa da emakumeen presentzia parlamentuetan. %30eko datua hartzen da erreferentziatzat, hori lortutakoan gauzak alda litezkeela uste delako; baina ez da hori lortu beharrekoa, baizik eta berdintasuna. 26-28 herrialde bakarrik daude parlamentuan emakumeak %30 baino gehiago dituztenak. Beraz, aurrera goaz, baina poliki.

G Zein lorpen nabarmenduko zenituzke?
E Urte eta erdi honetan, badira bi oso garrantzitsu: 2010eko uztailean, NBEko Batzar Orokorrak genero berdintasuna lortzeko eta emakumeen parte hartzea bultzatzeko NBE-Emakumeak sortzea erabakitzea, alde batetik. Bestetik, frogatzea emakumeok politikan eta ekonomian parte hartzeak gizartean, ekonomiaren hazkundean eta kalitate handiago batean islatzen dela. Alegia, herritarren erdiak kontuan hartzea ez dela eskubide kontua bakarrik (hori ere baden arren), element giltzarria da garapenerako. Hori baieztatzeko datuak dauzkagu: zenbat eta genero berdintasun handiagoa, orduan eta barne produktu gordinaren (PIB) hazkunde gehiago; enpresetan zenbat eta emakumeen parte hartze handiagoa, orduan eta etekin gehiago.

G Hiru urte pasatxo daramatzazu NBEn.Zeintzuk dira zure zereginak?
E Nirea politikaren esparrua da, eta politika aholkularia naiz. NBE-Emakumeak sortu zenean jaio zen sail berri batean nabil: Lidergoa eta Parte Hartze Politikoa sailean. Nire eginkizuna gobernu mailetan jarri beharreko arauak ezartzen laguntzea da. Gero, programen diseinua egitea: lanean ari garen herrialdeetan —gizarte zibilarekin, alderdi politikoekin, komunikabideekin, hauteskunde sistema eta erakundeekin lan
egiten dugu—, zertara bideratu nahi duten erabaki, hainbat urtetan zer lortu nahi duten kontuan hartu, eta hainbat programa abian jartzen ditugu. Gure esperientzia kontuan hartuta, herrialde horretako errealitatera egokitzen saiatzen gara, baina beti herrialde horrek duen ikuspegi politikoaz jabetuta. Neurrira traje bat egiten diogu herrialde horri. 

    Horrez gain, emakume parlamentariei ikastaroak ematen dizkiegu, hauteskunde kanpainetan komunikabideei jarraipena egiten diegu, alderdi politikoekin lan egiten dugu, genero aurrekontuetan lagundu… Eta azkenik, NBEren barruko koordinazio lanak egiten ditugu. Hainbat sektoretan ari gara orokorrean lanean: aginte ekonomikoan; emakumeen aurkako biolentzia saihesteko gaietan; segurtasunean eta bakean; gatazka eta gatazka ondorenean…

G Esperientzia pertsonalak balioko dizu zure egunerokoan,ezta?
E Nirea hondar aletxo bat da, baina ale guztiak biltzen eta horiekin lan egiten saiatzea da kontua. Parlamentura sartzera doazen emakumezkoei (herrialde latinoamerikarretan) zer aurkituko duten kontatzen saiatzen naiz, aholkatzen. Azkenean politikagintzan egon garen hainbaten esperientziak eta bizipenak eskaintzen dizkiegu.

G Michelle Bachelet da NBE-Emakumeak Saileko burua.Harekin lan egin duzu zuk.
E Hala tokatu zait, seguruena biok politikatik gatozelako, eta hainbat lanetan elkarrekin egotea egokitu zaigulako. Benetan zoragarria da berarekin lan egitea. Esan dizutena edo irakurri duzuna motz geratzen da ezagutzen duzunean. Oso langilea da, ideiak oso garbi dituena, intelektuala, justizia irizpide handia duena, tratuan gertukoa, enpatia duena, eta giza dohain asko dituena. Bera bezalako emakume bat lidergoan egotea ere benetan garrantzizkoa dela uste dut. Izandako esperientziatik planteatzen ditu gauzak. Berak bizitakoa hor dago, eta badakigu egin litekeela.

G Hitz egin dezagun zure esperientzia pertsonalaz. Gizonezkoen mundu batean bidea egin behar izan duzu.Zailtasun asko izan dituzu?
E Egia da zailtasun gehiago daudela. Nire azkeneko legegintzaldian, emakumezko gehienak ezkongabeak ziren edo banandurik zeuden, eta 0-1 zen seme-alaben batez bestekoa. Gizonak, aldiz, ezkonduak zeuden, eta 2-3 zen zeuzkaten haurren batez bestekoa. 

    Lanak ez ziren lehen hain bateragarriak. Orain, hasi gara ikusten izan litezkeela: politikoa, hautagaia izan zintezke, eta beste emakumeen antzera, zure bizitzako beste zenbait alderdirekin bateragarri izan. Emakumeek esfortzu handiagoa egin behar izaten dute politikaren aukera egitean, eta gizonek, aldiz, ez dute horrela egin behar izan. Eta orain hori konpontzen ari da. Zailtasunak baino gehiago, bateragarriak ez diren aukerak izan ditugula esango nuke.

G Zu egon zinen hiru legegintzaldietan antzeman zen aldea?
E Bai. Gizon asko eta emakume gutxi dauden lekuan antzematen da, baina emakume asko eta gizon gutxi daudenean ere bai. Ez dira biak aukera onak. Berdintasunean, gizonezkoak eta emakumezkoak dauden tokia da aukerarik onena, zalantzarik gabe.

G Zure ibilbidean,emakume izateagatik estimatu gabea sentitu zara?
E Ez, baina ziurrenik gizonek erantzun behar ez dituzten galdera asko erantzun behar izaten ditu emakumeak: Nola egingo duzu ministro izan eta zure familiaren zaintza egiteko? Zer pentsatzen du senarrak? Eta semealabek? Horrelako galderek tokiz kanpo uzten zaituzte. Politikari, ama eta emazte ona izango zarela justifikatu beharra sentitzen duzu. Gizonezko bati egingo zenioke galdera hori?

    Estereotipoak hor daude: gizonezkoaren irudia da politikariarena, janzkerari gehiago erreparatzen zaio emakume baten kasuan… Azkenean, esfortzu txiki gehiago egin beharra dauzkagu gure mezuak helarazteko. Hori da sentsazioa.

 MOTZEAN
G.- Non eta nola jaso zenuen ETAren azkeneko erabakiaren berri?
Madrilen nengoen bilera batean.Jende guztiak bezala, zoriontsu, gustura, emozioarekin, baina euskal herritar gehienok bezala bere neurrian ospatuz jaso dut. 

G.- Ez duzu politika nazionalaz publikoki hitz egiten.  Zergatik da hori?
Orain, NBEn lan eginez, nire independentzia, inpartzialtasuna mantentzeko betebeharra ere badaukat, bereziki iritzi publikoa ematerako orduan. Horregatik bakarrik, zuhurtziak inolako adierazpen politikorik ez egitera eramaten nau. Eta gero, herritar soil bat naiz, eta ez dut uste nik pentsatzen dudana jakiteak berebiziko garrantzirik duenik.     



Hiba Kasas ·
Arabiar estatuetarako arduraduna NBE-Emakumeak Sailean

«Parte hartze bilakatu behar da aktibismoa izan dena»

Herrialde arabiarretako iraultzetan gizonek nahiz emakumeek funtzio berak bete dituztela dio Kasasek, baina trantsizioetan genero berdintasunaren gaia «gerorako» utzi ohi dela uste du.


G.Udabe New York

Urte hasieratik NBE-Emakumeak Sailean herrialde arabiarrekin ari da lanean Hiba Kasas (Nabulus,Palestina, 1980). Aldaketa garaian emakumeen parte hartze eskubidea bermatzeak duen garrantziaz ondo jabetuta dago, eta hori lortzeko asmoz askoren bidelagun da. Horregatik, akaso, emakume askoren bizitzak aldatzen lagun dezakeela ikustea benetan sentipen atsegina dela dio.

G 2011 urte berezia izan da Udaberri Arabiarra dela eta.Nola sentitu zara iraultza horien guztien aurrean?
E Arabiar gisa, uste dut denbora luzean nire belaunaldiak ez duela aldaketarako aukerarik ikusi.Gaur egun, benetan indarra ematen digu jendetza handiak etorkizun hobe bat eskatzen ikusteak; askatasuna, justizia soziala, duintasuna aldarrikatzen ikusteak. Halaber, era baketsuan, kalean gertatzen zena ikusteak denok inspiratu gaitu; beste behin ere, herritar eta ekintzaile izatearen zentzua argi geratu da. Emakumeen parte hartzearen inguruan lanean ari denarentzat, iraultzok benetan garrantzitsuak, bereziak izan dira, emakumeak gizonekin kaleak hartzen ikusi ditugulako, zahar eta gazte, protesten eta erreformen lidergoetan.

G Zein izan da, zure ustez,emakumeen funtzioa iraultza hauetan?
E Oso funtzio garrantzitsua izan dute. Ekintzaile gisa kalean egon dira gizonekin. Mobilizazio eragile aritu dira, sare sozialak erabiliz iraultzak bultzatzen... Udaberri Arabiarrean gizonek eta emakumeek maila bereko funtzioa izan dute, eta eskaera berak izan dituzte: askatasuna, justizia eta duintasuna aldarrikatu dituzte. 

    Emakumea politikoki aktibo ikusi dugu, eta hori politikan parte hartzeko eskubidearen harira ulertu behar da. Zeren, normalean, iraultzetan emakumeek gizonek adina funtzio eta lan egiten dute, baina gero, erabakiak hartzean, politika egiten hasteko garaian, emakumeak atzean uzten dira, eta erabakiak hartzeko mahaietatik kanpo geratzen dira.

G Zein da,oro har, herrialde arabiarretako emakumeen egoera?
E Emakumeen eskubideez hitz egiten badugu, uste dut aurrerakuntza handiak egin direla azken urteetan, hezkuntzan edo herri mailako politikaren parte hartzean, esaterako. Baina, aldi berean, politika nazionaletan oso parte hartze txikia dute; langile mugimenduetan ere mundu mailako txikiena da haien esku hartzea. Zenbait esparrutan aldaketak izan badira ere, asko dago egiteko.

G Eta zein da gizonen jokabidea?
E Kultur erresistentzia handiko lurraldea da. Herrialde baten garapenean genero berdintasuna ez dela beharrezkoa pentsatzen duten gizonezko asko dago. Berdintasunaren arazoa politikoa da eta horregatik da gure lana garrantzizkoa. Tokiko gizarteak bultzatzea eta lidergoa hartzeak garrantzi handia duela uste dugu. Zalantzarik gabe, prozesu bat da, eta bere denbora behar du; ez da egun bakarrean lortzen den zerbait.

G Herrialde hauek demokrazia eta ekonomia nola garatu beharko lituzketen entzun dugu. Baina genero berdintasunaz ez dugu askorik entzun. Ez da lehentasuna,orduan?
E Halako herrialdeak demokraziarantz erreformak egiten ari direnean dagoen arriskurik handiena da, herrialdearen garapenaz hitz egitea, demokratizazioaz, erreformez, eta berdintasunaz eta halako eskubideez ez hitz egitea. Hasieran, trantsizioa nola egin da gehiago, nola lortu demokrazia; genero berdintasuna eta halakoak gerorako uzten dira. Hala ere, zenbait trantsizio gobernuri ulertarazi behar zaie gizarte osoa kontuan hartu behar dutela, berdintasun eskubidea bete behar dela.

G Nola ari zarete han lanean?
E Gizarte eragileekin eta genero berdintasunaren inguruan ari direnekin lotura estua dugu, bai eta gobernu eta bestelako erakundeekin ere. Iraultzen hasieratik egiten ari garena zera da: gizarte zibila eta bere eskubideak defendatu, elkarteak antolatzera bultzatu, helburuen agenda egiten lagundu, eta aktibismoa izan dena parte hartze bilaka dadin bultzatu.

G Aztertu ditzagun zenbait herrialde. Tunisian,zein da egoera?
E Tunisian hauteskundeak izan berri dira. Nahiz eta zerrendek ez duten hori erakutsi, esperantza handiak ditugu Berdintasun Legearekin. Aukeratu zituzten emakumeen portzentajea handia izan da, ospatzeko moduan daude. Hasieratik egon gara hori bultzatzen, baina orduan adina garrantzia du babesa ematen jarraitzeak eta aurrera urratsak egiteak.

G Egipto da hurrengoa.
E Zenbait egitasmo egin ditugu Egipton, esaterako, aholkularitza lanak herrietan. Hango emakumeek Egipto berrian ikusi nahi dutena eta lortu nahiko luketena egituratzen saiatu gara. Oso ariketa garrantzitsuak dira; zenbaitetan ikusten dugu ez daudela ongi antolatuta, ez direla beren eskaera eta ikuspegiak behar den tokietara iristen, eta ez daukatela ez legeetan ez eta konstituzioetan ere islarik. Kasu horietan, gobernuarengandik zer espero duten azalduz gutuna kaleratu zuten, eta 300dik gora parte hartzailerekin konferentzia egin genuen.

G Emakumeek botoa emateko duten eskubidea bermatzea ere oinarrizko eskubidea da.
E Bai noski. Barne Ministerioarekin eta gizarte erakundeekin, biekin ari gara lanean, nortasun agiririk ez daukaten emakumeak nola erregistratu aztertzeko eta emakume guztiek botoa emateko edo gizarte zerbitzuak erabiltzeko eskubidea izan dezaten.

G Eta Libiaz,zer esan?
E Zer nazio eraiki nahi duten eztabaidatzea eta erabakitzea mahai gainean dago gaur Libian. Aurrekoetan bezala, gauzak egiten saiatzen ari gara, baina aurrez gizarte zibila existitzen ez zela kontuan hartuta, laguntza eta babes handiagoa behar dute dena eraikitzeko eta beren funtzioa izateko. NBE-Emakumeak Sailetik babes osoa ematen ari gara.

G Oso momentu garrantzitsua da bizitzen ari garen hau?
E Bai, oso. Aukerak ikusi ditugu eskubideak defendatzeko, eta herrialde horiei trantsizioan laguntzeko. Orain arte aktibismoa izan dena parte hartze bilakatu behar da, eta nazioarteko komunitatearen laguntzarekin egin liteke.

G Bada adibidetzat jar litekeen herrialde jakinen bat,ereduren bat?
E Arabiar herrialdeetan hainbat aurrerakuntza egon dira, esaterako, Marokoko konstituzio berriak berdintasunaren arloan aurrerapauso handiak bildu ditu; Egiptok lege benetan onak ditu emakumeen alde, dibortzio eskubideari buruz; Palestinak hezkuntza maila oso altua du... Oro har, Golkoko zenbait herrialdetan ikusi dira hezkuntza mailako aldaketak, baina ez da gauza bera gertatu parte hartze politikoan. Ezin dut esan eredu bat eta ona dagoenik. Garapen moduren bat egon da herrialde bakoitzean. Baina sareak sortu behar dira, harremanak herrialdeen artean, eta bereziki emakumeen mugimenduen inguruan, eta besteengandik zer ikas dezaketen aztertu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario