Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas

2013/04/12

Joxan, beti hor

Larrepetit, 2013-04-13




          Irakurri egingo dizkiat hiri buruz esan direnak, Joxan: langilea, elegantea, gizon osoa, zintzoa, adoretsua, jantzia, konprometitua, eredua, irakurria, ikasia, kanpoan ibilia baina etxean hazia, abertzalea, euskaltzale porrokatua, ausarta, irribarretsua, adiskide inkondizionala, herriaz eta hizkuntzaz maitemindua, dotorea apaintasunean eta formatan… Konforme, alto, hemen utziko diat, ze honezkero, lotsatuta irudikatzen haut. Hala ere, Joxan, ez diat gezur bakar bat ere irakurri. Hi hori guztia haiz. Eta gehiago ere bai!

          Azaroan eman nian azkenekoa izan behar ez zukeen besarkada. Astebete luzea pasa huan, New York hire hirian, lehendabiziko eguna izango balitz bezalaxe gozatzen. Hemengo egonaldia arnasa hartzea izaten huan hiretzat. Barru-barruan gordeta zeuzkaat hirira azken hiru urteetan egin duan bidaia bakoitza. Zenbat solasaldi, kontu, gogoeta, asmo, barre eta adar jotze!

          Munduko edozein bazterretatik deitzen hidan maiz, «zer moduz doaz gauzak gazte» galdetzeko, «zer berri etxean?». Askotan neronek eskatu izan diat: «deituidak, Joxan». Berehala, telefonoaren txirrina. Hi, beti hor. Beharra izandakoan, beti hor egon haizen pertsona izan haiz. Sekula hutsik egin gabe. Eta beti baikor, animatzeko, bultzatzeko!

          Azkeneko aste luzeetan, telefonoak ez zidak hire izenik erakutsi. Bat-batean, mutu geratu duk. Ni ere bai, itzulerako txartelik erosi gabe, bidaia berri batean joan haizela jakitean.

          New York ez duk gauza bera izango hire bisitarik gabe. Eta gu ere ez, hi gabe. Atlantikoaren alde honetan hire ihesa nola sentitu den ez duk imajinatu ere egiten. Arrasto handia utzi duk!

          Egia aitortuko diat: film honen bukaera ez zaidak batere gustatu. Ez eta liburu honen kapitulu hau ere. Baina nahi izanda ere, desiratuta ere, ezin diat hori aldatu. Hik gure bihotzean geratzea aldatu ezin duan bezala! Betiko, hor hago! Thanks, man!

2013/03/20

Korrika

BERRIA, Larrepetit, 2013-03-16



          Behin denboraldi bat New York bezalako hiri batean pasatzean, bertako erritmoa sartzen da barruan, eta eraman egiten zaitu. Badira zerorren ibilera azkarraz konturatzen zaren egunak. Baina, normalean, kanpotik bisita egitera etortzen den norbaitek gogorarazten dizu, batere beharrik gabe ere, azkar ibiltzeko joera hartu duzula, edo pausaje bizian joan ohi zarela.

          Semaforoa, trafikoa edo aurrean duzun jende multzoaz gain, badago bat-batean erritmo hori hautsi eta gerarazten nauen zerbait: Manhattango etorbide handietan euskara entzuteak. Ez da eguneroko kontua, baina bi eskuekin kontatzeko adina aldiz gertatu izan zait. Munduko ehunka hizkuntza entzun litezkeen hirian, eta geu zenbat garen kontuan izanda, ez gabiltza proportzio batere txarretan.

          Nondik natorren, zer naizen eta zein den nire ama hizkuntza ehunka aldiz argitu behar izan diet hemen ezagutu ditudan askori. Eta nire hizkuntzan bizitzea, ikastea, lan egitea erabaki dudala, edo hori egiteko eskubidea dudala defendatzea ere tokatu zait. Dakizkidan hizkuntza guztiak buruan dauzkadala baina bihotzean bakarra sentitzen dudala kontatu izan diet. Batzuek ulertu naute. Beste batzuentzat, milioi askoko talde batean ez bazaude, ez zara existitzen eta denbora galtzen ari zara halako hizkuntza txiki batekin. Ze mozkeria, alajaina!

          Gaur, beste behin korrika ibiltzea egokituko zaigu. Central Parken, gainera. Eta oraingo honetan, euskara entzunda, ez naiz bat-batean geratuko. Euskara gaur Manhattango plazan ozen entzunaraztea izango da helburua. Eta geratzekotan, txalo zaparrada bat emateko izango da: presarik gabe, pazientzia handiz, Brooklyngo Euskal Etxean euskara ikasten ari diren ikasleei, noski. Horiena bai meritua, astebururo, batzuetan kilometro asko eginda, lezioa hartzera hutsik egin gabe joatea. Miresgarria. Eta irakasleei, noski. Aupa zuek!

2013/02/16

Upel bereko sagardoa

BERRIA, Larrepetit 2013-02-16



          Eguna bukatzera zihoanean, hitz solteak idazten hasi nintzen: amorrua. Mina. Gorrotoa. Atsekabea. Samina. Tristura. Injustizia. Inkomunikazioa. Tortura. Errugabea. Ezjakintasuna. Jakin-mina. Jakin nahia. Beharra. Erasoa. Inpotentzia. Ahultasuna. Negarra. Harridura. Ulertezintasuna. Eskubidea. Indarra. Elkartu. Bateratu. Lagundu. Gogortu. Erantzun. Sentitu.

          Telefonoaren hotsarekin, oraindik ilun zela hasi zen otsailaren 20. hura: Torrealdairen etxeko atea txikitu, eta basakeria erabatekoan, bera, emaztea eta umeak, sustoz, izu-kolpez esnaraziz, gaizkile arriskutsu haren bila Guardia Zibila asaltoan nola sartu eta eraman zuten kontatu zidaten. Atzetik jakin nituen gainontzeko atxilotuen antzeko istorioak.

          Hasierako beroan, zer, zergatik, zertarako, nolatan, zein arrazoigatik gertatzen ari zen hura ulertzeko zailtasunak izan nituen. Hoztasunean, eraikitakoa suntsitzeko, herri izaera eta sentimendu bat akabatzeko sortutako azpijoko hartaz jabetu nintzen. Euskaraz bizitzea, ikastea, lan egitea, irakurtzea, idaztea, sentitzea, euskaldun izatea erabaki dugun milaka lagun delitu egile bilakatu ginen.

          Gizarteak emandako erantzunak, elkartasunak, bat egiteak, prentsa askatasunaren eta giza eskubideen defentsa hark poztu egin ninduen. Zenbaitzuen erantzun epelek, amorrarazi. Egunkaria-ko langile zirenen indarra, lanerako gogoa, animoa, berrantolaketa, eredugarri egin zitzaizkidan. Jende askoren esfortzuarekin BERRIA hutsetik sortzen ikustea, sentitzea, beste behin ere, zoragarria.

          Berandu bada ere, absoluzioa eta sententzia gogor bat etorri dira Madrildik, eta torturen inguruko sententzia Estrasburgotik. Baina hamarkada bat lehenago diseinatutako operazioa ez dago hilik. Auzi ekonomikoa hor dago oraindik. Eta ez ahaztu: dena upel bereko sagardoa da. Lehendabiziko egunean adinako babesa sentitzen jarraitu dezatela!

2011/12/03

Ongi etorriak

Larrepetit, 2011-12-03



          New Yorken 700 hizkuntza inguru hitz egiten direla diote zenbait ikerketak. Batzuk, milioika askok hartzen dituzte ahotan. Beste batzuk, talde txikiagoek. Eta garifuna, zaghawa eta mamuju-a bezala galtzeko arriskuan daudenak ere badaude. Kalean zoazela belarria adi jartzea bezalakorik ez aberastasun honetaz jabetzeko.

          Manhattan erdi-erdian, 62 eta 65 kaleen artean, Columbus etorbideari begira daude Metropolitan opera eta Robertson Plaza ospetsuak. Justu hara sartzeko eskailera zabaletan zera irakur liteke: «Ongi Etorriak». Hainbat hizkuntzaren artean agertzen direnetako bat da euskara, baina irakurtzea tokatzen zaidan bakoitzean, «welcome» agertutakoan ez bezala mugitzen du zerbait nire barruan.

          700 horietatik bat da jatorria enigma europar bat den gure hizkuntza. Zenbait euskaldunon pasaerarekin batera, bizirik irautea bera misteriotzat jo duten euskara zaharra entzungarri eta hizpide da hiri honetako hainbat lekutan.

          Eta guztion osasunagatik, hala jarraituko ahal du! Mark Abley idazle eta poeta kanadarrak esaten duen moduan, biodibertsitatea ekosistemaren osasunerako beharrezkoa den bezala, hizkuntza dibertsitatea ezinbestekoa da gizateriaren kultur osasunerako.

          Hizkuntza bat galtzea bizitza ulertzeko eta interpretatzeko modu bat galtzea da. Eta gure herriko poetarena gogora ekarriz: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek hitz egiten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Arrazoi, Joxanton! Eta oraindik, lehengo lepotik burua! Baina, atrebentzia handiz, gaur, eta gaur bakarrik, hauxe gehituko diot zuk sortutakoari: eta ez dakitenek, aukerak izan arren, ikasi nahi ez dutelako baizik.

          Inoiz ez da berandu, ordea. Datozela euskararen eskailerak igotzera, eta argitxo modernoekin esango diegu, New Yorkeko Metropolitan operara sartzerakoan bezala: Ongi Etorriak.

2011/09/17

Gogoa

Larrepetit 2011-09-17



          Zazpi orduko hegaldiaren ostean, Barajasko aireportura iritsi nintzen. Eta han, berriro ere segurtasun neurri berriak pasa behar terminalez aldatzerako orduan. Nire aurrean, ilaran, Europa iparraldeko herrialderen bateko adineko bikote irribarretsu bat. Segurtasunaz arduratzen zen gizonezko «gogorik gabe» baten parera iritsi eta, «tarjetas de embarque» y «pasaportes» oihukatu zigun, zakar. Nire aurreko bikoteak, gazteleraz ulertu ez, eta irribarrea galdu gabe, ingelesez esaldi bera entzungo zuen zain geratu zen. «Que les he dicho que las tarjetas de embarque y pasaportes, si no no van a pasar», berriro, aurrekoan baino zakarrago. Bikotea, elkarri begira, lotsa puntuarekin, zer egin ez zekiela, ezin ulertu. «Tarjetas de embarque y pasaportes, joder», berriro. Neronek paperak galdu aurretik, ingelesera itzuli nien.

          Nola liteke, Barajas bezalako Nazioarteko aireportu batean, eta bereziki mundu guztiko jendearekin harreman zuzena izango duen langileak ingelesez tutik ere ez jakitea?

          Seguru nago, mediku, ertzain, irakasle, politikari, administrazioko langile, ogi saltzaile, zapatari, metroko langile eta farmazialari makina batek, Barajasen nik bizitakoaren aurrean, kasik sentipen antzekoa eta iritzi bera izango dutela.

          Baina konturatu ote dira, osasun etxera, komisariara, ikastetxera, parlamentura, okindegira, zapata dendara, metrora edo farmaziara joaten garen euskaldunak ere berdin sentitzen garela? Zakarkeria ere maila berean sentitu dezakegu. Eta kasu horretan, gogorik gabekoak argi dago zeintzuk diren. Ze hori da hizkuntza bat ikasteko errezetako osagai nagusiena: gogoa, nahi izatea.

          Mezu baikorra bukatzeko: probatu, bizi, sentitu, ulertu eta aberastu. Ziento bat aukera dauzkazu ikasteko. Eta ez da hain zaila. Benetan.