Mostrando entradas con la etiqueta Ekialde Hurbila. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Ekialde Hurbila. Mostrar todas las entradas

2011/08/03

Amr Al Azm, Ekialde Hurbileko historian aditua


(BERRIAN argitaratua  2011-07-17)


«Siriako erregimena gerra zibila piztu dadin ahaleginetan ari da»

Erregimenaren barnean zatiketa eragiteko gai izan dira protestak; Azmen ustea da hori, eta, bere hitzetan, sakabanatuta dagoen oposizioa elkarlanean aritzea da orain gakoa demokrazia lortzeko. 

Garikoitz Udabe New York

Beiruten (Libano) jaio bazen ere, Amr al Azm siriarra da bihotzez, aita hangoa baitzuen; ama, berriz, palestinarra. Ekialde Hurbileko historian eta arkeologian aditua izateak akaso zerikusia du jatorri horrekin. Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta Ohion bizi da egun,  heelersburgen. Shawnee State unibertsitateko bulegotik ari da. Siriara orain joango balitz «seguruenik» atxilotua eta tirokatua izango zela dio, baina, hala ere, etorkizunean herrialde hobe batera joango denaren esperantza badu.

Nolakoa izan da erregimenarekin bizimodua gaur arte Sirian?

Ekialde Hurbileko erregimen autoritario tipikoa izan da gurea ere. Tunisiakoaren antzekoa, bai debekuetan, bai dena kontrolpean izatean, hori hala izateko baliabideetan, politika mugimendu guztiak neutralizatzeko moduan… Dena kontrolatuz gero, gizartearen oreka lortzen da, eta oreka horrek inbertsioak ekarri ditu atzerritik. 70. hamarkadan militar eta merkatarien arteko elkarlana sustatu zuten, merkataritza eta militar ofizialen arteko ezkontza nolabait esateko, eta gaur arte iraun du. Batzuen pribilegioak besteen mesedetarako. Tratu ona alegia. Baina, poliki aldatzen joan da harremana, eta oraingo protestek eragin zuzena izan dute.

Zertan?

Protesta horiek hiru alde izan dituzte. Lehendabizikoa, erregimenaren barrura begirakoa. Oso zaila izan dute erregimenaren barruan zerbait egitea, baina gauza bat behintzat utzi dute agerian: herriari oreka ematerako orduan Bashar al Assaden familiaren gaitasun falta. Eta noski,  erregimenak ezin badu hori egin, ez dauka bizirik irauteko zentzurik. Al Assaden seriotasuna bera ere zalantzan jarri dute.

Bigarrena ekonomiaren atala da. Herrialdeari oreka emateko gaitasunik ezak ekonomia geldiarazi du eta arazo larriak sortu ditu. Zalantzarik gabe, mundu mailako krisiak eragina izan du, baina barruko egoera politikoak areagotu egin du. Horren ondorioz, kapital asko izan duen jendeari negozioak geratu zaizkio, ez dute lehen adina diru irabazten, eta, gainera, erregimenari eusteko dirua jartzen ari dira zenbaitzuk.

Eta hirugarrena, nazioarteko komunitatearen presioa da. Beharrezkoa da nazioarteko estatuen babesa, eta, arazoak badituzu, zigorrak jaso ditzakezu; hori ez da ona negoziotarako, ez da ona inorentzat… Eta, gogoratu: negozioek ez badute dirurik ematen, merkatariek ez dute ematen, eta militar ofizialek ere ez dute dirurik jasotzen. Horrengatik guztiagatik, erregimenaren eta bere ingurukoen eta gainontzeko guztien arteko tentsioa sumatzen da. Hausten ari da zegoen lotura.

Demokrazia gehiago nahikoa izango da,edo hori baino gehiago behar da?

Erregimenak ez du existitu behar; Bashar al Assadek alde egin behar du. Konstituzio berria behar dugu. Testu horrek gehiengoak gidatuko lituzke, baina gutxiengoen eskubideak babestu beharko lituzke ere. Hauteskunde demokratikoak behar ditugu, alderdi politikoak sortzeko eskubidea, botere legegile eta exekutiboen arteko banaketa…

Aldaketa horiek guztiak beharrezkoak ditu Siriak. Historia handiko herria gara, eta amets hori gauzatzeko gai den jende asko daukagu. Ez dut esaten erraza izango denik, baina posible da. Eta horrela bakarrik berreraiki dezakegu herrialdea, ekonomia berrindartu… Politikoki alde desberdinean daudenak ere, denak ari dira bide berean lan egiteko deia egiten. Eta denek defendatzen dute bide baketsuetatik lortutako aldaketa. Hori garrantzitsua da.

Etnia desberdinen arteko gatazkarik ba al dago?

Ez, oraingoz. Baina erregimenak benetan desiratzen du hori. Gerra nahi duen bakarra erregimena da. Eta horretarako, gizarte barruan gatazkak, hausturak sortu nahi ditu. Gehiengoen eta gutxiengoen arteko borrokak, erlijio desberdinen artekoak... Benetan desiratzen dute gerra sortzea, eta zenbait sektoretara armak bidali dituzte, nahiz eta inork oraindik eraso ez egin, badaezpada babestuta egon daitezen. Jende guztia, ordea, ezezkoa ematen ari zaie, ez dutelako gerrarik nahi. Bide baketsuetatik lortu nahi dira gauzak, eta mundu guztiak hori defendatzen du.

Eta nazioarteak?

Gauza bakarra eskatzen da: ez dadila atzerriko herrien esku hartzerik egon. Ez ditugu AEBen edo NATOren bonbak nahi. Nahi duguna zera da: herri gisa onartu gaitzatela eta zigortu dezatela erregimena. Benetan da delikatua erregimena osatzen duten sektoreen arteko erlazioa, eta oso kontuz ibili beharra dago.

Protestak modu baketsuan hasi baziren ere, 1.300 hildako baino gehiago izan dira.Gizateriaren aurkako krimentzat hartu beharko lirateke erregimenak  eragindako hildako horiek guztiak?

Bai horixe. Eta ez gara ari kalean tirokatu eta hil dituztenez bakarrik. Torturatu dituzten horietaz ere ari gara. 15.000 pertsona inguru daude kartzelan, egoera benetan larrian, bortizki torturatuak izan dira, asko hil egin dira. Berdin du gizonezkoa izan, emakumezkoa edo haurra. Eta ez naiz datuak puzten ari. Apirilean, AEBen Siriako enbaxadorearekin bazkaldu nuen, eta hark aitortu zidan erregimena haurrak torturatzen ari izana onartezina zela. Haurrak torturatu ondoren, zein da hurrengo pausoa?

Hitz egin dezagun oposizioaz.Nolakoa da oposizioa Sirian? Uste duzu denak batzea posible dela? Beharrezkoa da hori aldaketa lortzeko?

Hiru motatako oposizioa daukagu. Lehendabizikoak aktibistak dira. Hori da oposiziorik berriena, jende berria, egunero kalera ateratzen direnak, protesta egiten dutenak, tirokatuak izaten direnak, erailak asko. Bigarrena oposizio tradizionala da. Betiko alderdi politikoak ordezkatzen dituztenak, intelektualak... jende ezaguna da, eta oposizio tradizionala ordezkatzen dute. Eta gero, kanpotik egiten dena dago. Ni bezalakoek osatzen duguna eta egiten duguna. Oro har, batzuk eskuinekoak eta besteak ezkerrekoak izango dira, baina orain denak ados gaude zerbaitetan: erregimena bertan behera uzteko beharrean, demokrazia lortzean.

Eta ari dira antolatzen?

Bai, bakoitza bere aldetik ari da antolatzen, baina ez gara oraindik batu. Elkarlanaren hasieran gaude, zubiak eraikitzearen hasieran. Horixe da lortu beharreko gauzarik zailenetakoa, baina lortuko duguna. Punturik nagusienetan denak gaude ados, eta hori oso garrantzitsua da.

Zer gertatuko da datozen asteetan?

Oposizioak erregimena garaituko duen galdetzen badidazu, uste dut gertatuko dela, baina ez dut uste datozen asteetan emango denik. Denbora gehiago beharko da. Gerra zibila izateko arriskua ere hor dago, eta erregimena hori sortzeko ahaleginetan ari da. Besteak beste horixe da kalean protestan ari direnak tirokatzeak duen helburuetako bat. Gure aldetik dagoen guztia egin behar dugu gerta ez dadin.

2011/05/23

Ramin Jahanbegloo filosofoa


(Filosofo eta ekintzaile Iraniarra elkarrizketatzeko aukera izan berri dut. Benetan interesgarria Kanadan bizi den gizonarakin hitz egitea. BERRIAn argitaratu zen elkarrizketa 2011-05-21ean)
 



Ramin Jahanbegloo
Filosofoa eta giza ekintzailea

Israel herrialde arabiarretan gertatzen ari diren aldaketa guztiekin kezkatuta dagoela uste du filosofoak; hala ere, demokratizazioak bide egokian joanez gero bake negoziazioetan lagunduko duela dio.

«Ekialde Hurbil berri bat sortzeko aukera zabaltzen ari zaigu gaur egun»

Garikoitz Udabe New York

          Iranen iraultza prestatzen ari zela atxilotu eta lau hilabetez bakartuta eduki zuten Ramin Jahanbegloo (Teheran, 1956). 2006a zen, eta mundu osoko intelektual eta eragileen babesa jaso zuen filosofoak. Indarkeriarik gabeko bideak erabiltzearen aldeko apustu sendoa egin izan du beti, eta azken aldian gertatzen ari diren aldaketen ezaugarri garrantzitsuena hori dela dio. Torontoko Unibertsitateko Etikarako Zentroko bulegotik erantzun ditu galderak.

Zeintzuk dira iraultza hauen ezaugarri nagusiak?

Aginte autoritarioen kontrako eta eredu demokraten aldeko joera garbiak ikusi dira. Paradigma berrien aurrean gaude, demokrazia eta legeen estatuen aurrean. Baina ikusi dugun ezaugarri garrantzitsuena da ekintza hauek guztiak jendetsuak izan direla, indarkeriarik gabekoak, eta sare sozialak modu eraginkorrean erabiltzen jakin dutenak. Tresna berriak izan dira gizartearentzat.

Iranen 1979an izan zen iraultza islamikoarekin aldera al ditzakegu?

Ez. Iraultza hauek guztiek ez dute lider karismatikorik izan, han ez bezala; Iranen Khomeini aiatolak zuzendu zuen iraultza. Oraingoan, gainera, erlijioaren gaindiko iraultzak izan dira. Eta, azkenik, hauek belaunaldi gazteen iraultzak izan dira.

Demokrazia aldarrikatzetik haratago, mundu osoko krisiak eraginik izan al du?

Bai, noski. Langabeziarekin batera, arazo ekonomikoak dituelako atera da jendea kalera. Populazioaren %60 30 urtez azpikoa dela kontuan hartuta, teknologia berrien bidezko informazio trukea izugarria da, baina globalizazioak, aldi berean, herrialde hauetako gizarte zibilei  langabezia eta arazo ekonomikoak ekarri dizkie.

Indarkeriarik gabeko iraultzak izan direla diozu.Zer erakusten digu horrek, posible dela indarkeriarik gabe aldaketak eragitea?

Benetan sinesten dut bide ez bortxazkoak tresna garrantzitsu eta baliagarri bihurtu direla gizarte zibilarentzat. Orain arte ez zen horrela: indarkeria beharrezko elementutzat hartu izan da zenbait herrialdetan gauzak aldatzeko. Ezaugarri hau erabat aldatu da. Gazteek, intelektualek, gizarte eragileek osatu duten mugimenduak izan dira, eta aurretik inguru honetan izan diren ereduekin hautsi eta indarkeriarik gabe aldaketak eragitearen aldeko apustu egin da. Ideologiak baino indar handiagoa izan du gizarte zibilarentzat bortxarik gabeko borrokak. Eta uste dut hori dela demokrazia ezartzeko bidea.

Libia ez da orduan adibide egokia?

Ez, desberdina da. Arazorik nagusiena da ez dagoela gizarte zibil sendo bat. Eta armadak ezin izan du bete Egipton zeukan zeregina. Muammar Gaddafiren gobernuak ez dio bere gizarteari antolatzen utzi, eta ezta herrialdeko hainbat sektoretan parte hartzen utzi ere. Eta orain, gerra zibilean daude. Tunisian eta Egipton ez da hori gertatu. Sirian bertan ere gizartea ez da guda zibilean sartu aldaketak lortzerakoan.

Israel bakartuta gera daiteke estate arabiarren artean...

Israel kezkatuta dago inguru honetan gertatzen ari diren aldaketa hauekin guztiekin. Izan ere, negoziazio mahai berri bat osatu zaie, eta, gainera, kide berriekin. Egipton edo Sirian zer-nolako aldaketak izango direnari begira ari da, eta erregimen islamikoekin zer gertatuko den zain. Denbora luzez isilik egon badira ere, Shimon Peresek esana du nahiago dutela herrialde hauek demokratizatzea. Horren atzean Israelen segurtasuna dago, eta faktore hori kontuan izanda esaten dute hori. Sirian eta Egipton gertatuko dena gertutik jarraituko dute, eragin zuzena du-eta beraiengan, baina herrialdeen demokratizazioak bide egokian joanez gero, israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioetan lagunduko dutela benetan sinesten dut.

Hitz egin dezagun zure jaioterriaz. Irango presidentea nola ari da aldaketa horiek guztiak ulertzen?

Manifestazio hauek lortu dutena ikusterakoan, asko kezkatu da. Ekintza hauek gizarteko hainbat sektore, mugimendu berdea, berrindartu egin ditu, eta horrek kezkatu egiten ditu. Irango Gobernuak, gainera, arazoak izan ditzake; Siria demokratizatzen bada aliatu garrantzitsua gal dezake eta eragina galduko luke. Eta ez zaio erraza izango erregimen autoritarioari eustea.

Iranen demokrazia lortzeko aukerak ikusten dituzu orduan?

Gizarte zibila horretan ari da lanean, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Hainbatek giza eskubideak defendatzen jarraitzen dute, eta benetan sinesten dut gizarte mugimenduek etorkizuna dutela. Europako adibideak ere hor daude: Txekoslovakian eta Polonian gertatutakoa duela hamarkada batzuk. Iran berriaren hausnarketa da mugimendu berdea. Eta gobernuaren presio guztiaren aurka bere ezaugarriei eutsi behar die: indarkeriarik gabekoa izatea eta maila sozial guztietako jendea biltzea.

Irango hurrengo hauteskundeetan oposizioaren hautagaia izango zarela zabaldu izan da...

Ez naiz inoren hautagaia izango. Nire lanarekin jarraitu nahi dut, eta gizarte zibilean izaten diren mugimendu demokratikoak babesten eta laguntzen jarraituko dut. Ez nire jaioterrian bakarrik, baita beste herrialdetan ere. Uste dut gauzak ondo joanez gero Ekialde Hurbil berri bat sor dezakegula eta aukera hori ari zaigula zabaltzen gaur egun.

India eredutzat hartu izan duzu.Zergatik?

Ghandik independentzia lortzeko egin zuten bide baketsuarengatik. Eta sekularizazio eredurik egokiena izan litekeela uste dudalako, politika eta erlijioa banatzea ez litzatekeelako batere lagungarria izango Ekialde Hurbilean. Erlijioa eta espiritualtasuna bereizten baditut ere, sinesten dut espiritualtasunak izan dezakeela tokia politikan. Ekialde Hurbilak pertsona erlijioso askoko ingurua izaten jarraitzen du. Horregatik uste dut hango sekularizazio eredua dela egokia: erlijio guztiak ordezkatuta daude, elkarrekin bizi dira, eta ordezkari guztiek gizarte demokratiko bera eraikitzeko aukera berberak dituzte.